Hego Euskal Herriko erakundeen zorra 201 milioi euro murriztu zen iaz

Soilik Eusko Jaurlaritzak handitu du zorra, baina ez nabarmen (+%1,7), eta BPGan duen pisua 0,5 puntu jaitsi da, %11raino. Nafarroarenak 1,5 puntu egin du behera, %10,3raino.

Jose Luis Arasti Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, aurrekontuen aurkezpenean, iazko urrian. IÑAKI PORTO / EFE
Jose Luis Arasti Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, aurrekontuen aurkezpenean, iazko urrian. IÑAKI PORTO / EFE
jokin sagarzazu
2025eko martxoaren 31
13:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Hego Euskal Herriko administrazioek zuhurtziaz jokatu zuten iaz, eta arnasa hartu zuten etor daitekeenari aurre egin ahal izateko. Zorraren zama arindu zuten iaz, eta, oro har, kontu orekatuak aurkeztu zituzten, Espainiako Bankuak astelehen honetan zabaldutako datuen arabera. 2024. urtearen amaieran 16.602 milioi euro zor zituzten Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta beren enpresa publikoek, urtebete lehenago baino 201 milioi euro gutxiago (-%1,2).

Hirugarren urtea da zorraren kopuru osoa txikitzen dutela, eta jada atzean utzi dute 2021eko marka, 17.374 milioi eurokoa. Orduan goia jo zuen Hego Euskal Herriko administrazioen zorrak, bereziki COVID-19aren ondorioei aurre egiteko hartu zituzten erabakiengatik. Ordutik behera egin du, nahiz eta Espainiako Gobernuak defizita handitzeko aukera eman dien. Iaztik baina, indarrean da berriz ere Egonkortasun Ituna, eta tentu handiagoz begiratu beharko dituzte kontuak.

Aurreko astean jakin ziren defizitaren datuak, eta Jaurlaritzak zenbaki gorritan amaitu zuen urtea, Nafarroako Gobernuak ez bezala. Bere kutxetan sartu zena baino 585 milioi euro gehiago gastatu zituen Gasteizko gobernuak. Defizit publikoa zorraren bitartez finantzatzen dute erakundeek, eta Jaurlaritzak zor hori handitu zuen iaz. 181 milioi euro gehiago (+%1,7): denera 10.842 milioi euroko zorra du.

BPGan pisu txikiagoa

Edonola ere, zorra barne produktu gordinean duen pisuaren arabera neurtzea da ohikoena, horrek ematen baitu argazki errealago bat. Alde horretatik, 2023. urteak lasaitua ekarri du, bost hamarren jaitsi baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zorrak BPGan duen pisua, %11,6raino. 2012. urteraino atzera egin behar da halako ehuneko txiki bat ikusteko. Urterik okerrena 2020a izan zen (%16,2ko pisua), pandemiaren ondorioz ekonomia hondoratu eta gastu publikoa handitu baitzen.

Jaurlaritzak bere zorrak EAEko ekonomian duen pisu apala argudio gisa erabili nahi du Espainiako Gobernuaren aurrean, datozen urteetan gehiago zorpetu ahal izateko baimena jasotzeko. Zehazki 1.000 milioi eurotan handitu nahi du hori, finantza erakunde pribatuekin abian jarri duen Euskal Finantzen Aliantzara bideratzeko, astelehen honetan Noel D’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak berretsi duenez.

Nafarroako Gobernuak, berriz, 2.745 milioi euro zor ditu. Iaz, Jaurlaritza baino zuhurrago aritu zen, eta beste koska bat gutxitu zuen, modu nabarmenean gainera: 206 milioi euro kendu zituen (-%7). Eta hori BPGan duen pisuan ere islatu da: 1,5 puntu jaitsi baita bere zorra, %10,3raino. Portzentaje txikiena da 2010. urtetik.

Bada diferentzia bat Gasteizko eta Iruñeko administrazioen artean. Jaurlaritzak bere zor bonuak erosi dituztenei zor die dirua batez ere —guztiaren bi heren, gutxi gorabehera—, eta gainerakoa, bankuei. Nafarroan, berriz, justu kontrakoa gertatzen da. Nolanahi ere, batek zein besteak luzera begirako zorra dute. Gainera, haien enpresa publikoena ere ez da handia: 54 milioi zor dituzte Nafarroakoek, eta 56 milioi beste hiru lurraldeetakoek.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, berriz, hozkada handia eman zieten beren zorrei iaz. Hiru erakundeen datuak batera ematen ditu Espainiako Bankuak, eta, haren arabera, 117 milioi euro gutxiago zor dute orain: 2.919 milioi euro guztira. Pandemia aurreko kopuruetara itzuli dira, baina oso urrun daude 2010etik atzerako kopuruetatik. Gaur egun zor dutenaren bi heren baino gehiago epe luzeko maileguak dira.

Udalek ere finantza erakundeak erabiltzen dituzte beren gastuak eta inbertsioak finantzatzeko. Espainiako Bankuak soilik 300.000tik gora biztanle dituzten udalen zorraren berri ematen du, eta Hego Euskal Herrian bakarra dago tamaina horretakoa: Bilbo. Ia ez du zorrik bankuekin: 36 milioi euro. Espainiako Bankuak osatutako hamahiru udalen zerrendan berak du zorrik txikiena. Konparazio baterako, Bartzelonarena 1.390 milioikoa da, eta Madrilena, 1.943 milioikoa.

%101,8

Espainia Espainiak 45.224 milioi euro handitu zuen zorra iaz, 1,621 bilioiraino. Inoizko kopururik handiena da hori. Hala ere, zor horrek BPGan duen pisua 3,3 puntu apaldu da, %101,8raino. Zor horren zatirik handiena administrazio zentralari dagokio (%93,6). Erkidegoen artean EAEkoa baino handiagoa Madrilek du soilik: %12ko pisua du bere BPGan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.