Histeriatik gertu dagoen erreakzioa eragin du Errioxako sor-markan eta, handik harago, Errioxako agintarien artean ere ABRA Arabako Errioxako upategi txikien elkarteak bultzatu duen Arabako Mahastiak zigiluak. Espainiako aldizkari ofizialean da jadanik sor-marka proiektua, Eusko Jaurlaritzak bide eman ondoren, eta Europako administrazioan egin beharreko urratsen zain. Arabako Mahastiak eratzeko upategi txikiek duten eskubidea defendatu du Gasteizko gobernuak —Arabako Aldundiaren jarrera ofizialetik aldenduz—, eta horrek erreakzio gogorra eragin du Errioxako sor-markan; hedabide batzuk buru-belarri daude azken asteetan Arabako Errioxako upategi txikien aurkako kanpaina gogor batean, eta haien azken albistea da ABRAko zazpi upategik utzi egin dutela elkartea ez daudelako ados zigilu berria sortzearekin. 110etik gora kide daude ABRAn.
«Egon nahi dutenak daude Errioxako sor-markan», esan zuen atzo jatorri izen horretakopresidente Fernando Salamero arabarrak. Berretsi zuen ABRAk ez duela esan Errioxako sor-marka utzi nahi duenik. Errioxan zabaldu den urduritasunak eragindako galdera izango zen, oso urrun baitaude sor-markaren aterkia utzi nahi izatetik, Bastida, Samaniego, Guardia, Elvillar, Mañueta eta Arabako Errioxako beste herrietako upategi txikiak. Beste zigilu bat izan arte behintzat.
Baina ABRAko mahastizainek eta ardogileek sarritan azaldu dute Errioxako jatorri izena gobernatzen duten upategi handien mende ez dutela gerorik, haien bideragarritasuna kalitatea baita, eta Errioxan kantitatearen apustua ari baita gailentzen aspaldian. Horregatik bultzatu dute Arabako Mahastiak zigilu berria, beren arauez lehiatu ahal izateko.
Baina horrelako azalpenek ez dute lekurik ardoa, politika eta enpresen interesak nahasten diren auzi horretan. «Arabarrek modan jarri nahi dute, eta desberdinagoak izan», esan du Errioxako presidente Concha Andreuk asteon, Arabako Mahastiak gutxietsi nahian. Errioxako ozeanoan desberdintzea da, ordea, txikien flotagailua aspaldian.
Haserreak ez du etenik Errioxan, ABRAren zigilu berria dela eta
Sor-markako buruak esan du «nahi dutenak» daudela jatorri izenean. «Arabarrek modan jarri nahi dute», Errioxako presidentearen ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu