Erdipurdiko bilakaera espero du Nazioarteko Diru Funtsak datozen bost urteetarako, eta barne produktu gordinaren %3,2ko hazkundeak iragarri ditu munduarentzat urte honetarako eta hurrengorako. Erakundeak gaur aurkeztu du udazkeneroko bere World Economic Outlook txostena.
Hazkunde motel horretan, espero baino joera hobea aurreikusten du AEBentzat. Horrek konpentsatuko du, hein batean, Europako hazkunde kaskarra, batez ere Alemaniarena eta Italiarena. Alemania aurten ez dela haziko uste du NDFk, eta 2025ean %0,8ko hazkundea izango duela. Italia %0,7 eta %0,8 haziko dela uste du. Frantziarako, berriz, %1,1eko hazkundea iragarri du bi urteetarako. Espainia da euroguneko ekonomia handietan gehien haziko dena; %2,9 aurten, eta %2,1 2025ean.
Garapen bideko herrialdeetan, berriz, joera oso ezberdinak daude. Batetik, Asia ekialdean hazkundeak aurreikusten ditu, nahiz eta aurreko urteetakoak baino apalagoak izango diren. Hori gehiago gertatuko da Txinan, Indian baino.
Aldiz, Ekialde Hurbilean, Asia erdialdean eta Saharaz hegoaldeko Afrikan aurten espero baino hazkunde txikiagoak izango direla uste du NDFk, batez ere petrolio ekoizpenean izango diren murrizketengatik. Latinoamerikan ere hazkunde pattalak espero dira ekonomia handienetan.
Inflazioa
Desinflazioak bere hartan jarraituko duela aurreikusten du Diru Funtsak, eta bizkorragoa izango dela herrialde garatuetan. Orokorrean, %2ko inflazio helburuak 2025ean iritsiko direla uste du. Baina ohar egin du gerta daitekeela gorabeherarik inflazioaren beheranzko bide horretan. Edonola ere, inflazioa eta haren inguruko kezka murriztuz doan heinean, beste arrisku batzuk pisua hartzen ari dira. Txostenean hazkundearentzako zazpi arrisku nagusi identifikatzen dira.
arriskuak
- Diru politika zurrunek uste baino eragin handiagoa izatea. Interes tasak jaisten —normaltzen— jarraituko dutela uste du NDFk, baina gerta daiteke normalizazio horrek denbora gehiegi hartzea eta epe motzean hazkundea aurreikusi baino lehenago motelarazi eta langabezia handitzea. Horrek, era berean, kalte egingo lioke kontsumitzaileen eta enpresen konfiantzari; etxebizitzen gastua motelduko luke, eta enpresen inbertsioak atzeratu. Finean, alfer gurpil bat eratuko litzateke, kaltegarria hazkundearentzat. Egoera horretan, hala ere, energiaren prezio merkeagoek leundu egingo lituzkete kalteetako batzuk, eskari txikiagoak petrolioaren prezioak beheratuko bailituzke.
- Aldakortasuna finantza merkatuetan. Desinflazioarekin egokitzen ari diren diru politikekin ez asmatzeko arriskua ere badago, eta azpiko inflazioa uste baino egoskorragoa izatekoa. Horrekin kontsumitzaileen espektatibei eragin diezaieke, eta, hala, banku zentralak berregokitze bat bultzatu. Konfiantza ahulduko litzateke, prezioak berriz handitu, eta finantzaketa baldintzak berriz zurrundu.
- Zor subiranoen pisua handitzea. Merkatu aldakorren eta interes tasa zurrunegien ondorioetako bat izan liteke zor subiranoen pisua handitzea, batez ere garabidean diren herrialdeetan, ekonomia batzuk oraindik ere oso zaurgarriak baitira arrisku sarien igoera batekiko. Hori gertatuko balitz, haien arrisku sariak hainbeste handituko lirateke, zorra pagatzeko arrisku serioan egongo bailirateke. «Kanpo finantzaketaren behar handia eta barne erreserba gutxi dituzten herrialdeak dira arrisku hori dutenak», esan du NDFk. «Dagoeneko arrisku sari handiak ordaindu behar izaten dituzte finantzatzeko, eta haietan gastua murrizteak atzeraldia eragingo luke, zerga gaitasun mugatua dutelako, eta zaurgarrienei laguntzeko gastuei eutsi beharra».
- Txinako higiezinen beheraldia handiegi bihurtzea. Txinako etxebizitza merkatuari ere adi dago NDF, haren kontrakzioa espero baino handiagoa bada arriskutsua izan daitekeelako. Prezio jaitsierek are gehiago gutxitu dezakete kontsumitzaileen konfiantza ahula, eta kontsumoa murriztu. Barne eskariaren jaitsiera konpentsatzeko gobernuak esportazioak sustatzen baditu, Txinak beste herrialdeekin dituen merkataritza tentsioak areagotu egin daitezke.
- Klimak eragindako shockak, gatazkak eta tentsio geopolitikoak. Lehengai eta osagaiak garestitzea eragin zuten lehen, eta orain ere arriskua hor dago tentsio geopolitikoek, gatazkek eta klima shockek commotidy delakoen prezioak igoarazteko eta inflazioa puzteko.
- Protekzionismoa. Politika protekzionisten hedatzea ere hazkundearentzako arrisku posibleen artean ikusten du NDFk. Ez da harritzekoa: bi aste falta dira AEBetako hauteskundeetarako, eta zalantza gutxi dago Donald Trumpek berriz ere neurri protekzionistak ezarriko lituzkeela garaile aterako balitz. NDFren arabera, merkataritza tentsioek hornikuntza sare globalak eteten dituzte, berrikuntza eta teknologia transferentzia oztopatu, eta epe ertainean hazkundea moteldu.
- Ezinegon sozialak. Diru Funtsaren arabera, ezinegon sozialeko kasuak murriztu egin dira azken urteetan, baina inflazio handiago batek, zerga handiagoek eta erosketa ahalmena murrizteak protesta handiak eragiteko arriskua hor dago oraindik, desberdintasun sozial gero eta handiagoen pizgarriarekin.