Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata 1.134 eurora igoko da

Espainiako Gobernuak %5 handitu du, eta 75.000 langileri eragingo die. CCOOrekin eta UGTrekin adostu du eguneraketa, patronalaren babesik gabe.

ETXEKO LANGILEAK
Etxeko langile bat arropa hedatzen. DANI CARBALLO / EFE
jokin sagarzazu
2024ko urtarrilaren 12a
13:10
Entzun

Espainiako Gobernuak lanbide arteko gutxieneko soldata (SMI) %5 igotzea adostu du UGT eta CCOO sindikatuekin: hilean 54 euro gehiago, 1.134 euro gordin, hamalau ordainsaritan. Patronalek ez dute babestu akordioa. Igoera atzerako eraginez aplikatuko da, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta 75.000 langile ingururi eragingo die Hego Euskal Herrian, gehienak gazteak eta emakumeak.

Pedro Sanchez gobernura iritsi zenetik, urtero igo da SMIa, 398 euro guztira. 2018an, hilean 736 euroan zegoen. Igoerarik handiena 2019koa izan zen, %22,3koa. Orduan PSOEk bakarrik gobernatzen zuen. 2022an, SMIak 1.000 euroren muga gainditu zuen, eta iaz beste %8 igo zen, inflazio handiari aurre egiteko. Patronala behin bakarrik gehitu zaio akordioari, 2022koan. Hori izan zen Yolanda Diaz Lan ministroarekin adostutako lehen igoera —orduan Unidas Podemos alderdiko kide zen, eta orain, Sumarrekoa da—.

Azken asteetan negoziatzen aritu ostean, Lan Ministerioko ordezkariak sindikatuekin eta patronalekin bildu dira ostiral honetan, akordioa ixteko. Joaquin Perez Rey Estatuko Lan idazkariak eman du albistea, eta sindikatuekin ospatu du. Perez Reyk eskertu egin du patronalak negoziatzeko agertu duen prestasuna, baina salatu du malgutasunik ez duela agertu «kopuru alternatibo bat bilatzeko edo baldintzaren bati uko egiteko». 

Espainiako Gobernuak sindikatu eta enpresarien oniritzia nahi zuen SMIa igotzeko, nahiz eta horretara derrigortuta ez egon. Patronala prest zegoen SMIa %3 handitzeko eta beste %1 gehitzeko, inflazioaren bilakaeraren arabera. Argudiatu zuen hori zela sindikatuekin udaberrian adostu zuen igoera orokorra lan hitzarmenen mende dauden kontratuentzat. Baina trukean eskatu zuen SMIaren igoera indexatzea sektore publikoarekin enpresa pribatuek egiten dituzten kontratuetan —alegia, horien prezioak neurri berean igotzea—, eta estatuak hobari bat ematea lehen sektoreko lan kontratuetarako. Lan Ministerioak argudiatu zuen ez duela horretarako eskumenik, eta hori Ogasunari zegokiola. Ministerio horrek atea itxi zion aukera horri.

Lan Ministerioko buruek adierazi dutenez, SMIaren igoerak gainerako soldatak ere igotzera bultzatuko du, eta hori pentsioetan ere islatuko da, «askoz bidezkoagoak» bihurtuko baititu, eta pobrezia murrizten lagunduko du. «SMIa igotzea desberdintasun sozialen aurkako politikarik onena da. Langileen bizitza hobetuko dugu, batez ere emakume eta gazteena. Soldatak igotzeak ez du enplegua suntsitzen; herrialde hobea egiten gaitu», nabarmendu du X sare sozialean Yolanda Diaz Lan ministroak.

Diazen ministerioak Espainiako Kongresuaren babesa beharko du orain neurria aurrera ateratzeko, eta ez dirudi arazorik izango duenik horretarako. Asteazkenean, baina, kolpe gogorra jaso zuen, haren alderdikide ohiek langabezia subsidioaren igoera atzera bota zutenean. 

«Ez da nahikoa»

Hego Euskal Herrian SMI berriaren kopurutik gora daude soldata gehienak. 75.000 langile ingururi eragingo die oraingo igoerak, bereziki sektore prekarizatuenetan aritzen direnei, eta horien artean nagusiki emakume eta gazteei. Zehaztu behar da lanaldi osoan dauden langileei aplikatu beharreko gutxieneko ordaina dela, eta lanaldi partziala dutenei lanaldiaren iraupenaren arabera murrizten zaiela.

Europako Gutun Sozialak eskatzen du gutxieneko soldatak batez besteko soldataren %60 izan behar duela gutxienez. Azken igoerekin Espainian maila horretara heltzen dela azpimarratu du hango gobernuak, baina oso bestelakoa da egoera Hego Euskal Herrian, batez besteko soldata eta kontsumo produktuen prezioak Espainiakoak baino handiagoak dira eta.

Hala aitortu zuen Eusko Legebiltzarrak iazko martxoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan SMIak 1.400 eurokoa izan beharko lukeela jaso zuen EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestutako legez besteko proposamen batek. Testu horretan, Jaurlaritzari eskatu zioten «jarrera proaktiboa» izateko,  helburu hori erdiesteko beharrezko neurriak bultzatuz.

Antzera mintzatu dira ELA eta LAB sindikatuak. Atzo kaleratutako oharretan azpimarratu zuten gutxieneko soldataren igoerak ez diola erantzuten Hego Euskal Herriko errealitate sozial eta ekonomikoari. Bi sindikatuek Confebask eta CEN patronalei hainbatetan eskatu diete gutxieneko soldata handitzeko lanbide arteko akordio bat babesteko.

1.767

Ipar Euskal Herrian. SMIC gutxieneko soldata gordina aurten 1.767 eurokoa izango da eta 1.399 euro garbi, baina hamabi ordainsaritan —Hegoaldean hamalau dira—. Beti ere lanaldi oso baten truke. Frantziako Gobernuak SMICaren igoera inflazioarekin lotzen du automatikoki, baina ez osorik —gobernuak bere kabuz gehiago handitu dezake— . Aurten, %1,13 handituko da, 15,6 euro.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.