Hegoaldean 90 lan ikuskari gehiago izan daitezela eskatu du ELAk

Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren atarian, gogora ekarri du Euskal Herrian laurehun langiletik gora hiltzen direla urtero lanaren ondorioz. Enpresariak jo ditu egoeraren «erruduntzat» eta agintariak «arduraduntzat».

ELAk manifestazioa egin du Iruñean, Labrit pilotalekutik Nafarroako Parlamenturaino.
ELAk manifestazioa egin du Iruñean, Labrit pilotalekutik Nafarroako Parlamenturaino. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2024ko apirilaren 26a
14:35
Entzun

Urtea hasi denetik 21 langile hil dira lan istripuen ondorioz Euskal Herrian. Kopuru asaldagarria bada ere, ELAk gogora ekarri du ezkutuan, egunkarietako lerroburuetatik at, askoz ere langile gehiago hiltzen direla lanak eragindako gaixotasunen ondorioz: laurehundik gora. «Lanak hil egiten du. Ez da zori kontua, ez da zorte txarraren ondorio», nabarmendu du Peio Igeregi lan osasuneko arduradunak. Egiturazko egoera hori amaiarazteko, 90 lan ikuskari gehiago jartzea exijitu du.

Igandean izango da Lanaren Nazioarteko Eguna. ELAk Labrit pilotalekua bete du. Ekitaldia amaituta, ehunka afiliatuk manifestazioa egin dute Nafarroako Parlamenturaino, Ikuskaritzarik gabe langileok heriotzara kondenatuta lelopean. Kartelari heltzen zihoan Mitxel Lakuntza ELAko koordinatzaile nagusia.

Labriten egindako ekitaldian, Igeregik sindikatuko kideei eskatu die lantoki guztietan borroka egiteko lan osasunaren alde. «Lehentasuna eman behar diogu, eta prekaritateari aurre egin. Lan baldintza onak izanda, hiltzeko arrisku txikiagoa baitago», aldarrikatu du Igeregik. Haren esanetan, sindikatuko kideen egitekoa da «enpresaburuek larrutik ordaindu» dezatela langileek osasuna galtzea. «Enpresei garesti atera behar zaie lan osasuna galtzea».

2,6

Zenbat milioi langile hiltzen diren munduan. Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, 2,6 milioi langile hiltzen dira urtero lanaren ondorioz; horietatik bi heren, Asia Ekialdean. 

Lanaren Nazioarteko Erakundearen datu bat eman du Igeregik. Lanaren ondorioz hildako langileen %13 hiltzen direla lan istripuan. «Gehien-gehienak gaixotasun profesionalen ondorioz izaten dira, eta horiek ez ditugu ikusten». Euskal Herrian ere gertatzen dela nabarmendu du, eta egoera hori batik bat emakumeek eta migratzaileek jasaten dutela. «Emakumeak ez dira lan istripuen protagonista, baina, askotan, haien lana oso gogorra da. Adibidez, zaharren egoitzetan. Lan karga handia, behar beste langile gabe eta beharrezko laguntza mekanikoa izan gabe. Hori guztia emakumeen gorputzek pairatzen dute. Gaixotu egiten dira».

Berriki ELAren egoitzan egondako migratzaile baten kasu larria azaldu du. Zamalanetan ari zela, kamioi batek harrapatu zuen. Horrenbesterako ere ez zela esan, eta inork ez zuen larrialdietara jo nahi izan; azkenean, berak egin behar izan zuen. «Ia urtebete eman zuen ospitalean. Han zela, mutualitateak sendagiria eman zion, argudiatuta min zuelako itxurak egiten zituela. Langabezia sarirako eskubiderik gabe, enpresak kaleratu egin zuen. Medikuek esan diote nerbio sistema kaltetua duela eta etorkizuna gurpil aulkian emango duela». Sindikatuak ziurtatu du haren eskubideen alde borroka egingo duela. 

Prekaritatea arrazoi nagusi

Igeregik gogora ekarri du prekaritatea dela lan istripuen zergati nagusia. Osalanen arabera, istripuen erdiak kontratuaren indarraldiaren lehen bi hilabeteetan gertatzen dira, eta kontratuen %56k ez dute hilabete irauten. «Prekaritatea ez da zorte txar kontua. Ez da sistemaren albo kaltea. Egiturazkoa da; hautu politiko eta enpresarial bat da. Egoera honek arduradunak eta errudunak ditu. Errudunak enpresaburuak dira, eta arduradunak, gobernariak».

Horregatik, aurten azpimarra jarri dute ikuskari kopuruan. Igeregiren arabera, «ikuskaritzarik ez izateak argi uzten du enpresari eta gobernarien arteko konplizitatea», Orain, 75 lan ikuskari daude Hego Euskal Herrian: 21 Nafarroan, eta 54 EAEn. Europako batezbestekora iritsi ahal izateko, 175 ikuskari beharko lirateke; 90 gehiago, alegia. Igeregik deritzo egiteko modukoa dela. «Eskaera oso apala da, eta, kasu egingo baliote, erakutsiko lukete borondate politikoa dagoela. Zoritxarrez, azken hauteskundeetan ez da horri buruzko aipamenik egin». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.