Europako Batasuna. Muga zergak

Hegazkingintzak eragindako gerra komertziala bukatu dute AEBek eta EBk

'Airbus-Boeing' auziak bultzatutako muga zerga guztiak bertan behera geratu dira bost urtez. Washingtonek aliatu bat nahi du Txinaren gorakada teknologikoaren aurrean

Ursula von der Leyen eta Joe Biden, atzo, Bruselan, akordioa iragarri eta gero. OLIVIER HOSLET / EFE.
xabier martin
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Joe Bidenek bost urtez lurperatu du Europarekin hegazkingintzan duen auzia, Txinaren gorakadaren aurkako aliatu baten truke. Modu azkarrean horrela laburtu daiteke Europako Batasunak eta AEBek Airbus-Boeingen auzian egindako ituna. «AEBak itzuli dira», esan zuen Etxe Zuriko maizter berriak Bruselara iristean, aurrekoari (Donald Trump) erreferentzia eginez. Esan daiteke Bidenek kargua hartu zuenean Europako Batzordeak plazaratutako esperantzak bazuela oinarria, itzuli delako aldeaniztasunaren politika, betiere Txinaren fronteak duen pisuari esker.

Horiek horrela, uztailaren 11n hasita, bertan behera geratuko dira elkarri ezarritako muga zerga guztiak, Airbus-Boeingen auziaren harira. Bost urteko bide orria adostu dute Washingtonek eta Bruselak, eta hegazkin konpainiek «bidezko lehia batean» aritzeko konpromisoa hartu dute: alegia, beren konpainiak estatu laguntzekin gihartu gabe. Gainera, adostu dute beren aeronautika zibilak hirugarren eragileetatik babestuko dituztela, Txina gogoan.

Hegazkinen sektoreak 500.000 enplegu zuzen ematen ditu AEBetan eta Europako Batasunean, eta zeharka, beste 700.000. Airbus eta Boeing munduko konpainia handienen arteko auziak 11.500 milioi euroko balioa duten muga zergak eragin ditu, eta kalte egin die Ozeano Atlantikoaren alde bietako hainbat produkturen esportazioei: esaterako, ardoarenari, olioarenari, makineriarenari, motorrenari, edari alkoholdunenari eta hegazkingintzaren produktuenari. Arabako Errioxako ardoa eta Getariako Txakolina bera tarifa bereziekin zigortu dituzte Airbus-Boeingen auzia dela eta. Aurrerantzean, AEBetara egiten dituzten esportazioek ohiko zergak izango dituzte atzera.

Auzi komertzialik luzeena

Atzo lortutako itunak soluzioa eman dio MME Munduko Merkataritza Erakundearen barruan garatu den auzi komertzialik luzeenari. Bost urterako iraungo du behintzat, betiere potentzia biek sortu duten lantaldeak erabakitzen ez badu bietako batek akordioaren arauak urratu dituela, Airbus edo Boeing modu okerrean lagunduta, adibidez, edo konpainien kontuak gardentasun nahikorik gabe azaltzeagatik.

Ituna AEBek eta EBk egin duten arren, beste herrialde bat oso presente egon zen atzoko goi bileran: Txina. Joe Bidenek Txina izan du hizpide behin eta berriro Ingalaterran egindako G7aren gailurrean, baita Bruselan bertan ere, haren politika komertzialaz ohartarazteko. «Hazten ari den erasoaldi baten aurrean gaude», esan zuen, argi utzita Europa aliatu gisa nahi duela Txinarekin duen fronte handian.

Bidenek atzean utzi ditu hegazkingintzaren gerrak eragindako tarifa bereziak, aliantza sendoago baten truke, baina altzairuarenak eta aluminioarenak bere horretan utzi ditu. Trumpen herentzia hori ez du ukitu, eta Europako altzairuen esportazioek bereziki zergapeturik jarraituko dute AEBetan.

Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak ez zuen ahaztu auzi hori hor dagoela oraindik. «Lagun», «aliatu», «kooperazio espiritu» eta antzeko hitzekin batera, presidenteak esan zuen espero zuela altzairuaren muga zergen auzia «lehenbailehen» konpontzea. «Elkarrizketa onak izaten ari gara arazo hori gainetik kentzeko», azaldu zuen, Bidenekin elkartu ondorengo agerraldian.

Beraz, altzairuaren auziaren soluzioak beharko luke Europako Batasunak Bidenen administrazioarekin abiatutako aro berriko hurrengo mugarria. Trukean, hegazkingintzaren ituna errespetatzearekin batera, europarrek laguntza gehiago eman beharko dute Txinaren gorakada ekonomiko-teknologikoa orekatzeko; ikusteko dago nola eta zein alorretan, baina ez da zaila iragartzea teknologia berrien esparruan ahalegin bat egin beharko dutela, ikusita Pekin zer-nolako nagusitasuna hartzen ari den 5G teknologian eta beste esparru batzuetan.

Munduko ekonomia finkatu

Edonola ere, Etxe Zuriak garrantzi handia eman dio EBrekin lortutako akordioari, eta Bidenen administrazioak esan du mugarri bat dela munduko merkataritza harremanak finkatuko dituen geroa marrazteko: «AEBek eta Europak munduko ekonomiaren oinarriak ezarri zituzten II. Mundu Gerraren ondoren. Orain, gauza bera egin behar dute, batez ere gorabidean dauden teknologiei dagokienez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.