I+G+B

Hego Euskal Herriak gora egin du Europako berrikuntza rankingean

Batasuneko 239 eskualdeen artean 72.a da EAE, eta 98.a Nafarroa. Tapiak azaldu du enpresa ertain eta txikiek egiten dituzten inbertsioak handitu behar direla, eta patente gutxi daudela.

Ospitaletako farmazia arlorako sortutako robot bat. ANDONI CANELLADA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko uztailaren 11
14:35
Entzun

Hego Euskal Herria Europako Batasuneko «goi berrikuntzako» eskualdeen artean sartu da. Bi urtean Euskal Autonomia Erkidegoak 21 postu igo ditu: Batasuneko 239 eskualdeen artean 72.a da. Nafarroa, berriz, 98.a, hamasei postu gorago. Hala dio Europako Batzordeak aste honetan argitaratutako sailkapenak. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituen Akitania Berria eskualdea 128. tokian dago, postu bat behera eginda.

Txostena bi urtean behin argitaratzen da, eta 21 adierazle neurtzen ditu. Besteak beste: inbertsioak, fakturazioa, jarduera berritzaileak eta ikerkuntza, eta hezkuntza. Europako eskualde berritzaileen zerrendan goian azaltzea garrantzi handikoa izaten da inbertsioak eta bereziki kanpoko inbertsioak erakartzeko orduan.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko sailburuaren arabera, «oso nabarmena» izan da azken bi urteotako hobekuntza. Berrikuntza indizea 109,8 da, Europako batezbestekoa baino 9,8 puntu gehiago, 101,8 Nafarroan, batezbestekoaren parekoa. Inbertsioek eragindako errendimenduek, berriz, %11,5 egin dute gora EAEn, eta %14,1 Nafarroan.

Tapiaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako I+G+Baren indargune nagusiak hauek dira: produktu berrien salmenten inpaktua, gazteen kualifikazio handia eta bizialdi osoko ikaskuntza prozesuetan daudenen ehuneko handia.

Bestalde, azaldu du enpresa ertain eta txikiek gehiago inbertitu behar dutela ikerketan eta berrikuntzan; jarduera jakin batzuetan, bereziki: diseinua, marketina, jabetza intelektualaren eta industrialaren kudeaketa, eta prestakuntza. Tapiak gogoratu du oraindik oso patente gutxi daudela erregistratuta.

Dena den, EAE arretagune garrantzitsutzat jo du, bereziki Espainiako Estatuaren barruan, lehen postuan baitago, Madril eta Kataluniaren gainetik. «Euskadi berrikuntza handiko eskualdea da, berrikuntza moderatuko kategoria duen estatu batean. Horregatik, Europako Batzordeak bikaintasunaren polotzat jo du». Sailburuak azpimarratu du ia estatu guztietan eskualde berritzaileena hiriburua izan ohi dela, eta gaineratu du EAEn egindako inbertsioak estatuko batezbestekoaren oso gainetik daudela (23 puntu gehiago).

Helburutik gertuago

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan I+G+B arloan egindako inbertsioak marka berria ezarriko du aurten, 1.895 milioi eurora iritsita, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak egindako kalkuluen arabera. 2021ean I+G+Ban egindako inbertsioa (Eustaten azken datuak) 1.646 milioi eurokoa izan zen, inoizko handiena, eta Innobasqueren arabera, 2022an 1.768 milioikoa izan zen —Eustatek urte amaieran jakinaraziko du datu ofiziala—. 2023an, % 7,2 gehiago izango da.

Ohi bezala, diru gehiena enpresek jarriko dute, enpresa handiek bereziki. %5,9 handitu dituzte alor horretarako inbertsioak 2023an, 1.049 milioiraino, eta erakunde publikoek (Europako Batasuna, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta aldundiak) %7,9, guztira 846 milioi. Eusko Jaurlaritzak %12 handitu du aurten I+Grako aurrekontua, eta horren zati handi bat Next Generation Funtsen bitartez gauzatu nahi du.

Gainerako inbertsio publikoa EBko zientzia programetatik (160 milioi euro, %13,5 gehiago), unibertsitateetako funtsetatik eta irabazi asmorik gabeko erakundeen dohaintzetatik etorriko da, beste 46 milioi euro gehituta, %6,5 gehiago.

Aurtengo maiatzean Eusko Legebiltzarrak adostu zuen «ahal dela» 2028rako barne produktu gordinaren %3 I+G+Ban inbertitzea. Egun %2,2 da, Europako Batasunaren batezbestekoaren pareko. 2007ko Lisboako Itunean estatu kide guztiek %3ra heltzeko helburua jarri zuten 2010. urterako; hori ezinezkoa izango zela ikusita, 2020ra atzeratu zuten; eta, orain, asmoa da 2030. urtean iristea ehuneko horretara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.