HEGAZTIEN GRIPEA

Hegaztien gripe izurri baterako prestatzeko eskatu du EBk

Turkian agertutakoa birus aldaera gaiztoena dela baieztatu du Europak, eta botikak pilatzen hasteko eskatu du

donostia
2005eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Europara iritsi da hegaztien gripea. Astean zehar Turkian hilda agertu diren 1.700 indioilarrak hegaztien gripeak jota hil zirela onartu zuen atzo Europako Batzordeak. Hildako hegaztiei egindako analisiek erakutsi dute, gainera, birusaren aldaerarik gaiztoenak H5N1 jota hil zirela guztiak. Errumaniako haztegi batean ere antzeman dute hegaztien gripea, eta lerro hauek idazteko unean, Turkian antzemandakoaren birus aldaera bera izan zitekekeela zabaldu zuen Epizootien Nazioarteko Erakundeak Osasunerako Mundu Erakundearen menpeko erakundea da. Hori dela eta, hegaztien gripe izurri baterako prestatzeko eskatu zien Europako Batzordeak atzo EBko kide diren herrialdeei.

Turkian antzeman duten birus aldaera Errusian, Mongolian eta Txinan agertutako bera da, eta, hala, gaitza hegazti migratzaileen bidez zabaltzen ari den hipotesiak indar handia hartu du. Turkiako birus aldaera horrek milaka hegazti eta gutxienez 61 pertsona hil ditu Asian, OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera. Bestalde, Errumanian, Danubioren bokaleko etxalde batean, gutxienez bi hegazti hil ditu gaitzak. Hegazti horiei egindako analisiek erakutsi dute birusak H5 estaldurako proteina bat duela, baina atzo oraindik ez zuten argitu proteina hori zein motatakoa zen. Europako Batzordeak esan zuen gaur jakinaraziko dituela emaitzak, baina Epizootien Nazioarteko Erakundeak atzo aurreratu zuenez, «arrisku handia» dago Errumaniako birus aldaera H5N1 izateko. Kezka nabarmena da. Europako Batasunak balizko izurrirako prestatu behar zuela esan zuen atzo Markos Kyprianou EBko Osasun arduradunak, eta botika antibiralak prestatzeko agindu zien EBko herrialde kideei. Era berean, gripearen kontrako txertoa ahalik eta gehien zabaltzeko ere eskatu zuen. Adinekoei, gaixoei eta bereziki arnasa hartzeko arazoak dituztenei gripe arruntaren kontrako txertoa hartzeko gomendatu zien, «artean ez dagoelako beste ezer egiterik». Izan ere, oraingoz ez dago gizakientzako hegaztien gripearen kontrako txertorik. «Ez dago botikarik, birusa ez delako sortu», argitu zuen atzo Kyprianouk atzo. Hegaztien gripearen H5N1 birusa mutatu egin behar da horretarako. Egungo birusaz kutsatzeko, kontaktu zuzenean egon behar da kutsatutako hegaztiekin, baina birusa mutatzen bada, pertsonatik pertsonara zabalduko da gaitza. Horrexen beldur dira, hain zuzen ere agintariak, hegaztien gripea mundu mailako izurri bihurtzeko arriskua ikusten dutelako. Eta kezkatzeko arrazoiak badaude itxuraz, OMEk iragarri baitu mutazio hori egun batetik bestera gerta daitekeela. Hori gertatzen bada, hegaztien gripeak 1918ko gripe izurriak besteko kaltea eragin dezakeela iragarri dute zenbait zientzialarik. 1918ko gripe izurriak 40 milioi lagundik gora hil zituen. OMEko zenbait adituk beheragotik jo dute, baina hala ere, esan dute pneumonia atipikoak baino askoz jende gehiago hil ditzakeela hegaztien gripeak, mutazio hori gertatzen bada. Pneumonia atipikoa 2003. urtean agertu zen Asian, eta gutxienez 700 lagun hil zituen. Era berean, 30.000 milioi dolarreko24.000 milioi euro inguru galera ekonomikoak eragin zituen Asian.

