«Hazkundeari eutsita ere, langabezia ez da lehengoratuko 2022ra arte»

Bazkundeko presidente Pedro Esnaolak «formula berriak» eskatu ditu langabeziari aurre egiteko.Gipuzkoa %2,4 haziko da 2016. urtean, eta 5.000 enplegu inguru sortuko dira; «ez da nahikoa»

Pedro Esnaola —erdian— atzo, Bazkundearen egoitzan, Donostian. GORKA ESTRADA / EFE.
xabier martin
Donostia
2016ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
«Zerbait gehiago egin behar da; bestela, iraupen luzeko langabeen eta bazterketaren arazoak ez du behar bezalako soluziorik izango, ez denborari begira, ez zenbakiei begira; formula berriak behar dira, urrats bat aurrera egiteko». Gipuzkoako merkataritza ganberako presidente Pedro Esnaolak katuari zintzarria ezarri zion atzo, euskal ekonomiaren hazkunde distiratsuaren eta hark langabezia behar bezain azkar jaisteko ez duen gaitasunaren arteko kontraesana aho bilorik gabe mahairatuz.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %1,1 hazi zen 2014an, eta %2,7 2015ean; 2016an %2,4 haziko da Gipuzkoa, Bazkundearen aurreikuspenaren arabera. «Bada, ez da nahikoa langabeziaren arazoari soluzio egokia emateko». Eta aurrerantzean ere ez da izango, nahiz eta hazkundearen bidetik jarraitu antzeko kopuruetan, «langabezia ez da lehengoratuko, 2020 edo 2022ra arte behintzat». Horregatik, Esnaolak «eredu berri bat» eskatu zuen enplegua sortzeko; «Espainiaren aldean tasa txikiagoa dugula-eta paparra atera ordez, alternatibak sortu behar ditugu, aberastasun nahikoa dugulako langabeak berriro trebatzeko».

Iaz, 5.213 enplegu berri sortu ziren (%1,8) BPGaren %2,8ko hazkundearekin, eta aurten ere antzeko kopuruak espero ditu Bazkundeak; 4.000 eta 5.000 artean egongo litzateke zenbakia. Esnaolak «trebakuntza eraginkorra» nahiko luke 55 urtetik gorako langabeek «euren eskarmentua» merkatuaren zerbitzura jar dezaten, «agian gazteekin elkartuz, tresna berriak ezagutzen dituzten langile eskarmentu gabekoekin». Finean, auto enpleguari eta ekintzailetzari erreparatu zion merkataritza ganberako buruak, «enpresek ezingo dutelako krisiak eragindako langabezia osoa xurgatu». Hazkundea berez ez da gai arazoa konpontzeko, Esnaolaren ustez; «berriz pentsatu behar dugu zer egin».

Horiek horrela, Bazkundeak dio hazkundearen erritmoa moteldu egingo dela Gipuzkoan —lau hamarren—, baina Europako batez bestekoaren gainetik jarraituko duela, eta «munduari begira kezka asko» sortzen diren arren, Gipuzkoako enpresari gehienak konfiantzaz daudela.

2015 «urte ona» izan da enpresarientzat, «espero zen baino hobea», 36.228 langile dituzten 871 euskal enpresen artean egindako inkestaren arabera. Galdetuen %60k salmentak eta irabaziak handitu dituzte, batez ere industria alorrean eta merkataritzan. Aurten hobekuntza horrekin jarraituko dutela uste dute, gainera. Eraikuntza alorreko enpresek dituzte aurreikuspen txarrenak fakturazioari begira.

Pedro Esnaolak ez zuen ezkutatu urtebetean gehien aldatu den aldagaia munduan dagoen kezka dela, «areagotu egin delako». Munduko hazkunde aurreikuspenak txikitu egin dira; gorabidean diren herrialdeen ekonomiak nabarmen moteldu dira; Europan brexit-aren auziak itzala eragiten du; eta Espainiako erakundeen mapa ere aipatu zuen Bazkundeko buruak.

Badaude, ordea, euskal ekonomiarentzat «albiste onak»: ekonomia aurreratuak hobetzen ari dira; kontsumitzaileak konfiantza gehiago erakusten ari dira; kreditua lortzea askoz errazagoa da orain; eta, gainera, «Gipuzkoan egonkortasuna dago erakundeetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.