LAUDIO. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa txikiek eta ertainek berrikuntzaren aldeko apustua egitea lagunduko dute Eusko Jaurlaritzak eta Innobasquek. Doako zerbitzu bat jarri du martxan horretarako: Hazinnova. Haren bidez teknologiaren alorrekoak ez diren bostehun proiektu inguru bultzatu nahi ditu. Eskualdez eskualde aritu dira zerbitzuaren inguruko xehetasunak aletzen, eta Laudion (Araba) egin zuten azken aurkezpena, atzo.
Josu Okariz Spri taldeko berrikuntza saileko zuzendariak azaldutakoaren arabera, gehienez hiru hilabeteko epean egingo diren proiektuetarako da laguntza, hau da, berehalako emaitzak izango dituzten proiektu jakinetarako. Baina, batez ere, industria arloko edo haiek zerbitzua ematen dieten enpresentzat da.
Aditu talde baten laguntza izango dute enpresek proiektuak garatzeko. 50 orduko doako aholkularitza emango diete, eta haiekin batera aztertuko dute zein duen enpresak hobetu beharreko arloa. Hainbat izan daitezke, Okarizek azaldu duenez: hala nola enpresaren errentagarritasunaren kontrola, prozesuen eraginkortasuna hobetzea, gastuak edo entrega epeak murriztea, merkatu kuota handitzea, bezero segmentu berriak eskuratzea edo markak eta diseinu industrialak babestea.
Izan ere, Europako Batzordearen azken datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresak herren daude berrikuntzaren arloan; azken urteetan zerbait hobera egin badu ere, Europako batezbestekotik behera daude, batez ere enpresa txiki eta ertainak.
Hazinnova, berrikuntza sustatzeko doako zerbitzua
Teknologia arlokoak ez diren berrikuntza proiektuak bultzatuko ditu enpresa txikietan eta ertainetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu