Azken urteetako politikarekin jarraituko du aurten Uvescok. Jose Ramon Fernandez de Barrena banaketa taldeko zuzendariak gaur Bilbon azaldu duenez, bere salmentak %7,4 handitu nahi ditu 2020. urtean, 830 milioi eurora arte.
Bederatzi supermerkatu zabaldu nahi ditu aurten Uvescok. Horietatik bi izango dira Gipuzkoan (Aretxabaletan eta Zarautzen), eta beste zazpiak, berriz, Espainian (sei Madrilen eta bat Kantabrian). Azken urteetan batez ere Bizkaian eta Madrilen hedatu da. Iaz, Sabecori 11 denda erosi zizkion Bizkaian; Madrilen, berriz, Gigante katea erosi zuen 2017an, eta emaitza onak ikusita, saltoki gehiago irekitzen ari da. 2020. amaierarako 24 denda izan nahi ditu erkidego horretan, eta 60 milioi euro fakturatu.
Hedapen politika batekin egin dio aurre Uvescok krisi ekonomikoari. 2008an, esaterako, 434 milioi euroren salmentak egin zituen, eta 2.434 langile zituen. 2019. urtea, berriz, 773 milioi euroren fakturazioarekin amaitu du;%4,5 hazi zen, esperotakoa baino puntu erdi gehiago. Langileak dagoeneko 5.121 dira —551 gehiago iaz—. Guztira hamazazpi supermerkatu zabaldu zituen.
Uvesco 1993an sortu zuten, Irunen (Gipuzkoa), eta Super BM eta Super Amara markak erabiltzen ditu.