Hego Euskal Herriko hamar langiletik lau sindikaturen batean afiliatuta daude edo hala egon dira noizbait lan bizitza osoan. LAB sindikatu barnean dagoen Ipar Hegoa fundazioaren Ikusmira azken txostenak bildutako datuetako bat da. Batezbesteko hori, esaterako, Espainiakoa eta Frantziakoa baino handiagoa da, eta horrek erakusten du sindikalismoa «osasuntsu» dagoela Hegoaldean. Hala ere, osasun horri eusteko lau erronkari aurre egin beharko diela iragarri du fundazioak: belaunaldi aldaketa, langile migratuen sindikalizazioa, estatalizazioaren zabalkundea, eta lantoki eta sektore berrietara gerturatzea.
Azken horretan ikusten du arazo handienetako bat fundazioak, egun hauteskunde sindikaletarako eskubidea duten langileen %41,7k —539.112 langile guztira— ez baitute hauteskunde sindikalik egiten lantokian . Alegia, ez dute inolako ordezkari sindikalen babesik.
Hauteskundeak egiteko eskubiderik ez dutenak, berriz, %12,7 dira. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak «patronalaren oztopoei eta jarrera erasokorrari» egotzi die hutsune hori, eta erakunde publikoen utzikeriari: «Udal gobernuen %40 ez osatzea onartuko al litzateke? Bada, hori gertatzen da lantokietan. Sindikatzea eskubidea da, eta erakunde publikoek ez dute ezer egiten hura bermatzeko».
«Erakunde publikoek gehiago egin beharko lukete langileen eskubide sindikalak bermatzeko. Udal gobernuen %40 osatuko ez balira, norbaitek ulertuko al luke?»
IGOR ARROYOLABeko koordinatzaile orokorra
Belaunaldi aldaketa da erronketako beste bat, aurki sindikaturiko langile askok hartuko dutelako erretiroa. 45 eta 64 urte arteko langileen artean %24 daude sindikatuta, eta %48,9 noizbait egon izan dira. Adinean behera egin hala, baina, murriztu egiten dira kopuru horiek: 30-44 urtekoen artean, %16,8 eta %23,8 dira, hurrenez hurren, eta 18-29 urtekoen artean: %8,1 eta %17,6.
Hego Euskal Herriko langileen %17,1 daude afiliatuta orain, eta %39,3 egon dira noizbait afiliatuta. Kopuruak handiagoak dira gizonezkoen artean (%27) emakumezkoen artean baino (%17,6).
Jaiolekuaren arabera, Araban jaiotakoek dute sindikalizazio tasa handiena, %22,1, eta Nafarroan jaiotakoek txikiena %15,9. Espainian jaiotako langileen artean %10,7koa da sindikalizazio tasa, eta Espainia ez diren atzerriko herrialdeetan jaiotakoen artean, %12koa.
Hego Euskal Herriko langileen %17,1 sindikaturen batean afiliatuta daude gaur egun, eta %39,3 noizbait afiliatuta egon dira beren ibilbide profesionalean
Datu horiei erreparatuta, langile migranteak sindikalismora gerturatzea da Ipar Hegoak nabarmendu dituen beste gakoetako bat. Egun Hego Euskal Herriko populazioaren %9 da Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo jaiotakoa, eta langileen %10. Hurrengo urteetan kopuru hori gehiago handituko dela uste du fundazioak, eta sindikatuek ateak ireki behar dizkietela. Arroyo: «Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile horiei harrera egitea eta pairatzen duten diskriminazioaren aurka aktiboki borrokatzea».
Estatalizazioaren «arriskua»
Estatalizazioaren zabalkundea arrisku gisa aipatu du Ipar Hegoak. Estatalizazioa aipatzean, eragin eremu gisa Espainia duten lan hitzarmenez ari da, eta Arroyok azaldu du haien baldintzak Hegoaldekoak baino okerragoak direla. Ipar Hegoak alarma piztu du, 2012ko egoerarekin alderatuz gero orain 51.482 langile gutxiago daudelako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erregistraturiko hitzarmenen babesean —404.952 guztira—, eta 44.641 gehiago Espainian erregistraturiko itunen babespean —170.301 guztira—.
Arroyok gogoratu du 2012ko krisiaren ondoren «erasoaldi legal» bat egon zela euskal hitzarmenen aurka, eta bi urtetan 150.000 langile Espainiako hitzarmenen menpe geratu zirela. Harrez geroztik, baina, kopuru hori handituz joan da, baina oraindik ez da 2012ko datuetara itzuli.
Arroyoren ustez, estatalizazioa babestea «apustu politiko» bat izan da, eta CCOO eta UGT sindikatuek ere begi onez ikusi dute. Halaber, Arroyok nabarmendu du kosta egiten dela EAEko eremuetako negoziazio mahaiak irekitzea, baina Hego Euskal Herriko lan hitzarmenen lehentasuna legez babestu izana aurrerapauso bat izango dela.