Azken asteak nahasiak eta kezkagarriak izan dira ekonomiarako, baina haien eragina ez da artean ikusi datu makroekonomikoetan. Eustatek azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren barne produktu gordina %0,6 handitu da 2024ko azken hiruhilekotik 2025eko lehenengora. Urte arteko tasa %2koa da, ia aurrekoaren parekoa (%2,1), eta horrek erakusten du hazkunde erritmoari eutsi ahal izan diola, olatuak olatu.
Are gehiago, datuak hamarren bat hobetu du Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena, uste baitzuen %1,9koa izango zela urtearen hasieran. Urte osorako %2,1eko hazkundea izatea espero du Eusko Jaurlaritzak, barne kontsumoaren eraginez.
Eustaten arabera, industriak suspertze bat izan du urteko lehen hiru hilabeteetan. Sektorerik ahulena izan zen iaz —%0,5 hazi zen—, batez ere bi kanpo merkatu nagusien egoera kaskarra dela eta: Alemania atzeraldian izan zen, eta Frantzian oso hazkunde txikia izan zuten.
Edonola ere, Eustatek nabarmendu du eraikuntzak oso bilakaera ona izan duela 2025. urtearen hasieran. Ez du daturik eman, ekainaren 6an emango baititu, informazio gehiago jasotzen duenean.
Enpleguaren bilakaera ere ez da txarra. Lanaldi osoko lanpostu baliokideak neurtuta, enplegua %1,5 hazi da azken urtean; zenbaki osoetan, 14.000 lanpostu baino gehiago dira.
Merkataritza gerraren eragina, aurrerago
Ikusteko dago nola eragingo dion Donald Trumpek hasitako merkataritza gerrak Euskal Herriko ekonomiari, esportazioek pisu handia baitute jarduera ekonomikoan, eta AEBak esportazioen jomuga garrantzitsua baitira —Hegoaldeko enpresen merkatu nagusietan bosgarrena izan zen iaz, Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batuaren atzetik—.
%5,4Txinako BPGaren hazkundea. Txinako ekonomiak sendo hasi du urtea. %1.2 hazi da 2024ko azken hiruhilekotik 2025eko lehenengora, eta %5,4 azken urtean. Urte osorako %5eko hazkundea espero du Pekingo gobernuak, baina iragarpen hori merkataritza gerra hasi aurretik egin zuen, eta horrek, ezinbestean, kolpea emango die Txinak AEBetara egiten dituen esportazioei. Pekinek gogor erantzun die Donald Trumpen muga zergei, eta berak ere %100etik gorako muga zergak jarri dizkie AEBetako produktuei. Gainera, lur arraro batzuen esportazioa debekatu du, eta Boeing hegazkinak erostea debekatu die bere enpresei.
Berez, apirilean hasi dira Euskal Herriko eta Europako Batasuneko inportazioei %10eko muga zerga gehigarria ezartzen, eta, hortaz, baliteke eragina gehiago antzematea bigarren hiruhilekotik aurrera.
Gainera, tarifak handituko ziren usteak produktuak lehenago erostera eraman ditu AEBetako inportatzaileak, muga zergei aurrea hartzeko. Udatik aurrera, AEBetan sartzeko tarifa %20ra igotzekoa da, ordurako Washingtonek eta Bruselak ez badute akordiorik egiten.
Hortik gorakoa ordaintzen ari dira dagoeneko altzairua, aluminioa eta autoen osagaiak, %25ekoa hain zuzen ere.
Zerga bilketa ia %10 hazi da
Martxa onean hasi du urtea zerga bilketak ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 4.383,7 milioi euro bildu dituzte zergetan 2025ko lehen hiru hilabeteetan, iaz baino 394 milioi gehiago (+%9,8). Hiru lurraldeetan hazi da bilketa, baina batez ere Araban (+%15,3). Bizkaian %8,8 goratu da, eta Gipuzkoan, berriz, %7,9.
Errenta zergarekin bildu da ia bi eurotik bat (2.136 milioi), eta bilakaera positiboa izan du lurralde guztietan, enpleguak eutsi egin diolako. BEZ zergak 1.322 milioi ekarri ditu eta 195 milioi, berriz, sozietate zergak.