Hazkundeari eusten dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak

Urteko bigarren hiruhilekoan %1,8 hazi da barne produktu gordina, Jaurlaritzak uste zuen baino hamarren bat gutxiago.

Langileak lanean, Haizea Wind haize errotak egiten dituen enpresan, Bilboko portuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Langileak lanean, Haizea Wind haize errotak egiten dituen enpresan, Bilboko portuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko uztailaren 22a
12:00
Entzun

Jarduera ekonomikoak hazkundeari eusten dio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina abiadura mantsoan oraindik. Eustatek aurreratu dituen datuen arabera, apirilaren 1etik ekainaren 31ra doan tartean %0,4 hazi da EAEko BPG barne produktu gordina, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta iaz epe berean baino %1,8 handiagoa da.

Datu apur bat hobea espero zuen Eusko Jaurlaritzak, %1,9ko urte arteko tasa aurreikusi baitzuen, eta hamarren bat txikiagoa izan baita azkenean. Baina funtsean orain arteko bilakaera bat dator urte osora begira egindako analisiarekin.

Duela bi aste Noel d'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburu berriak berretsi egin zituen aurreko gobernuak apirilean egindako aurreikuspenak. Urte osorako %1,9ko hazkundea espero du, uste baitu jarduera bizkortu egingo dela urtearen bigarren erdialdean. Horrek jarraitu egin beharko luke 2025ean ere, %2,1ekoa iragarri baitu.

Urteko lehen erdialdeko hazkundea nagusiki zerbitzuen eta enpleguaren bilakaera onean oinarritzen da. Iaz zerbitzuen sektoreak %2,4ko hazkundea izan zuen, eta aurten %2tik gora handitzea espero da. Enpleguari dagokionez, %0,6 handitu da, urteko lehen hiruhilekoarekin konparatuta, eta %1,8 iaztik. Hala, bigarren hiruhilekoan langabezia tasa %7,5era jaitsi da. Urte amaieran %7,2an kokatzea espero du Jaurlaritzak, eta datorren urtean koxka bat gehiago jaistea, %6,8ra. 2022an %8,5 zen langabezia tasa hiru lurraldeetan, eta 2023an, %7,6.

Industria, motel

Ekonomia Sailak berak ekainean nabarmendu zuenez, nagusiki zerbitzuen martxa ona bultzatzen ari zen enpleguaren sorrera. Industriak, berriz, ahul jarraitzen zuela ohartarazi zuen, nahiz eta aurreikuspenak pixkanaka-pixkanaka hobetzen ari diren.

Sektoreak hasiera motela izan zuen lehen hiruhilekoan —%0,1eko hazkundea—. Irailean emango ditu Eustatek bigarren hiruhilekoko alorrez alorreko datuak, baina ez da hazkunde handirik espero.

Hiru lurralde horietako industriak bereziki esportatzaileak dira, eta haien bezero nagusi diren herrialde batzuen —Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua— geldialdi ekonomikoak asko baldintzatu die jarduna. Sektoreak urte hasiera txarra izan zuen, baina urteko bigarren hiruhilekoa hobea izaten ari dela erakusten dute berriki ezagutarazitako kanpo merkataritza datuek. Dena den, sektoreko eragileek urteko bigarren erdialdera begira jarriak dituzte indarrak, eta hurrengo urtean.

Beste adierazle bat kontsumoa da, eta hori ere suspertzen ari dela erakusten dute azken aldiko datuek, bereziki etxeetako kontsumoa. Herritarren poltsikoetan inflazioaren eraginak oraindik ere nabariak diren arren, gutxika-gutxika apaltzen ari dira prezio igoerak, eta hori ere nabaritzen hasi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.