Hegaluzearen kanpaina goiz bukatuko da beste behin, kuota ia amaitu baitute

Aste bat barru bukatuko dute kanpaina, %80 arrantzatu baitute. Salatu dute hegaluzearen arrantza «lehiaketa» bat bihurtu dela, «kudeaketa faltagatik»

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek banan-banan eta kanaberarekin harrapatzen dituzte hegaluzeak. AZTI.
June Romatet Ibarguren.
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Beste urte batez, goiz bukatuko dute aurten hegaluzearen kanpaina Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek, Espainiari dagokion kuotaren %80 arrantzatu baitute. Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiako idazkariak azaldu duenez, aste bat edo aste eta erdi geratzen zaie arrantzaleei gainontzekoa harrapatzeko. Itsasontzi bakoitzak gehienezko kopuru bat ez izateak eragiten du kostera goiz bukatzea, Garmendiak dioenez.

Antxoaren arrantzaldia amaitu, eta hegaluze bila bideratu zituzten arrantzaleek ontziak ekainaren hasieran. Lehen, Galizia eta Asturias arteko mugan arrantzatzen zituzten, itsasertzetik 70 miliara. Azken urteetan, berriz, Bizkaiko golkoan sartzen hasi dira, eta aurten ere gehiena edo ia dena bertan arrantzatu dutela azaldu du Garmendiak.

Portutik gertuago aritzeak onurak dituela dio Gipuzkoako kofradien bozeramaileak: «Ez dugunez oso urrutira joan behar, gastu gutxiago izaten ditugu erregaian eta ontzien mantentze lanean». Horrez gain, kalitatean ere eragiten du gertutasunak. «Ontziak portuetara azkarrago iristen direnez, arrainak ere freskoagoak dira, eta kalitate hobea izaten dute».

Espainiak 17,2 milioi kiloko kuota jaso zuen aurten, eta horietatik bost milioi kilo harrapatu dituzte Gipuzkoako arrantzaleek. Gipuzkoako Kofradiako idazkaria, ordea, ez dago guztiz pozik azken urteetan hegaluzearen arrantza egiten den moduarekin: lehiaketa batekin alderatu du.

Arrain bakoitza arrantzatzeko kuotak Bruselak ezartzen dizkio estatu bakoitzari, eta Espainiako Gobernuak kofradiaka banatu ohi ditu gero. Horrela, bakoitzak bere denboraldiak antolatu ditzake; hegaluzearekin, ordea, ez da hori gertatzen. Atlantikoko Hegaluzea Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak kuota ezarri zuen, baina, ondoren, muga hori ez da kofradien artean banatu. «Ez dakit zergatik, baina hegaluzearenak ez daude banatuta, eta jendeak ahal duen guztia harrapatu nahi izaten du kuota bukatu baino lehen», kexatu da Garmendia. Banaketarik ez dagoenez, Kanarietako eta Kantauri itsasoko ontzientzat lehiaketa bat bihurtu dela salatu du. «Irekia denez, denek azkar harrapatzen dituzte, eta ahalik eta azkarren porturatu berriz arrantzara ateratzeko». Lurrean geratzea, beraz, ez dela aukera bat esan du Garmendiak: «Lehorrean geratuz gero, beste ontzi batzuk ariko dira kuota txikitzen, eta itsasoratzerako arrain gutxi geratuko lirateke».

Gainera, itsasontzi asko dabiltza hegaluzetan. Sasoi honetan legatza ere arrantzatzen duten barku batzuek arrantzaldi hori eteten dute, eta hegaluze bilaateratzen dira. Legatzaren kuotak banatuta daudenez, beren zatia beranduagorako gordetzen dute.

Egoera horrek eragin asko izan ditzake arrantzaleentzat, baita kontsumitzaileentzat ere. «Banatuta izango bagenu, agian, ekainetik azarora arte izan genezake hegaluzea, baina, modu honetan, abuztura arte bakarrik dugu», azaldu du. Prezioan ere nabari dira lehiaren ondorioak: «Azkar eta asko arrantzatzen dena portura ekartzen da, eta hegaluze asko egoten da lonjetan; beraz, prezioa jaitsi egiten da».

Aurten, prezioak iazkoaren antzeko dabiltza. Arrantzaleei kiloko 3,5 euro inguru ordaintzen diete, baina Garmendiak argi du arrantzatzeko modua aldatuko balitz eta portuetara tarte gehiagorekin iritsiko balitz prezio hori igo egingo litzatekeela. Egoera aldatu nahian dabil Gipuzkoako kofradia: «Bilerak egiten saiatu gara, baina oraingoz ez dugu ezer lortu». Portura asko eramateak, gainera, badu beste eragin bat: ezin da dena freskoan saldu, eta asko joaten da kontserba fabriketara.

Kalitate handikoa

Arazoak arazo, Euskal Herriko ontziek hegaluze asko arrantzatu dute, eta kalitate handikoa dela nabarmendu du Garmendiak. «Kanaberarekin banaka harrapatzen dituzte, eta zuzenean hozkailuetan sartzen dituzte. Horrela, arrainek ia ez dute kolperik hartzen, eta fresko iristen dira portuetara». Sarearekin harrapatzen dituzten hegaluzeek kalitatea galtzen dutela azpimarratu du. «Kolpeak izaten dituzte, eta ur azpian bata besteari itsatsita denbora asko pasatzen dute; freskotasuna galtzen dute».

Euskal arrantzaleek laster amaituko dute hegaluzearen kanpaina. Iaz ere, goiz itxi zuten: abuztuaren 19an porturatu ziren, kuotaren %92 arrantzatu ondoren; 2019an, berriz, abuztuaren 27an. Joan den urtean, kanpaina amaitu baino bi aste lehenago arte itsasontziak oso ondo aritu ziren arrantzatzen, nahiz eta azken asteetan gehiago kosta zitzaien; horregatik, mendebaldera eta iparraldera joan behar izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.