Hegoaldean lehen indar sindikala da ELA, eta Nafarroan indartzen ari da

Hego Euskal Herrian ordezkari gehien dituen sindikatua da ELA: 8.920 ditu. Bigarren indarrak halako bi ditu ia, CCOOk 4.919 ordezkari baititu.

VW Landabeneko hauteskunde sindikalak, joan den otsailean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 30a
13:03
Entzun

ELA Hego Euskal Herriko lehen indar sindikala da oraindik. Sindikatuaren Donostiako egoitzan egin duten prentsaurreko batean azaldu dituzte datuak Joseba Villarrealek eta Amaia Muñoak, sindikatuko hauteskunde sindikalen arduradunak eta idazkari nagusiaren albokoak, hurrenez hurren. 2023ko apirileko kontaketaren arabera, 8.920 ordezkari ditu guztira ELAk Hego Euskal Herrian: ordezkari guztien %36,1. Bigarrena, CCOO, alde handira dago, 4.913 ordezkari baititu (%19,9). Villarrealek adierazi du sindikatua «oso pozik» dagoela emaitzekin; izan ere, 2023ko apirilean iazko abenduan baino 103 ordezkari gehiago ditu ELAk.

Nafarroako emaitzak nabarmendu ditu Villarrealek. Izan ere, hirugarren indarra da ELA, baina bigarrenetik gero eta gertuago dago. UGT da lehen indarra, baina 2006ko abendutik beherakada izan du: orduan, ordezkarien ia %31 ziren Espainiako sindikatukoak, eta egun %24,6 dira. CCOO da bigarren indarra, %24,1ekin, eta ELAk %23,2 ditu. «Bigarren sindikatua izatetik gertuago gaude egunez egun, baita lehenengoa izatetik ere», adierazi du Villarrealek.

Muñoak dio ELAren gorakada egunero egiten duten lanagatik gertatu dela: «Jendeak zergatik ematen dio botoa ELAri? Iruditzen zaiolako tresna eraginkorrena izan daitekeela. Gure ahaleginaren parte handi bat jartzen dugu ELAren lana ez dadin izan bakarrik sektore sindikalizatu tradizionaletakoa, baizik eta baita beste hainbat sektore desberdin eta txikiagoetakoa ere».

Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egin du gora, baina Araban behera egin du —%37,4 abenduan, eta %36,8 apirilean—. Hala ere, bertan oraindik lehen indarra dela gogorarazi du Villarrealek. Federazioka, industrian eta eraikuntzan (%37,3), zerbitzuetan (%33,9) eta Gizalan-Zerbitzu Publikoetan (%39,6) gehiengoa du ELAk, eta gainontzekoekiko aldea handitu dutela nabarmendu du Villarrealek.

ELAren ordezkarien artean, gora egin du emakumeen presentziak, 2019tik 2023ra lau puntu gehiago baitira —ordezkarien %37 2019an, eta %41 aurten—. Muñoak dio igoera hori sektore feminizatuetan duten presentziari zor zaiola. Izan ere, Muñoak adierazi du ELAk garrantzi handia ematen diela enpresa eta sektore txikiei. Hala azaldu du Villarrealek: «Askotan hitz egiten da enpresa edo sektore handi eta ezagunez, baina ELAk enpresa txiki eta ertainetan dauka ordezkaritza handiena, eta hori uste dut azpimarragarria dela. ELA ez da soilik CAF edo Bellota, nahiz eta horiek ere garrantzitsuak diren».

LAB, gehien hazi dena

ELAk emandako datuen arabera, 2006tik hona LAB da Hego Euskal Herrian gehien hazi den sindikatua. 2006ko abenduan, ordezkarien %15,7 zituen sindikatu abertzaleak (4.005 ordezkari), eta %19,1eko kuota du orain (4.722). Nafarroan izan du hazkunde handiena, ordezkarien %12,3 baitzituen lehen, eta %17,3 orain. Laugarren indarra daNafarroan, halere: ELA baino ia sei puntu portzentual atzerago.

Lau sindikatu nagusietatik kanpo, Hego Euskal Herriko ordezkarien %10,5 beste sindikatu txikiago batzuetakoak edo independenteak dira. Hala ere, sindikatu horietako asko sektore jakin batzuetakoak dira, eta horietako batzuetan indar nagusia dira. Adibidez, Osakidetzan SATSE bigarren indarra da, ELAren atzetik, eta EAEko hezkuntzan, irakasleen artean Steilas da nagusi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.