Egoera ekonomikoaren argi-ilunak Hego Euskal Herriko lan merkatura ere iritsi dira. INE Espainiako estatistika erakundearen biztanleria aktiboaren inkestaren arabera, 42.200 lanpostu galdu dira hirugarren hiruhilekoan. Aldiz, langabeen kopuruak behera egin du: 8.400 gutxiago daude. Datuok kontraesana irudi dezaketen arren, azken hilabeteetako joeraren erakusle dira. Pandemiatik, lan merkatua indartsu aritu da, eta, horren ondorioz, askoz jende gehiago dabil lan bila. Hirugarren hiruhilekoan, baina, horien kopuruak ere behera egin du: 50.600 gutxiago. Bestela esanda, eskulana gutxitu egin da.
Udako hiru hilabeteak txarrak izan ohi dira Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat, baina aurtengoa azken urteetako udarik kaskarrena izan da enplegu sorrerari dagokionez. Iaz, esaterako, ez zen enplegurik galdu, eta duela bi urte ia 25.000 lanpostu sortu ziren. Aurten, bigarren hiruhilekoaren konparatuta, sektore guztietan daude landun gutxiago. Baina bereziki batean: zerbitzuetan. 35.400 gutxiago zenbatu ditu INEk.
Udan hezkuntzari lotutako langile batzuk kaleratzen dituzte —garbitzaileak, jantokietako langileak, irakasle batzuk...–, eta, abuztu amaieran, udarako langileen kontratuak amaitu edo eteten dira. Baina galera hori ostalaritzako eta udari begirako beste kontratu batzuekin konpentsatu ohi da. Aurten ez da halakorik gertatu.
Sektore publikoa izan da lanpostuak sortu dituen bakarrenetarikoa: 5.900 gehiago, eta gaur egun langileen %18,9 dira.
Industrian ere lanpostuak galdu dira hirugarren hiruhilekoan: 5.600 zehazki. Hori ohikoagoa izaten da udan. Aldiz, eraikuntzan berrehun langile gehiago daudela dio INEren inkestak, eta lehen sektorean 1.600 gutxiago. Langile publikoen kopurua, berriz, handitu egin da: 5.900 gehiago daude, eta langile guztien %18,9 dira.
Udazkenean, datuak hobetu ohi dira; historikoki hala gertatu izan da —ohikoa izaten da udan hezkuntzan galdutako lanpostuak irailean eta urrian berreskuratzea—, baina beste sektore batzuetan ez dago horren argi, ziurgabetasuna ez baita erabat aldendu sektore batzuetan, industrian bereziki.
Oro har, Hego Euskal Herriko lan merkatua zerbitzu sektorearen oso menpekoa da: lau langiletik hiruk ia (%72,4) arlo horretan dihardute. Industria, urteak joan urteak etorri, indarra galtzen ari da, eta gaur egun lan merkatuaren %21,4 hartzen du. Edonola ere, kontuan hartu behar da zerbitzuetako askok industria hornitzen dutela eta, hortaz, industriaren menpe daudela. Eraikuntzan, berriz, langileen %4,9 ari dira, eta lehen sektorean, %1,9.
Langabezia tasa, behera
Uda honetan lan merkatuaren hazkundea eten bada ere, biztanle asko daude aktibo oraindik ere, eta inoiz baino langile gehiago daude lanean: biztanle aktiboen %92,4 hain zuzen ere. 2008ko krisialdi ekonomikora egin behar da atzera antzeko kopuruak topatzeko, baina orduan baino langabe gehiago daude orain. Zehazki, 2008an batez beste %6,6 izan zen langabezia tasa. Orain, %7,6, baina oso urrun 2013ko %16,9kotik. Hortaz, langabezia txikienetako bat da 2008az geroztik, iazko bigarren eta azken hiruhileetakoak salbu (%7,5 eta %7, hurrenez hurren). Hiru hamarren jaitsi da bigarren hiruhilekotik.
Lurraldeei erreparatuz gero, Arabak du langabezia tasarik handiena: %9,1ekoa. Aurreko hiruhilekoan baino 1.700 langabe gehiago zenbatu ditu INEk: 15.200 guztira. Iazko irail amaieran baino 600 gehiago dira. Bizkaian handitu da gehien langabeen kopurua: 5.800 gehiago, eta iaz baino 7.200 gehiago. Guztira 46.300 pertsona daude lanik gabe, inkestaren arabera. Herrialde horrek %8,1eko tasa du. Portzentualki Gipuzkoak du txikiena, %5,8, baina hirugarren hiruhilekoan 5.200 langabe gehiago zenbatu ditu, eta iazko irailean baino 4.400 gehiago. Guztira, 18.600. Nafarroan, berriz, 28.200 langabe zeuden irail amaieran, ekainean baino 3.100 gehiago, eta iazko irailaren pare. Langabezia tasa %7,7 da.
INEren bigarren hiruhilekoko datuetan badago lekuz kanpokoa dirudien datu bat. Gizonen artean asko jaitsi da langabeen kopurua, eta gizon gehiago daude lanik gabe emakumeak baino. Langabezia erregistratuaren datuek justu kontrakoa esaten dute, beti baitaude emakume gehiago lanik gabe. INEren inkestan, gizonen langabezia tasa %8,2 da: 59.600 daude guztira, aurreko hiruhilekoan baino 7.400 gutxiago. Emakumeen tasa %7 litzateke. 46.600 langabe, 1.000 gutxiago.
Kontratuen iraupenari dagokionez, bostetik bai ia aldi baterakoak dira: %19,1. Behin-behinekotasuna handiagoa da emakumeen artean (%24,3) gizonen (%14,1) artean baino.