Boston Celtics NBAko saskibaloi talde historikoa bi aldiz izan da albiste azken asteetan. Batetik, hemezortzigarren aldiz izan delako txapeldun, eta bakarrik gelditu da titulu gehien duten taldeen zerrendan; eta, bestetik, Boston Basketball Partners (BBP) frankiziaren jabetzaren zati handiena duen akziodun multzoak taldea salgai jarri duelako.
Larry Bird, Kevin McHale, Robert Parish... Haiek bai zirela Celticsen jokalari onak. Oraingoek, aldiz, ez dute odolik, eta hirukoak bota baino ez dute egiten. Ulertzekoa da saldu nahi izatea.
Tira, aurten Bostonek 16-3ko marka lortu du kanporaketetan, eta partidako puntu gehien sartu duen inoizko txapelduna izan da. Nagusitasun handiz izan dira txapeldun.
Ados, baina 1980ko hamarkadako NBA askoz hobea zen.
Nostalgiak itsutzen zaitu. Datuek eta negozioak aurkakoa diote. NBAk inoizko audientzia handiena du gaur egun, mundu osoan ikusten da, eta NBCk, Disneyk eta Amazonek 70.000 milioi euro ordaindu dituzte hurrengo 11 urteetako telebista eskubideengatik; %250 hobetu dute oraingo kontratua.
Orduan, pagotxa badator, zergatik saldu taldea txapeldun izan ondoren?
Ekonomia irakasleek esaten dute ondo doanean saldu behar dela taberna, bezero asko dituenean.
Eta Celticsen taberna ondo doa, ezta?
Bai, iaz 81 milioi euro irabazi zituen; 2022an, 126 milioi; 2021ean, 42 milioi; eta 2020an, 80 milioi. Kopuru horiei zergak eta maileguen interesak kendu behar zaizkie.
Bada, ez dut ulertzen.
Jabeek «ondare eta familia arrazoiak» eman dituzte argudio moduan, eta eroslegaiei jakinarazi diete akordioa orain egin arren 2028ra arte jarraituko dutela taldea gidatzen.
Alegia, diru kontuak, ezta?
Bai, asko gainera. NBAk inflazio garaia du. BBPk 332 milioi euroan erosi zuen taldea 2002an, eta, Forbes-en arabera, gaur egun 5.000 milioi balio du. NBAko talderik garestienetan laugarrena da.
Zergatik diozu inflazio garaia dela?
Iaz NBAko lau talde saldu zituzten —Milwaukee, Charlotte, Dallas eta Phoenix—, eta guztiak 2.700 milioi eurotik gora. Phoenix saldu zuten garestien: 3.700 milioi. Charlotteren kasuan, esaterako, Michael Jordan zen akziodun nagusia, eta salmentarekin jokalari ibilbide osoan baino diru gehiago irabazi zuen.
30 taldetik bost saldu dituzte bi urtean; askotxo, ala?
Esan dizut inflazio garaiak direla, baina baita jokalarien soldatetan ere. Ligaren soldata muga goraka doa, eta hura gaindituz gero ordaindu beharreko isunak gero eta handiagoak dira; Bostonek, esaterako, askogatik gainditzen du. Jokaleku berria ikusita, jabe batzuek irtetea erabaki dute, eta patrikak beteta bada, hobeto.