Su eten batekin hasi da merkataritza gerra

Gauerdi honetan sartu behar ziren indarrean AEBek Mexikoren, Kanadaren eta Txinaren kontra iragarritako muga zergak, baina, Mexikoren kasuan, hilabete atzeratu du erabakia. Trumpen asteburuko mugimenduak dantzan jarri ditu munduko merkatuak.

Donald Trump Etxe Zurira iristen igande gauean. AL DRAGO / EFE
Donald Trump Etxe Zurira iristen igande gauean. AL DRAGO / EFE
Irune Lasa.
2025eko otsailaren 3a
15:10
Entzun

«Merkataritza gerra ergelenaren ondorioak hasi dira». Batek pentsatuko luke Mexikotik edo Kanadatik agintariren batek egindako adierazpena dela, baina ez, The Wall Street Journal egunkari oso kontserbadorearen gaurko editorialaren izenburua da, Donald Trumpek uste baino jende gehiago dantzan jarri duen adierazle.

Zenbaki gorriak burtsetan, dibisa eta zor merkatuak aztoratuta, petrolioa garestitzen... Gaur merkatu guztiak asaldatu dira, Trumpek asteburuan Kanadaren, Mexikoren eta Txinaren inportazioen gainean muga zerga orokorrak onartu ostean. Zergak indarrean gauerdian ezarriko dira. Baina ikusteko dago benetan hala izango den; gauza bat esan eta beste bat egiten abila baita AEBetako presidentea.

Izan ere, gaur, muga zerga berriak indarrean sartu bezperan, Trump hizketan aritu da Mexikoko eta Kanadako agintariekin. Eta hasi da gidoia aldatzen. Mexikorekin «hilabete» bateko menia bat hitzartu du. Trukean, Claudia Sheinbaumen gobernuak iparraldeko mugara beste 10.000 soldadu bidaliko ditu berehala, Mexikotik AEBetara droga trafikoa eragozteko, bereziki fentaniloarena. 

Justin Trudeau Kanadako lehen ministroarekin ere hitz egin du Trumpek. Lehen hartu-emanean jarrerak oso urrun daudela iradoki du AEBetako agintariak, eta beste bilera bat jarri dute gaurko, 15:00etan (21:00 Euskal Herrian).

Azken orduko akordioak gorabehera, AEBetako agintariak irmo eusten dio muga zergak ezartzeko asmoari.

Zergatik aztoramen hau guztia orain?

Muga zergak Trumpen kanpainako mantra handienetako bat izan ziren. Eta hauteskundeak irabazi eta orain arte behin eta berriz aipatu ditu. Analista eta aholkularitza handi batzuek, ordea, uste zuten Trumpen mehatxua ez zela horren urrun joango.

Alegia, presidentearen oilarkerien atzean, Trumpen administrazioan egongo zela zentzudunen bat gauzak baretzeko.

Horren adibidea da JPMorgan Chase inbertsio bankuaren ustea, zeinaren arabera muga zergen ezarpena atzeratu egingo zen. Asteburuan jada aldatu behar izan zuen iritzia, Trumpek muga zergak sinatu baino lehenago.

Horregatik, Trumpek asteburuan zergak sinatzeak ekarri du merkatuen aztoramena. Trumpen muga zergak errealitate bihurtzeak ondorio larri eta sakonak izan ditzake Kanadarentzat, Mexikorentzat, Txinarentzat eta Europako Batasunarentzat, baita, guztien gainetik, AEBetako ekonomiarentzat ere.

Hala ere, orain analista askok uste dute edo pentsatu nahi dute muga zergen indarraldia laburra izango dela. Hala adierazi du gaur bertan Goldman Sachs aholkularitzak, nolabait iradokiz zentzu pixka batekin jokatuko dutela azkenean, edo hala espero dutela. Lerrook idazterakoan, badago oraindik ere pentsatzen duenik zergak ez direla indarrean jarriko, eta Trumpek, azkenean, akordioren bat antzeztuko duela muga zergen ezarpena atzeratzeko.

Zein da Trumpen logika muga zergekin?

Dani Rodrikek ekonomistaren irudia erabiliz, Trumpek uste du muga zergak labana suitzar modukoa direla. Erabili nahi ditu bere ustez desorekatuak diren harreman komertzialetan abantaila irabazteko, eta horrekin, teorian, AEBetako industria berpizteko.

