Kontu ekonomikoak

Hazkunde motelari eusten dio ekonomiak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %0,2 hazi da urteko bigarren hiruhilekotik hirugarrenera. Tarte horretan %0,4 handitu da enplegua.

Turismo sasoi indartsuak jarduera ekonomikoa bultzatu du udan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 16a
10:18
Entzun

Betetzeko bidean daude Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomikoak. Duela hiru aste iragarri zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %1,7 zela aurten haztekoa, eta urteko lehen hiru laurdenetako hazkundea kopuru horretatik oso gertu geratu da: %1,6 handiagoa zen hirugarren hiruhilekoan, 2022ko epe horrekin alderatuz gero.

Hazkundeak moteltzen jarraitzen du, hori bai. Urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera %0,4 hazi zen, eta %0,2 baizik ez da izan bigarrenetik hirugarrenera. Kopururik txikiena da iazko udaz geroztik.

Eustatek aitortu du sektore ekonomikoek ez dutela «portaera bera» izan, nahiz eta «oro har», bilakaera positiboa izan duten. Azken hiruhilekoetan industriak izan du portaerarik pattalena, eta urte arteko bilakaera negatiboa izatera iritsi da.

Enpleguari dagokionez, dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta, %0,4 igo da 2023ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Enplegua hiruhilekotik hiruhilekora jarraian hazi den bederatzigarren hiruhilekoa da. Iazko hiruhileko berarekin alderatuta, % 1,6ko hazkundea neurtu du Eustatek.

Datorren abenduaren 1ean emango ditu estatistika erakundeak jarduera ekonomikoari buruzko datu xehatuagoak, orain eskura ez dituen datuak gehituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.