DONOSTIA. Inflazioak ez du gora egin nahi. Bigarren hilabetez jarraian, urte arteko tasa %0,8an geratu da: mailarik txikiena 2018ko urtarrilaz geroztik. Joan den urtearen zati handi bat %2tik gora egin ondoren, berriro amildu zen azaro-abenduan, eta Europako Banku Zentralak egokitzat jotzen duen «%2tik gertu baina azpitik» maila horretara iritsi ezinik jarraitzen du. Euroguneko azken datua ere, uztailekoa, %1,1ekoa da.
Uztaila, ohikoa den moduan, prezioek behera egiten duten hilabetea izan da aurten ere. Arrazoia jantzi dendetan bilatu behar da: amaitu ziren merkealdi ofizialak, baina saltoki gehienek eskaintza bereziak egiten dituzte udan, aurretik saldu ez dituztenak saltzeko. Oinetakoak eta jantziak %14,1 merkatu dira uztailean Araban; %13,8 Bizkaian; %11,4 Nafarroan, eta %10,4 Gipuzkoan. Halaber, merkatu dira elikagaiak eta etxeetarako gailuak. Horrekin konpentsatu dute berriro ere garraioa garestitu izana, erregaien prezioak uztailean izan duen igoeraren ondorioz (%0,3 eta %0,5. artean).
Urte arteko tasan, garraioek sortu dute inflazio gehien (%2tik gora); etxebizitza, ura, gasa eta argindarra, ordea, merkatu egin dira.
Hegoaldean inflazioak %0,8an jarraitzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu