Datorren astean bilduko da berriro EBZ Europako Banku Zentrala interes tasei buruzko erabaki bat hartzeko. Zalantzarik bazegoen beste puntu laurden apalduko zituela, gaur jakinarazitako bi datuk zalantza horiek gehiago uxatuko dituzte. Batetik, Eurostatek baieztatu du hazkunde ekonomikoa ahula dela, %0,2 baizik ez baitzen handitu lehen hiruhilekotik bigarrengora. Bestetik, soldaten igoera indarra galtzen ari da, eta, hortaz, erosteko ahalmen handiagoaren ondorioz inflazioa berriz gora egiteko aukera urruntzen ari da.
Jarduera ekonomikoari dagokionez, Eurostatek zuzendu egin du duela aste batzuk aurreratutako %0,3 hazkundea. Hori baino hamarren bat apalagoa izan da, bai eurogunean, bai Europako Batasun osoan. Hortik gora geratu dira Polonia (%1,5), Grezia (%1,1), Herbehereak (%1) eta Espainia (%0,8), baina datu orokorrean pisu handia izan du Alemaniaren uzkurtzeak (-%0,1).
EBren motorra ez aurrera ez atzera dabil, neurri handi batean bere industria nagusia, autogintza, garai zailean dagoelako. Aste honetan bertan Volkswagenek jakinarazi die Alemaniako bere langileei lehen aldiz bi fabrika ixteko asmoa duela, kostuak txikitzeko orain arte egin dituen ahaleginek huts egin dutelako.
Europako merkatua ez da itzuli COVID-19aren aurreko mailara, eta, gainera, Txinako autogileen lehia gero eta biziagoa da: VWen eta beste europarren salmentak asko jaitsi dira Txinan, kontsumitzaile txinatarrak Txinako bertako auto elektrikoak hobesten ari direlako, eta, gainera, modelo elektriko horien salmenta handitzen ari da EBn ere.
Urrian eta abenduan, zer?
Eurostatek azaldu duenez, urteko bigarren hiruhilekoan merkataritzak eta gastu publikoak eutsi egin diote hazkundeari, baina halakorik ez du egin kontsumo pribatuak, nahiz eta tarte horretan inflazioa txikitu egin den eta lan merkatuak ongi eutsi dion (%0,2 handitu da enplegua).
Barne produktu gordinaren hazkunde apala argudiatu dute EBZko usoek interes tasen jaitsiera bizkortzea defendatzeko, haien ustez mailegu garestiek jarduera ekonomikoa ito egin baitute. Belatzek, ordea, nabarmendu dute inflazioa oraindik behar baino handiagoa dela, eta, asko jota, datorren urtera arte ez dela egonkortuko %2 inguruko tasa batean.
EBZk ekainean jaitsi zituen interes tasak, puntu laurden, %4,25eraino, eta datorren osteguneko bileran beste puntu laurden jaistea espero da. Baina ez dago hain argi zer gertatuko den hurrengo bileretan, urriaren 17an eta abenduaren 12an.
Soldatak, motelago
Jarduera ekonomiko apala tasak jaisteko arrazoi bat da, baina bizkorregi egiteak inflazioa berriro piztuko duen beldur dira banku zentraleko kide gehienak. Christine Lagarde EBZko presidenteak sarritan ohartarazi du soldata igoera handiak izan daitezkeela hori gertatzeko bideetako bat, baina faktore hori ere indarra galtzen ari da. Bloomberg-en datuen arabera, 2024ko bigarren hiruhilekoan langileen batez besteko soldata igoera %4,3 izan zen, aurrekoan baino bost hamarren txikiagoa (%4,8).
Azken urtean, oro har soldatak inflazioaren gainetik igo dira, inflazio handieneko garaian izan zuten galera konpentsatzen saiatzeko, baina zerbitzuen inflazioa ere oso goian egotea dakar faktore horrek, langileen sariek pisu handia baitute indize horretan.