Baina muga zergak erabili nahi ditu AEBetako Gobernuaren diru sarrerak handitzeko ere. Haren ustez, haien bidez, aberatsenen gaineko zerga murrizketei eutsi ahal izango die, eta sozietate zerga txikitu ahal izango du.

Eta nazioarteko gatazketarako arma indartsu ere badira muga zergak Trumpentzat. Dirudienez, nahiago ditu zigor ekonomikoak baino. AEBek jada erabili dute muga zergen mehatxua Kolonbiarekin, hara deportatutako immigranteen auzian.

Beharbada, beste zerbait ere ezkutatzen ari da muga zergen hedatzearen kontu honekin. Ez ote da izango atentzioa desbideratzeko mugimendu bat, atentzioa beste ekintza larriago, kezkagarriago eta kritikagarriagoetatik aldentzeko? Adibidez, Elon Musken taldea AEBetako Altxorrean egiten ari den horretatik?

Baina Trump beste argudio batzuk ari da erabiltzen muga zergak justifikatzeko.

Bai, aurretik aipatutakoa litzateke Trumpen logika muga zergen gai honetan, baina beste batzuk dira ematen dituen argudioak edo arrazoiak: immigrazioa, fentaniloa... Argudio horien atzean muga zergak ezartzeko oinarri legalak daude.

«Alien ilegalak» eta «gure herritarrak hiltzen dituzten drogak», halakoak esanez argudiatu du Nazioarteko Larrialdirako Botere Ekonomikoen Legearen beharra (IEEPA) muga zergak ezarri ahal izateko. Larrialdia deklaratuz gero, lege horrek presidenteari botere zabalagoak ematen dizkio.

JUSTIN TRUDEAU
Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa, artxiboko irudian. MARCIN OBARA / EFE

Zer gertatu da Mexikorekin? 

Bihartik aurrera Mexikoko ondasunek %25eko muga zerga izan behar zuten AEBetan, baina azken orduko akordio batek gutxienez hilabete atzeratuko du neurria indarrean sartzea. 

Fentanilo trafikoa eta arautu gabeko immigrazioa, horixek dira Trumpek Mexikori leporatzen dizkion bekatuak muga zergak ezartzeko. Eta, hain justu, bi alor horietan akordioren bat egiteko, hilabeteko epea eman diote elkarri AEBetako eta Mexikoko gobernuek. Batetik, Mexikok iparraldeko mugara beste 10.000 soldadu bidaliko ditu berehala, droga trafikoa eragozteko. Bestetik, AEBek armen trafikoa eragozteko lan egiteko konpromisoa hartu dute. «Hemendik aurrera bi gaietan hasiko gara lanean: segurtasuna eta merkataritza», esan du Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak.

Muga zergak indarrean jarriz gero, auto industria izango da kaltetuena, eta inor gutxik zalantzan jartzen du luzaz irauten badute herrialdea atzeraldian sartuko dela.

Zergatik muga zergak Kanadari?

Gaur gauean azken orduko akordiorik ez badago, Kanadatik inportatutako ondasunek ere %25eko muga zerga izango dute. Trumpek maiz aipatu du Kanadak AEBekin duen merkataritza superabita, baina superabit horretan pisu handia du petrolio kanadarrak. Haren ezaugarriak direla eta, AEBetako findegi askok petrolio mota hori soilik prozesatzen dute gaur egun; Venezuelako petrolioa litzateke beste aukera bakarra.

Hala ere, esan bezala, Trump beste aitzakia batzuk ari da erabiltzen muga zergak arrazoitzeko. Fentaniloa da Trumpek Kanadaren kontra darabilen beste mantretako bat, baina egiaz, ez dauka oinarri handirik hori esateko; iaz, Kanadatik AEBetara pasatu nahian mugan atxiki zen fentanilo kopurua hamar kilo ingurukoa izan zen. Immigrazioari dagokionez, Kanada ez da, inondik ere, AEBetarako sarbide nagusia haien egoera arautu gabe iristen diren etorkinentzat.