Urgentziazko bilera

Hala, hegaztien gripean adituek urgentziazko bilera egingo dute gaur Estrasburgon, gaitza Europan zehar zabaltzeko arriskua zenbatekoa den aztertzeko. Hegazti migratzaileak zelan zaindu eta ehiza debekatu edo ez aztertuko dute, besteak beste. Edozelan ere, Europako Batzordeak hartu ditu lehenengo badaezpadako neurri batzuk. Atzo, Errumaniatik hegazti biziak eta lumak inportatzea galarazi zuen, gaitza zabaltzea eragozteko. Turkiatik ere ezingo dira hegaztiak eta haien eratorriak inportatu, ez bada behintzat %70ean tratatutako okela. Momentuz, 2006ko apirilera arteko debekua izango da, baina datozen egunotan debekua luzatzea erabaki dezaketela aurreratu zuen atzo Europako Batzordeak. Zentzu horretan, baina, OMEk argi utzi du oilaskoak jatea ez dela osasunerako kaltegarria, birusa hil egiten delako okela egosi edo erretzean.

Bai Europako Batzordeak eta baita Osasunerako Mundu Erakundeak ere antzematen diren kasuen berri berehala emateko eskatu diete tokian tokiko agintariei. Bruselak, baina, ez du beharrezkoa ikusten etxeko hegazti guztiei txertoa jartzea, Asiako zenbait herrialdeetan egin duten moduan. «Zuhur jokatu behar dugu, baina ezin dugu abeltzainen artean izua zabaldu, ez da beharrezkoa», adierazi zuen atzo Europako Osasun agintariak.Estrasburgoren zain egon ordez, Europako zenbait herrialdek badaezpadako neurriak zorroztea erabaki dute, euren kabuz. Alemania eta Herbehereeak dira horietako bi. Herbehereetan hegaztiak larrean haztea debekatu du Gobernuak, hegazti migratzaileekin kutsa ez daitezen. Alemaniak, bestalde, kontrolak jarriko ditu gaurtik aurrera autobideetan, aireportuetan eta mugetako postuetan. Hegazti migratzaileek baino gehiago legez kanpoko hegazti salerosketak kezkatzen du Alemaniako Gobernuak.

TXERTOA



 

Botika eraginkor bat, eta bera patentatuta





Hegaztien gripearen kontrako lau botika daude merkatuan, baina OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, horietako batek bakarrik balioko luke balizko gripe izurri bati aurre egiteko: oseltamivirTamiflu izenez merkaturatzen da. Botika hori Suitzako Roche farmazia etxeak ekoizten du egun. Multinazional horrek, baina, uko egin dio patentea uzteari. Asiako herrialdeek eskatu zioten botika hori kopiatzeko baimena. Rochek esan du, baina, botika hori ekoiztea lan nekeza dela eta patentea utzita ere, beste enpresek denbora asko beharko luketela kopiatzeko, hiru urte gutxienez. «Badakigu premia handia dagoela, eta produkzioa handitu beharra dagoela, baina geuk egin nahi dugu. Ezin dugu hiru urte itxaron», esan zuen Rochek joan zen astean, prentsa agiri baten bitartez. Multinazional horrek 1,5 milioi tratamendu ekoitzi behar zituen aurten, baina arduradunek esan dute bikoiztu egingo dutela produkzioa. Horretarako, lantegi berri bat zabaldu dute, eta bi gehiago zabaltzea aztertzen ari dira. OMEk herrialde kaltetuei bizkarra eman eta multinazionalaren alde egin du. Izan ere, OMEk esan du ez duela Tamiflu botika kopiatzen lagunduko.

Izurritearen garapena





2003ko abendua: Hegaztiaren gripea agertu zen Hego Korean.

2004ko urtarrila: Infekzio kasuak baieztatu zituzten Taiwanen, Vietnamen, Indonesian eta Thailandian. Hiru pertsona hil zituen gaitzak Vietnamen.

2004ko martxoa: Gaitza desagerraraztea lortu zuela esan zuen Txinako Gobernuak.

2004ko iraila: Pertsona batek beste bat kutsatu zuela esan zuen Thailandiak. Kasu bakartua izan zela nabarmendu zuten.

2005eko abuztua: H51N birusa Siberiako (Errusia) Novosibirsk eskualdera heldu zen.

2005eko urria: Birusaren H5N1 birus aldaera agertu zen Turkian, eta hegaztiak hil ziren Errumanian, gaitzak jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.