HEGAZTIAK ZIZTATZEKO MODU BILA

Osasun larrialdiekin aski ez, eta hegaztiak ere gaixotu dira berriz. Inoiz gutxitan izan da halakorik Europan: hegazti gripea eskortaz eskorta ibili da, eta aurretik ikusi gabeko kutsatze kopuruak izan dira. Hilabeterik gogorrenak igaro dira; orain, etor daitekeenerako prestatu nahi dute.

Kriaxera arrazako ahateak Couvoir de la Bidouze etxaldean, Bidaxunen. BOB EDME / IPARLA.
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Ez da arazo berria hegazti gripearena: duela bospasei urte izan zen azkenaldiko lehen agerraldi esanguratsua Europan. Gehienbat, Frantzia mendebaldean eta Ipar Euskal Herrian hedatu zen gaitza —orduko 1.200 agerraldietatik ia erdiak eremu horretan atzeman zituzten—. Gaitzak iaz hautsi zuen 2016-2017ko marka, baina goia jo du aurten. Egoera epidemiologikoa nabarmen aldatu da, eta alarmak piztu ditu.

Iazko urritik martxo erdialdera arte, 1.400 agerraldi zenbatu dituzte hegazti haztegietan EFSA Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak eta ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak. Gehienak Frantzian atzeman dituzte (609); atzetik daude Italia (315), Hungaria (113) eta Polonia (91).

Indarrean dagoen legediari jarraituz, gaitzak jo dituen haztegietako hegazti guztiak hil dituzte: urritik martxora arte, 31 milioi. Ikusteko dago orain arte gaitzak zer bilakaera eta eragin izan duen. Herrialdekako datuen arabera, 16 milioi hegazti hil dituzte gutxienez Frantzian joan den azarotik; 18 milioi Italian, urtarriletik hona.

Europako Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Kontseilua bat etorri zen joan den maiatzaren amaieran: delegazioek iritzi zuten «ekintza kolektiboa» beharrezkoa zela influentzaren aurka. Europako herrialdeek irtenbidea bilatzeari ekin diote aurtengoa ez dadin berriz gertatu. Hizpidera ekarri dituzten aukeretako bat da txertaketarena.

Marta Barral Neiker zentroko Animalien Osasunerako Departamentuko ikertzailea da, eta, haren arabera, betidanik aplikatu diren osasun neurriak eraginkorrak izan dira oraintsu arte: biosegurtasuna bermatzea, behaketa, eskortako hegaztiak eta basatiak bereiztea, eta, azkenik, animaliak hiltzea.

Neurriok arrakasta izan dute kutsatze puntualak izan direnean. Haztegi ugari dituzten eskualdeek eta produkzio industrialeko eskortek, ordea, ez dute zorte bera izan. Hezeguneak gertu izateak ere arriskua dakar, inguru horietako hegazti migratzaileak gaitzaren gordailu naturalak baitira.

Hala, balantzaren bestaldean daude gaitza endemikoa bihurtu den eskualdeak. Horietan, «neurriek ez dute funtzionatu» guztiz, eta «txertaketa zentzuzkoa litzateke», Barralen ustez. Halere, ez da inolaz ere aldebakarreko alternatiba: «Hazleak ezin dira ahaztu gainontzeko prebentzio neurriez. Horiei gehitu beharreko neurri bat da txertaketa», gaineratu du ikerlariak.

Egoera perfektu batean, txertatuta leudeken hegaztiek ez lukete garatuko gripea, ez lirateke kutsatzeko gai izango. Halere, txertaketak ez du ziurtatzen eskortako animalia guztien immunizazioa. «Gaitza atzemanda, jarraipen egoki bat egin eta okerrera ez badoa, baliteke txertatutako hegaztiak hil behar ez izatea. Beste batzuetan, ordea, bai, baliteke premiazkoa izatea. Ez da zuria edo beltza».

Txertoaren eragina

Txertaketaz gain betiko neurriak ere aplikatuko balira, Barralek dio «egokiena» litzatekeela infekzio gehiago ez izatea, edo hain gutxi izatea non jada ez baitira hil behar haztegi edo gune batzuetako hegazti guztiak.

Hegazti gripearen aurkako txertoaren eraginkortasuna hainbat faktoreren menpe dago. «Ez dago influentza azpimota guztientzat guztiz eraginkorra den txertorik». Aldaeraren edo hegazti espeziearen arabera «apur bat desberdina» izan daiteke txertatutakoen erantzun immunologikoa. Horregatik, Barralentzat garrantzitsua da zirkulazioan dauden birusen monitorizazioa egitea, datorren aldian zer zabaldu daitekeen aurreikusteko. Hein handi batean, prest egoteko eta birusari aurrea hartzeko.

Dena dela, hegazti gripearen txerto komertzialak jada badira. «Aztertzen ari direna da oraingo baldintzetan, oraingo aldaerarekin zer efikazia duten», gehitu du Barralek. «Ez dut esango erraza denik, baina laborategiek ezagutzen dute gaitza, eta aise egin diezazkiokete aldaketak txertoari. Ez da hutsetik egin beharreko zerbait».

Europako Batasuneko Kontseiluak ziztadak onartu bitartean, Frantzia, Italia eta Herbehereak hasiak dira jada etxeko lanekin, txertoen eraginkortasuna frogatzearren. Lehena ahateekin ari da esperimentatzen, bi txertorekin; beste biak, oiloekin eta indioilarrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.