Hego Euskal Herriak %8,78ko langabezia tasarekin amaitu zuen 2021. urtea, eta pandemia aurreko datuetara itzuli da. INEren azken inkestan datu onak islatu ditu, azken hiruhilekoan 21.000 lanpostu sortu baitziren. Langabe kopuruari dagokionez, egun 119.900 dira guztira, iazko irail amaierako neurketan baino 19.000 gutxiago (137.400 ziren orduan). Lanpostu horietatik gehienak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortu ziren, eta batez ere zerbitzuen sektorean. Industrian, berriz, langile kopurua murriztu egin da tarte horretan.
Antzeko langabezia tasa aurkitzeko, 2019ko azken lau hiruhilekora jo behar da. Orduan %8,86koa zen, eta seigarren urtez jarraian egin zuen behera. Hortik aurrerako neurketa guztiak, baina, pandemiak baldintzatu ditu. Urtetik urterako alderaketa eginda, 2020ko amaieran langabezia tasa %10,3 zen, eta 138.500 langabe zeuden. Beraz, iaz 18.600 pertsona irten ziren langabeziatik; landunak, berriz, 46.400 gehiago dira. 1.198.500 ziren duela urtebete, eta 1.244.900 dira orain (+%3,8).
Esan bezala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bilakaera hobea izan da azken hiruhilekoan, eta gaur egun %8,4 da langabezia tasa. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Gipuzkoak egun duen %6,5eko tasa.Epe horretan, 18.700 kontratu berri sinatu dira hiru probintzietan (%2 gehiago), eta, urteko balantzea eginez gero, 36.900 landun gehiago dira. Langabe kopuruari dagokionez, 88.100 dira lan bila dabiltzanak, 2020ko urte amaieran baino 13.700 gutxiago.
Nafarroari erreparatuta, hobekuntza apalagoa izan da, eta %9,93 da langabezia tasa. 2020aren amaieran baino 5.000 langabe gutxiago daude —%11,6ko langabezia tasa zuen orduan—, eta 31.800 pertsona dabiltza lan bila. Langile kopuruari dagokionez, 287.900 dira, 2020. urtearen amaieran baino 9.500 gehiago, eta iazko irailean baino 2.700 gehiago. Dena den, kostatzen ari zaio 2019ko datuetara gerturatzea, orduan langabezia tasa %8,2ra ere jaitsi baitzen.
Datuetan murgiltzen hasita, deigarria da sexuaren araberako banaketa. Izan ere, emakumezkoen langabezia tasa (%8,7) gizonezkoena baino txikiagoa da (%9,5). Joera hori bereziki nabarmena da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, emakumezkoen tasa gizonezkoena baino puntu bat txikiagoa baita. Egoera hori azaltzeko, arrazoi bat baino gehiago egon daitezke: esaterako, gizonezko gehiago daudela orain lan egiteko prest. Baina azalpenik argigarrienetako bat lupa sektorekako banaketan jartzean azaleratzen da. Izan ere, zerbitzuen sektorean eta lehen sektorean sortu da lan gehien, hau da, emakumeek pisu handiagoa duten sektoreetan. Industrian, berriz, behera egin du okupazioak.
Azken hori da inkesta honen datu ilunetako bat: industriaren motelaldia. Irailean, 291.700 langilek ziharduten industrian Hego Euskal Herrian; urte amaieran, berriz, 277.600 ziren. Osagaien gabeziak eta argindarraren kostuak gogor eragin dute, eta, esaterako, automozio eta altzairugintzako hainbat lantegi oso gutxi ekoizten ari dira. Egoera horretan ez dute behar behin-behineko langilerik.
Behin-behinekotasun handia
Zerbitzuen sektorean, 29.000 langile kontratatu dituzte: 854.400 ziren lehen, eta 885.200 orain. Kontratazio horietako askok harremana izango dute Eguberriekin, eta hurrengo neurketara arte itxaron beharko da joerari eusten dion ala ez ikusteko. Deigarria da, halaber, lehen sektorean izandako gorakada, azken hiruhilekoan ia 5.000 langile hasi baitira sektorean 14.300etik 19.100era—. Dena den, aroen arabera asko aldatzen den sektore bat da, eta goizegi da ondorioak ateratzeko.
Sindikatuek datuen balorazio ezberdinak egin dituzte. ELAk, esaterako, nabarmendu du «lau gaztetik bat» lanik gabe dagoela eta behin-behinekotasuna handitu dela: «Azken hiruhilekoan 7.200 gehiago dira behin-behineko kontratua duten pertsonak; aldiz, 1.800 gutxiago dira kontratu mugagabea dutenak». Sindikatu abertzaleak gogoratu du Europako Batasuneko langabezia tasa %6,7 dela. EAEko CCOOk ere behin-behinekotasun tasa handia nabarmendu du, baina oro har datu onak direla iritzi dio: «Ikusi da zer garrantzitsuak diren lanpostuei eusteko neurriak. Erronka, orain, kalitatea hobetzea da».
Hego Euskal Herriko langabezia tasa pandemia aurreko datuetara itzuli da
%8,78ko tasarekin amaitu zuen iaz; 2019. urteko azken neurketakoa baino datu hobea da. Emakumezkoen tasa gizonezkoena baino ia puntu bat txikiagoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu