Amaitu berri den urtea, oro har, ona izan da Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat, kopuruei erreparatuta behintzat. Guztira 16.151 lanpostu sortu dira, eta langabeen kopurua egonkor mantendu da: iazko abenduan baino 32 gutxiago zenbatu dituzte EAEko Lanbideren eta Nafarroako Lansareren enplegu zerbitzu publikoetako bulegoetan.
Guztira 137.735 pertsona daude izena emanda. Lurraldeka, Nafarroan eta Bizkaian gora egin du langabeen kopuruak: 367 gehiago daude Nafarroan, eta 309 gehiago Bizkaian. Araban 707 gutxiago daude, aldiz, eta Gipuzkoan bat gutxiago. Hego Euskal Herriko langabezia tasa %9,77koa da, enplegu bulego publikoetako datuak INE Espainiako estatistika erakundearen populazio aktiboaren datuarekin alderatuz gero.
Hilabeteen joanean gorabehera batzuk izan dira, baina ohikoak. Langabeen kopuruak ez du inoiz 142.000 pertsonaren langa gainditu, eta urte amaierakoa 2008. urtetik izandako zenbateko apalena da.
Urteko azken hilabetea garai aproposa izaten da enpleguarentzat, eguberriak bultzatuta zerbitzuen sektorean eta, bereziki, dendetan eta ostalaritzan sortzen diren lanpostuengatik. Azarotik abendura 342 langabe gutxiago zenbatu dituzte, eta horietatik ia guztiak (326) zerbitzuen sektoreko langileak ziren. Urte osoan ohikoa izan da hori. Industrian, ordea, handitu egin da langabeen kopurua, 312 gehiago, eta baita eraikuntzan ere, 53 gehiago.
Afiliazio markak hausten
Zerbitzuen sektoreak gero eta pisu handiagoa hartzen ari da Hego Euskal Herriko. Lan merkatuan, eta joera hori indartu egin da aurten. Sektore horretan zabalduago egon ohi da emakumeen presentzia, baina hori ez da zuzenean nabaritu langabeziaren datuetan. Urtea amaituta, lanik gabe dauden emakumeen kopuruak gora egin du: 79.682, guztizkoaren %57,9. Aurreko urtean baino 358 gehiago. Gizonen artean, aldiz, 390 gutxiago daude, 58.053 guztira.
Iaz, guztira, 1.033.916 lan kontratu sinatu ziren, aurreko urtean baino 15.706 gehiago (+%1,5). Aldi baterakoak izan dira gehienak, alde handiarekin gainera: hamarretik zortzi ia (%77,31). Espainiako Gobernuaren azkenengo lan erreformak zaildu egin zuen gisa horretako kontratuak egiteko bidea, eta nabarmen murriztu ziren hasieran. 2021ean, %91,1 izan ziren aldi baterakoak. Joera hori, baina, eten egin zen 2023ko udaberrian. Iaz hilabete guztietan pixka bat ugaritu egin ziren behin-behineko kontratuak, aurreko urteko datuekin alderatuta.
Azken urteetako beste joeretako bat afiliatu kopuruaren igoera da. Amaitu berri den urtean marka guztiak hautsi dira, eta, abenduan 672 galdu diren arren, inoizko urte amaierarik onena izan da. Guztira 1.334.847 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda, bigarren kopururik handiena iazko azarokoaren ostean. 2023. urteko abenduan baino 16.151 gehiago dira.
Lanpostu berri gehienak osasun eta gizarte zerbitzuetako jardueretan sortu ziren iaz, 3.662. Langile gehien biltzen dituen sektoreetako bat da, 152.522 afiliatuarekin, zerbitzu publikoen eraginaren ondorioz. Ondoren, jarduera zientifikoek eta teknikoek 2.021 afiliatu irabazi ditu, ostalaritzak 1.984 eta hezkuntzak 1.904. Industrian geldialdi bat nabaritu da azken hilabeteetan, baina hala ere, enplegua sortzen amaitu du urtean, 1.778 afiliatuarekin.
Gobernuek eta sindikatuek emaitzen argi-ilunak nabarmendu dituzte. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak afiliazio kopuru historikoei erreparatu diete, eta hazten jarraitzeko aukera dagoela adierazi dute. Sindikatuek, aldiz, uste du goia jo dela eta lan merkatuak erreformak behar dituela .
901Zenbat langile dauden aldi baterako erregulazioan. Hego Euskal Herrian 901 langilek amaitu dute urtea aldi baterako enplegu erregulazio batean. Lanaldi osokoa zen lau langiletik hirurentzat (%75,5), eta gizonak ziren gehienak, %73,5.