Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata gordina (SMI) 1.080 euroko hamalau ordainketakoa izango da aurten, 15.120 euro urtean. 1.000 euroan zegoen, eta Espainiako Gobernuak %8ko igoera zehaztu du, CCOO eta UGT sindikatuekin bildu ondoren. KPIaren igoera baino gehiagokoa da eguneratze hori, eta oso gertu dago adituek iradoki zuten gehienezko kopurutik. Hala ere, Ipar Euskal Herriko SMICa baino apalagoa da: 1.709 euroko hamabi ordainketa dira —1.465 euroko hamalau—.
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eman du datua, Senatuan eginiko agerraldi batean: %8. «Agerikoa da erosahalmena jaitsi egin dela eta erantzukizunaren parte bat politikarena da, baina bestea enpresa handiena. Ahobizarrik gabe esan behar da hori», argudiatu du. Yolanda Diaz Espainiako presidenteorde eta Lan ministroak bilera batera deitu ditu gaur CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiak, eta haren ondoren eman dute igoeraren berri. Goizetik, idazkari nagusiak Joaquin Perez Rey Espainiako Enplegu idazkariarekin bildu dira, baina ez dute akordiorik lortu. CEOE enpresarien elkarteko ordezkariek uko egin diote joateari.
Gobernuak sindikatu eta enpresarien oniritzia nahi zuen SMIa igotzeko, baina, teknikoki, ez du behar. Hala ere, igoera gertuago dago sindikatuek eskatzen zutenetik (1.100 euro), patronalen nahietatik baino (1.040 euro). Iazko abenduan, Gobernuak SMIaren igoerari buruzko txosten bat eskatu zion hainbat unibertsitate irakaslez eta abokatuz osaturiko aditu talde bati, eta haiek %4,6tik eta %8,2ra arteko igoera bat iradoki zioten.
CCOO sindikatuaren ikerketa baten arabera, SMIaren igoerak 74.500 langileri eragingo die Hego Euskal Herrian. Zehaztu behar da lanaldi osoan dauden langileei aplikatu beharreko gutxieneko ordaina dela, eta lanaldi partziala dutenei lanaldiaren iraupenaren arabera murrizten zaiela. Igoera honekin, kopurua handituko da, urteetan izozturik egon diren hainbat lan hitzarmenetako gutxieneko soldata hobetuko baitu.