Kanadak dagoeneko erantzun du. Herrialdeak %25eko muga zergak ezarriko dizkie AEBetako inportazio jakin batzuei. Guztira 107.000 milioi dolarren balioa duten inportazioak zergapetuko dituzte. Lehen muga zergak bihar ezarriko dira indarrean, eta gehienak 21 egun barru.

Lehen fase horretan elikagaiak (haragia, esnekiak, pasta...), edariak (ardoa, sagardoa, bourbona, pattarrak...), tabakoa, higienerako produktuak (perfumeak, xanpuak, xaboiak, komuneko papera...), pneumatikoak, poltsak eta maletak, egurrak, jantziak (berokiak, pijamak, elastikoak, barruko arropa...) eta beste produktu batzuk daude. 

Adituen arabera, muga zergak denbora luzean indarrean badira, baliteke Kanada atzeraldi ekonomikoan sartzea.

Txinaren kasuan berdin jokatuko du? 

Txina ere ez da libratzen AEBetara fentaniloa sartzearen akusazioaz. Dena dela, nahiko argi dago Txinaren eta AEBen arteko botere borroka beste maila batean kokatzen dela, eta Pekin askoz ere etsai indartsuagoa dela Kanada eta Mexiko baino.

Nola ez, AEBek Asiako erraldoiarekin duen merkataritza defizit handia arrazoi indartsua da %10eko muga zergak ezartzeko.

Nola erantzungo dio Txinak Trumpi? Oraingoz, Txinak azaldu du Munduko Merkataritza Erakundera joko duela, baina oso neurri sinbolikoa da, MMEko apelazio batzordeak ez duelako funtzionatzen, AEBek ez duelako epailerik onartzen. Pentsa daiteke Xi Jinpingek badituela tresnak eta moduak Trumpen muga zergetatik libratzeko, edo haiek arintzeko. Edonola ere, «dagozkion kontrako neurriak» iragarri ditu Txinak.

Trumpek gaur iragarri du 24 orduko epean Pekingo agintariekin hitz egingo duela.

KAJA KALLAS
Kaja Kallas, Europako Batasuneko Kanpo Politikarako burua, gaur Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE

Eta Europarekin?

«Denbora kontua da». Igande gauean, Trumpek zalantzarako tarte gutxi utzi zuen esan ondoren denbora kontua dela AEBek Europako Batasunari muga zergak jartzea. Zenbat muga zerga, zeren gainean, hori ez dago horren argi.

Horrez gainera, ez dago oso argi ere nola erantzun beharko liokeen Europako Batasunak. Petteri Orpo Finlandiako lehen ministro eskuindarra negoziatzearen alde azaldu da Bruselan, eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak muga zergei muga zergekin erantzuteko aukera aipatu du. Simon Harris Irlandako lehen ministroak Batasunak erantzun bateratu bat ematearen garrantzia azpimarratu du.

Europako Batasuneko Kanpo Politikarako buru Kaja Kallasek adierazi du dagoeneko ari direla prestatzen erantzuna. Hala ere, Kallasek espero du merkataritza gerrari izkin egitea, «merkataritza gerretan ez baita irabazlerik».

Zein izan daitezke Trumpen muga zergen ondorioak AEBetan bertan?

Izan ere, Trumpek piztutako merkataritza gerra ondorioak izaten ari da dagoeneko AEBetan. Uste dute inflazioa handituko dutela, inportazioak, salgaiak, garestitu egingo direlako kontsumitzaileentzat. Hori aintzat hartu dute analistek, eta, esaterako, uztailetik irailera arte atzeratu dute Erreserba Federalak interes tasak jaisteko aukera.

Dolar indartsuago batek —eta harekiko dolar kanadar, peso edo yuan ahulagoek— neurri batean konpentsatu dezake muga zergen garestitze hori, baina dolar indartsuak aldi berean kalte egiten die esportazio estatubatuarrei, haiek garestitzen dituelako, eta, horren ondorioz, lehiakortasuna murriztu. Uste dute horrek AEBetako industriari kalte egin diezaiokeela, eta enpleguak galaraztea ekarri. Adibidez, Erreserba Federalak kaleratu duen txosten batean diotenez, Trumpen lehen agintaldian indarrean jarritako tarifek industrian enplegua galtzea eragin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.