Hegan egitea, gero eta garestiagoa

Txartelaren batez besteko prezioa 2019an baino «dezente garestiagoa» da orain, bidaiatzeko gogoaren, erregaiaren garestitzearen eta hegazkinen fabrikazio atzerapenen ondorioz. Halere, inoizko aireko bidaiari gehien izango dira aurten: 4.700 milioi.

Bikote bat Loiuko aireportuko iritsiera-panela begiratzen. LUIS TEJIDO / EFE
Bikote bat Loiuko aireportuko iritsiera panela begiratzen. LUIS TEJIDO / EFE
pettan uralde
2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

Aireko Garraioaren Nazioarteko Elkarteak 2024rako bidaiarien errekor absolutua iragarri du: 4.700 milioi bidaiari aireratuko dira aurten mundu osoan. Aurreko marka 2019koa zen, 4.500 milioi hegaldirena. Hegazkin gehiago dauden arren eta hegazkinen eserleku kopurua ere handitu den arren, logikoa litzateke bidaia txartelen prezioa gutxitzea, baina ez da halakorik gertatzen ari. Azken asteetan erregaiak garestitu dira, eta igoerak bete-betean eragin die hegaldien prezioei. Hori orain, eta aurrera begira, zer? Adituak bat datoz: hegan egitea gero eta garestiagoa izango da.

Azken urteotan, hegazkin txartelen prezioaren ezaugarri nagusia aldakortasuna izan da. David Hernandez Bilboko Pangea bidaia agentziako aholkulariak azaldu duenez, hegazkin bidaien garestitzearen atzean «hiru faktore erabakigarri» daude: pandemiaren osteko bidaiatzeko gogoa, Ukrainako gerrak eragindako erregaiaren garestitzea eta hegazkinen entregak atzeratzea.

Hernandezen arabera, «kontsumitzaileak prest daude txartelen truke gehiago ordaintzeko» pandemiak ia hiru urtez bidaiatzeko aukera ukatu ondoren. «Bidaia batzuk lehen baino garestiagoak izan daitezkeen arren, jende askok uste du oso garrantzitsua dela bidaietan gastatzea». Bidaiatzeaz gain, «leku berriak ezagutzeko grina» handitu egin dela dio Hernandezek, eta hegan egiteko gogoa ere bai.

Ryanaireko hegazkin bat Miarritzeko aireportuan. GUILLAUME FAUVEAU / IPARLA
Ryanair konpainiaren hegazkin bat, Miarritzeko aireportuan. GUILLAUME FAUVEAU

Erregaia adierazle

Pandemiaren eraginetik haratago, azken bi urteetan erregaiaren garestitzea izan da hegaldian garestitzearen faktore nagusia, Hernandezen arabera. Erregaiaren prezioak hoztu egin dira azken urtean, baina petrolio gordina 2019ko urtarrilean baino %50 garestiago da oraindik ere, eta hori arazo bat da airelineentzat, erregaiak baitu kosturik handiena haientzat. «Airelinea askok, prezio apaleko konpainiek bereziki, ez dute erregaia amortizatzen, eta horrek oraindik kalte handiagoa egin die Ukrainako gerrarekin».

Ukrainako gerra ez ezik, beste faktore batzuek ere eragina izan dute petrolioaren prezioan, Hernandezen arabera; hala nola Ameriketako Estatu Batuek Irani eta Venezuelari jarritako zigorrek. «Oso ezegonkorra izan da petrolioaren merkatua azken urteetan, eta ez dirudi gehiegi aldatuko denik. Eta horrek, zalantzarik gabe, eragina du hegaldien prezioetan».

Hernandezen ustez, ezer gutxi egin daiteke bezeroari zuzenean eragiten dion kostu igoera hori geldiarazteko; hala ere, uste du airelineek hegaldi bakoitzeko bidaiari gehiago sartzeko gaitasuna handitzen badute «agian» prezioen igoera ere geldiaraz daitekeela. Izan ere, azken hilabeteetan airelinea batzuek edukierak murriztu egin dituzte, hegazkin gutxiago izan baitituzte erabilgarri, konponketak egiteko ordezko piezak lortzeko zailtasun handiak izan dituztelako, edo ekoizleek hegazkin berrien entregak atzeratu dituztelako, osagaien banaketa kateetan eta produkzioan izan dituzten arazoengatik.

