Hegoaldeko batez besteko pentsioa 1.215 eurokoa da, urtebetean %3,7 igota

Gizarte Segurantzaren azken datuen arabera, iazko abuztuan baino ia 9.000 pentsiodun gehiago daude aurtengoan Hego Euskal Herrian

Hegoaldeko batez besteko pentsioa 1.215 eurokoa da, urtebetean %3,7 igota.
Jon Fernandez.
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian ia 9.000 pentsiodun gehiago zeuden joan den abuztuaren 1ean iazko egun berean baino. Denera, Gizarte Segurantzak 696.565 pentsio ordaindu zituen Hegoaldean abuztu hasieran —ez du esan nahi horrenbeste pentsiodun daudenik zehatz-mehatz, pertsona batzuek bi pentsio kobratzen baitituzte aldi berean: alarguntzarena eta erretiroarena, esate baterako—, eta batez besteko hileko pentsioa 1.215 eurokoa zen. Hau da, batez besteko pentsioa aurtengo urte hasieran baino 10 euro handiagoa da jada, eta iazko abuztuan baino ia 44 euro handiagoa; hau da, urte hasieratik %0,8 igo da batez besteko pentsioa, eta iazko abuztutik aurtengora bitartean, %3,7.

Igoera horrek bi azalpen ditu: demografikoa eta ekonomikoa. Alde batetik, baby boom deitutako belaunaldia, 1958 eta 1977 bitartean jaiotakoa, erretiroa hartzen hasi da; bestetik, belaunaldi horrek aurrekoak baino soldata hobea izanda hartu du erretiroa, kotizazio maila handiagoarekin, pentsio handiagoak izateko eskubidearekin.

Horrek handitu egin du, era berean, pentsioen ordainketara bideratutako diru kopurua. Gizarte Segurantzak abuztuaren 1ean 846,3 milioi euro erabili zituen Hego Euskal Herriko pentsioak ordaintzeko, iazko abuztuan baino ia 41 milioi euro gehiago.

Bereziki azken urtean hasi da igartzen kotizazio handiko langileen erretiro gero eta ugariagoa. Gainera, 2018ko udan Espainiako Gobernuak pentsioak KPIaren arabera gaurkotu zituenez, batez besteko pentsioaren igoera %5,8koa izan zen 2018ko urtarriletik 2019kora bitartean; 2004tik ez da horrelako igoerarik izan.

Batez besteko pentsioaren igoera are deigarriagoa da mende hasieratik egindako bilakaerari erreparatuz gero: bikoiztu egin da 2000. urtetik, 574 eurotik 1.205era. Dena dela, kontuan izan behar da, kotizazioen igoeraz gain, azken hemeretzi urteetan KPIa %48,5 garestitu dela.

Nolanahi ere, batez besteko pentsioa goraka joateak ez du esan nahi egoera onuragarria denik pentsiodun guztientzat. Oraindik orain, dozenaka milaka batzuek hilean 1.080 eurotik beherako pentsioa jasotzen dute: 165.135 alargun pentsio daude, eta 852 eurokoa da batez bestekoa; zurtz pentsioa, berriz, 19.872 pertsonak jasotzen dute, eta 470 eurokoa da batez bestekoa. Erretiro pentsioa, berriz, 454.950 pertsonak dute, eta batez bestekoa 1.380,5 eurokoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.