Hegaluzea sartu eta atera ari da, etenik gabe. Hala izan da azken 45 urteotan HESIA kontserba enpresak Berriatun (Bizkaia) duen lantegian. Udako arrantza kanpainaren produktua ekoizten buru-belarri ari dira. Goiz lanpetua dute lantegian. Ate zabal bik argia sartzen uzten dute. Beharginak isilik ari dira lanean; makinen soinuak entzuten dira soilik. Goizeko zortzietatik arratsaldean ateak itxi arte, gutxi aldatuko da irudia.
Kontserbak egitea izan da enpresaren negozioa, 1968. urtean ateak ireki zituenetik. Ez da lana asko aldatu, baina bai egoera. Orain dela hamarkada batzuk egiten ziren harrapaketak oraingoak baino handiagoak ziren, baita salmentak ere. Azken urteotan hegaluze kanpainen beherakada nabaritu dute. Arazoak arazo, enpresak aurrera egitea espero du hurrengo belaunaldi baten eskutik. Horren erakusle dira euren postuetan lanean ari diren hainbat emakume
Badira 35 bat urtez bertan lan egin duten emakumeak, mendez mende errepikatu den joeraren erakusle; gizonak arrantzan eta emakumeak lehorrean lanean. Begi bistan da gehienak emakumeak direla, baina badira ezkutuan lan egiten duten gizonak ere. Horiek plantatik kanpoko deskarga eta biltegiratze lanak egiten dituzte batik bat. Gizonezko horiek dira plantako “eremu zikinean— lanpetuenak. Bertan dagoen makina batek mozten ditu ehunaka kilo hegaluzeren buru eta mendrezkak. Horien beharra da mimo eta kontu handiz zaindutako katearen lehen maila.
Mekanizazioa eta tradizioa
Plantako langile guztiek bezala, garbi mantentzeko, txapel eta amantal zuri eta urdinak daramaten langileek egosiko dute arraina. Tamainaren araberako egoste denbora eta gatzatzea beharko du hegaluzeak. Kontu handiz hautatu behar da, lau pertsona sartzeko adinakoak diren lapiko erraldoietan erabiliko den egoste programa.
Arraina hozten utzi eta muntai katera pasatzen da. Hor daude hamabost bat emakume euren postuetan eserita. Laban txiki bat eskuetan dutela, azala eta hezurrak baztertzen dituzte, atzerago dauden beharginen lana erraztuz. Ondoko katean, beste hamar andre daude araztutako altxor zuriaren zain. Poto bana hartu, eta garbi dauden hegaluze zatiak sartzen dituzte horietan. Puzzle baten antzerako lana egiten dute andreek. Aurrerago, dagokion saltsaz bete, ontzia itxi eta makinaz garbitzen dituzte. Etxean egindako kontserben antzera, iraupen bermea lortzeko, maria bainua behar dute potoek. Hiru lapiko erraldoietan esterilizatzen dira, lapikoak baino gehiago erregaikamioi baten atzeko aldeak badirudite ere. Dena dago kontrolpean; potoen esterilizazio prozesuak automatizatuak daude. Potoak prest daudenean, kaxetan bildu, eta tamaina eta motaka biltegiratzen dira.
Saltzea, egitea bezain gogorra
Ontzi desberdinak erabiltzen dituzte, eta horrenbestekoa izango da horien banaketa. Merkatu desberdinetara zuzentzen dira produktuak; ontziki handienak ostalaritzara, eta txikienak, etxeko kontsumorako.
Udako hilabeteetan katean lanean dauden 45 bat langileei lan gehien ematen diena Bermeo, Ondarroa, Getaria eta Hondarribiko portuetan lehorreratutako hegaluzea da. Halaber, arrantza sasoitik kanpo ere erosten dute Ozeano Atlantiko eta Bareko hegaluzea. «Prozesu bera jarraitzen badute ere ez dira Kantauri itsasoan arrantzatutakoen kalitate berera iristen», esaten du Julian Etxebarria HEISA enpresako zuzendariak. Hori badaki kontsumitzaileak, eta nabarmena da merkatuetan. Kalitate txikiagoko hegaluzea Andaluziako hoteletan saltzen da; kalitate gorenekoak, berriz, Euskal Herria eta Herrialde Katalanetan erosten dira gehien.
Euskaldunen artean Kantauriko hegaluzeak harrera ona izan duen arren, 2007tik aurrera salmentek okerrera egin dute; Euskal Herriko arrantza sektorearentzat urrezko aroa izan zen ordura arte bizitakoa. Arrantzak behera egin zuen, ordea; 2006 urtean 14.000 tonatik gora arrantzatu zituzten; iaz, berriz, 6.400 bat baino ez.
Lehiakide gehiago dituzte orain, eta horrek ez die mesederik egin. Kantauri itsasotik urrun sarez arrantzatutako hegaluzeari esker, eskaintza merkeak egiten dituzte horiek. HEISAko zuzendariaren arabera, kontsumitzaileari zaila egiten zaio hori jakitea, «bertako izena idatzita baitute kanpoko hegaluzearen potoek». Erasorik onena defentsa ona egitea dela esaten da, eta HEISAk zigilu bat sortu du Euskal Herriko beste kontserba enpresa batzuekin batera. Horrela bermatzen da Kantauri itsasoan era tradizionalean arrantzatutako hegaluzeak segurtasun eta kalitate berme guztiekin betetzen duela. Kontsumitzaileak jakin dezan zein den bien arteko aldea.
Hegaluzea, Kantauritik etxeetara
HEISA kontserba enpresa 1968an sortu zen. Bermeo, Ondarroa, Getaria eta Hondarribian lehorreratutako arrantza lantzen du tradizioz beteriko plantak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu