Hego Euskal Herrian 130 euro balio du logela batek, iaz baino %4,5 gehiago

Joan den hilean, turista bakoitzak 2,08 egun igaro zituen batez beste Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostatuetan. Gipuzkoan garestitu da gehien. Hotelek iaz beste bezero izan dituzte, halere.

Turista batzuk Donostian, Londres hotelaren aurrean, artxiboko argazki batean. JON URBE / FOKU
Turista batzuk Donostian, Londres hotelaren aurrean, artxiboko argazki batean. JON URBE / FOKU
aitor biain
2024ko abuztuaren 23a
14:47
Entzun

Bisitarien kopuruak apur bat behera egin duen heinean, ostatuetako prezioek zertxobait gora egin dute Hego Euskal Herrian aurtengo uztailean. Iazko epe berarekin alderatuta, nabarmen garestitu da bisitariek logela batean gau bat pasatzeagatik ordaindu beharreko prezioa. INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur argitaratu dituen datuen arabera, batez beste 129,8 euro balio du gau batek Hego Euskal Herriko hotel batean, iazko uztailean baino %4,5 gehiago.

Hazkunde hori bat dator kontsumo gaien garestitze orokorrarekin, inflazioak uztailean apur bat behera egin badu ere. Ez alferrik, uztaileko KPI kontsumo prezio indizea bera (%2,9) baino nabarmen gehiago garestitu dira ostatuetako prezioak. Gipuzkoan garestitu dira gehien: %5,92 igo da logela baten prezioa, iazko uztailarekin alderatuta. Araban %4,73, Bizkaian %4,26 eta Nafarroan %3,84 garestitu da gaua.

Prezioei dagokienez ere, aldea dago lurralde batetik bestera. Gipuzkoa da garestiena oraindik ere: 189,82 balio du gauak. Merkeena, aldiz, Araba da: 95 euro ordaindu da batez beste gau bat igarotzearen truke. Tartean daude Bizkaia (117,18 euro) eta Nafarroa (115,23 euro).

Iaz beste bisitari

Datuek ez dute gezurtatu ostatuetako arduradunen irudipena, aurtengo uztailean iaz baino turista gutxiago ibili baita Euskal Herrian. Jaitsiera, hala ere, oso apala izan da, eta oro har, esan daiteke aurtengo uztaila iazkoaren parekoa izan dela bisitari kopuruari dagokionez: ia milioi erdi turista izan dira Hegoaldean.

Oro har, Frantziatik eta Espainiatik etorri ohi dira bisitari gehienak Euskal Herrira. Halere, beste herrialde batzuetatik etorritakoen kopuruak bereziki gora egin du aurten, eta baliteke horrek gaualdien kopurua igo izana (+%1).

Gainera, turistek urtetik urtera apur bat gehixeago luzatzen dituzte egonaldiak. Joan den hilean, turista bakoitzak 2,08 egun igaro zituen batez beste Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostatuetan (+%0,1), eta 1,96 Nafarroakoetan (+0,08). Okupazioari dagokionez ere, datuak iazkoaren parekoak dira: %72,37koa (-%1,97) izan da EAEn, eta %52,87koa Nafarroan (+%0,89). Gipuzkoan nabaritu da jaitsiera hori, batez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.