Ekonomia motelduta ere, urtebetean 25.000 lanpostu sortu dira Hego Euskal Herrian

Langabeen kopuruak ere behera egin du 2023an: 4.641 gutxiago zenbatu dituzte Lanbideren eta Lansareren bulegoetan. Hamar kontratutik zortzi zerbitzuen sektorean egin dira.

Gazteak Bizkaiko Campusean egindako Enplegu Foroan
Gazte talde bat Lanbideren postu batean, Bilbon eginiko enplegu feria batean. BERRIA
jokin sagarzazu
2024ko urtarrilaren 3a
10:20
Entzun

Inflazio handiak erabat baldintzatu du urte ekonomikoa eta hazkundea moteldu du. Horrek, baina, ez du eragotzi Hego Euskal Herriko lan merkatuak hobera egitea 2023an: Gizarte Segurantzan 24.653 langile gehiago daude afiliatuta. Konparazio baterako, iaz %1,7 inguruko hazkundea izan zuen Hegoaldeko ekonomiak. 2022an, %4,3koa izan zuen eta 18.356 lanpostu sortu ziren. 

Langabeziari dagokionez ere 4.641 langabe gutxiagorekin bukatu da urtea. SEPE Espainiako enplegu zerbitzuaren arabera, hilaren amaieran 137.767 pertsona zeuden langabe gisa erregistratuta Hego Euskal Herrian, eta langabezia tasa %9,89an kokatu da.

Lurraldeka, Araban bakarrik igo da langabezia 2022ko abendutik: 56 langabe gehiago daude (%0,29); Bizkaian, 2.057 langabe gutxiago daude (-% 3,30); Gipuzkoan, 1.018 gutxiago (-%3,46), eta Nafarroan, 1.622 gutxiago (-%5,13).

(ID_17042964390285) (/BERRIA)

Adinaren arabera, 25 urtetik beherako gazteen langabeziak gora egin du 2023an, 239 langabe gehiago baitira: guztira 11.288 gazte daude Lanbideren eta Lansareren bulegoetan erregistratuta. 25 urte edo gehiagokoen artean, 4.880 langabe gutxiago zenbatu dituzte.

Sektoreak: zerbitzuak nagusi

Abendua hilabete ona izan ohi da enpleguarentzat. Eguberrietara begira dendetan eta ostalaritzan egiten diren kontratazioen ondorioz, urtero jaitsi ohi da langabe kopurua, eta hala gertatu da aurten ere, azaroan baino 545 langabe gutxiago baitaude erregistratuta. 2022ko abendua baino hobea izan da, orduan lanpostuak galdu baitziren, baina beste urte batzuetan baino apalagoa izan da jaitsiera.

Urte osoan eta bereziki azken hilabeteetan, batez ere zerbitzuen sektorea aritu da lan merkatutik tiraka. Eta hala gertatu da abenduan ere: hil horretan egin diren hamar kontratutik zortzi (%80,13) sektore horretakoak izan dira. Lanpostu gehienak edo ia guztiak alor horretan sortu izanak eragin du zerbitzuetan 438 langabe gutxiago egotea. Industrian, berriz, handitu egin da langabe kopurua: azaroan baino 219 gehiago daude, eta gauza bera eraikuntzan: 87 langabe gehiago.

Afiliazio datuek joera bera erakusten dute: abenduan, 1.761 gutxiago daude industrian, eta 813 gutxiago eraikuntzan. Urteko bilakaerari erreparatuta, afiliatu berrien %82,49 zerbitzu sektorekoak dira, eta kopuruak %3,2 egin du gora 2023an. Industrian eta eraikuntzan, %1,8 baino ez da igo afiliatuen kopurua.

Emakumeak: lautik bat lanaldi partzialean

Langabe erregistratuen artean, emakumeak gehiago dira gizonak baino: 20.881 gehiago, hain zuzen ere. Langabe guztien %57,6 dira emakumeak, eta %42,4 gizonak. Urtebetean 2.512 andre gutxiago daude langabezian, baina proportzioak berdin jarraitzen du. Nagusiki zerbitzuen sektorean lan egiten dute emakumeek, eta lautik bat (%25,7) jardunaldi partzialean ari da; gizonen artean txikiagoa da portzentaje hori (%11).

Abenduan, enplegua aurkitu duten emakumeen kopurua gizonezkoena baino handiagoa izan da, hil horretan egin diren kontratuak nagusiki zerbitzuen sektoreak izan baitira. Azaroan baino 986 andre gutxiago daude langabezian, eta 441 gizon gehiago. 

Afiliazioak: markak hausten

Nagusiki, epe laburrekoak izan ohi dira Gabonetan sortzen diren enpleguak. Eta hala islatuko da Gizarte Segurantzako afiliazioetan ere. Azaroan inoizko gehien erregistratu ziren, eta abendukoa emaitzarik onenetan bigarrena da: 1.318.696 pertsona daude izena emanda, iaz baino 24.653 gehiago. Hala izanda ere, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopuruak behera egin du abenduan, 401 gutxiago, eta espero da urtarrilean eta otsailean ere behera egitea. Dena den, nekez jaitsiko da 1,3 milioi afiliaturen langatik.

Lan kontratuak: mugagabeak gora

Abenduan, 73.581 kontratu egin ziren Hego Euskal Herrian, aurreko urteko hil berean baino 6.663 gutxiago. Urte osoan, milioitik gora kontratu egin dira: 1.018.210. Aurreko urtean baino 165.117 gutxiago. Pandemiak gogorren jo zuen urtea kenduta (2020), azken hamar urteetan kontratu gutxien sinatu den urtea izan da.

Baina horrek badu azalpen bat. 2022ko lan erreformaz geroztik, nabarmen handitu da kontratu mugagabeen kopurua. 2021ean %8,65 izan ziren, eta iaz, %25,21. Gainera, ia lau puntu handitu dira mugagabeak 2022tik 2023ra: halako 13.450 lan kontratu gehiago egin dira. Hala ere, lau kontratutik bat (%78,76) aldi baterakoa da orain ere, eta halako 111.632 gehiago egin dira amaitu berri den urtean aurrekoan baino.

Langabezia saria: erdiak prestaziorik gabe

Lanik gabe daudenen erdiek baino gehiagok (%51,36) ez zuten prestaziorik jaso azaroan. Sari arrunta jaso zuen lautik batek (%28,1). Eta subisidioa %18,74k: 25.913 lagun dira, erdiak baino gehiago 50 urtetik gorakoak. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak langabezia sari hori aldatu berri du —langabezia saria amaitu edo behar adina kotizatu ez dutenek jasotzen dute subsidioa—. 570 eurora igoko dute, eta kolektibo gehiagok jaso ahalko dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.