4.700

Bidaiariak, milioitan. Aireko Garraioaren Nazioarteko Elkarteak aireko bidaiarien errekorra iragarri du 2024rako: 4.700 milioi izango dira.

«16.000 hegazkin —munduko merkataritza flotaren bi heren, gutxi gorabehera— geldirik geratu ziren pandemiaren unerik gorenean. Asko AEBetako eta Australiako basamortuetan gorde ziren, eta haiek berriz ere hegan egiteko moduan jartzea lan eskerga izan zen. Beraz, pandemia ostean hegazkin eskaria handitu egin zuten konpainiek, eta arazoak izan dira horiek entregatzean». Hernandezek dio hegazkin fabrikatzaileak atzean geratzen ari direla, eta azpikontratisten eskulan eskasiak ekoizpena geldiarazi duela batzuetan. Halaber, Errusiari ezarritako zigorrek Airbusi, Boeingi eta beste hornitzaileei zaildu egin diete titanioa eta halako lehengaiak lortzea, eta horrek piezen prezioak igo ditu.

(ID_13477897) ESPAÑA IBERIA HUELGA
Bidaiariak ilarak egiten, Loiuko terminalean, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE

Ryanair konpainiaren kasua da hori. The Guardian egunkariak argitaratu duenaren arabera, hegazkin berrien entregak atzeratu izanak —airelineak Boeing 737-8200 Max-eko 57 unitate eskatu ditu— udako tarifak %10 igoaraz ditzake. Egoera horrek ez dio Ryanairi bakarrik eragingo, ezta Boeingi bakarrik ere. Airbusekin lan egiten duten beste konpainiei ere eragiten die, bereziki Max 737-8200 eta A320neo hegazkin modeloak erosi dituztenei. Hernandezek berretsi du ondorioa «nabarmena» izango dela konpainia horientzat, baina bezeroek ez dutela «gehiegi» nabarituko. «Hala ere, aurreko faktore guztiei batuta, argi ikusten da arrazoi asko daudela bidaia txartelen garestitzearen atzean».

Eta faktore horien artean, beste baten berri eman du Europako Batzordeak aste honetan. Bruselak «zuritze ekologikoa» ekar dezaketen «praktika engainagarriak» amaitzeko eskatu die hogei airelineari —tartean, Vuelingi eta Voloteari—. Besteak beste, tasa gehigarri bat eskaintzen diote bidaiariari, horiek ordainduta hegaldiaren isuri kutsatzaileak konpentsa ditzaketela esanez, benetan diru hori horretarako erabiltzen dutenean—. Tasa horrek, noski, hegaldia garestitu izan diote bidaiariari. Aire konpainiek 30 eguneko epea dute neurria bertan behera uzteko.

Garesti, baina lepo

Baina, orduan, zergatitik betetzen dira hegaldiak prezioak igota ere? Bada, Hernandezek argi dauka: «Prezioak garesti daude, baina hegazkinak beteta doaz egunero, eta hori aprobetxatzen dute airelineek pandemian galdutakoaren zati bat berreskuratzeko. Ez da prezio jaitsierarik iragartzen 2024rako eta 2025erako, eta bidaiarien inertzia hegaldiak hartzea da. Ez dut prezio jaitsierarik iragartzen hurrengo urteetarako».

zenbat garestitu dira?

Ibilbide jakin batzuetan hegaldien prezioak pandemia aurretik baino %30 garestiagoak direla ondorioztatu du Efe berri agentziak, Skyscanner, Edreams eta gisako plataformetan egindako azterketaren ondoren. Adibidez, Argentinara bidaiatzeko txartela 1.100 eurotik gora dago gaur egun, eta hortik behera ez da jaisten, ezta urtebete lehenago erosita ere. Pandemia aurretik, 550 eta 600 euro artean lor zitekeen. Mabrianturismo agentziak egindako azterketaren emaitzak harago doaz: kalkulatu dute airelinea konbentzionalen prezioak %40 garestitu direla pandemia garaitik, eta kostu txikikoenak, %6. Hala, 2023ko udako prezioekin alderatuta, batez beste %8 inguru garestitu dira, eta igoerarik nabarmenena Erresuma Batura doazen hegaldietan gertatu da. Bidaiarekin loturiko kostuez gain, aireportuetako zerbitzuenak ere garestitu dira. Aena Espainiako aireportuak kudeatzen dituen enpresa publikoak %4 igo zituen aireko tarifak martxoaren 1ean, eta igoera hori bidaiariek pagatu beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.