Espainiako Gobernuaren administrazioak Hego Euskal Herrian dituen 40.000 funtzionarioak eta haien senideak osasun babes pribaturik gabe gelditu dira aseguru enpresa bakar bat ere ez delako aurkeztu zerbitzu hori emateko lehiaketa publikora. Muface mutualitateak kudeatzen du zerbitzu hori, eta gaur arte Asisa, DKV eta Adeslas aseguru etxeekin egiten zuen lan, eta hirurek uko egin diote lehiaketari. Horiek hala, kontratua berriz adjudikatu arte, langile horiek osasun publikora jo beharko dute ezinbestean.
Espainiako aseguru etxe handiek esana zuten ez zirela aurkeztuko hurrengo bi urteetarako lehiaketara, eta mehatxua bete dute. Haien iritziz, eskaintza ekonomikoa oso kaskarra da. Argudiatu dutenez, Espainiako Gobernuak eginiko eskaintza «ez da bideragarria», eta, dirua galtzeko bada, nahiago dute ez aurkeztu.
Espainiako Gobernuak aurreko kontratua %14 hobetu zuen lehenbizi eta %17,12 gero. Aseguru etxeek, baina, esan zuten ez zela nahikoa, eta publikoki adierazi zuten %40ko hobekuntza beharko litzakeela. Gobernuak bilera batera deitu ditu UGT eta CCOO sindikatuak, egoera azaltzeko —aurreko kontratua gaur iraungiko da—, eta dagoeneko jakinarazi die beste eskaintza bat prestatzen ari dela.