Handinahikeria zigortzeko dieta

37.000 milioi euroren erreskatearen truke, beren neurria %60 txikitu beharko dute Espainiak nazionalizatutako lau bankuekMilaka langile kaleratuko dituzte, ehunka bulego itxiko eta parte hartzeak salduko

Iker Aranburu.
2012ko azaroaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erreskatearen dirua ez zaie doan iritsiko Espainiako Gobernuak nazionalizatutako bankuei —Bankia, Novagalicia Banco (NCG), Catalunya Banc eta Banco de Valencia—. Beren handinahikeriak eraman ditu porrotaren atarira, eta haien neurria %60 txikituta ordainaraziko die bekatua Europako Batzordeak. Ehunka bulego itxi beharko dituzte, milaka langile kalera bota, beste enpresetan dituzten akzioak saldu eta mailegu saldoak utzi beharko dituzte lehiakideen esku. Herritarrak jada ari dira ordaintzen faktura, bankuak salbatzeko dirua jarri behar izateak beste arlo batzuetan murrizketak eta zerga igoerak ekarri dituelako.

Berregituraketaren bidez, Bankia, NCG eta Catalunya Banc urte batzuen buruan erakunde bideragarriak izango direla uste du Joaquin Almuniak, EBko Lehiarako komisarioak. Azken bi horiek onbideratzeko bost urte izango ditu Espainiako Gobernuak. Denbora horretan saldu beharko ditu, eta egiten ez badu, likidatu egin beharko ditu. Litekeena da horretaraino ez iristea: hasita dago Kataluniako bankua saltzeko prozesua, eta urtarrilean da erabakitzekoa noren esku geratuko den. Santander da faboritoa. Galiziako bankua bere kasara ari da inbertitzaile pribatuen bila.

Bruselak, ordea, Banco de Valencia ez du ikusten bakarrik aurrera egiteko moduan, eta horregatik onartu du Caixaren esku geratzea. Euro bateko prezio sinbolikoa ordainduko du Kataluniako kutxak, eta izan ditzakeen galera batzuk ere estaliko dizkio FROB berregituraketa funts publikoak.

1. Erreskatea

Guztira, 36.965 milioi euro jasoko dituzte lau banku nazionalizatuek. Horietatik ia erdiak (17.960 milioi) eskuratuko ditu haien artean handienak, Bankiak. Catalunya Bancek 9.080 milioi jasoko ditu, NCGk 5.425 milioi, eta 4.500 Banco de Valenciak. Horri gehitu behar zaizkio beste 2.500 milioi, banku horien eta beste batzuen etxegintzako aktibo toxikoak garbitu behar dituen Sareb banku txarraren kapitalerako. Larunbatean da lanean hastekoa.

Kontuan izanda lau banku horiek 30.000 milioi inguru jasoak dituztela diru publikotik, haien erreskateak 67.000 milioi euroren kostua izango du herritarrentzat. Gutxi gorabehera Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren barne produktu gordina da hori. Horri gehi dakioke banku horien aktibo txarrenek Sarebi ekar diezaioketen galera.

Diru publiko horren zati bat agian berreskuratuko da etorkizunean, banku horiek akziodun pribatuei saltzen zaizkienean, baina zati bat betiko galduko du estatuak. Esaterako, Banco de Valencia euro baten truke saldu dio Caixari, baina hura salbatzeko 7.000 milioi jarri ostean.

2. Jatorrietara itzuli

Bruselak uste du gehiegi hazi izanaren ondorioa direla banku nazionalizatuen arazoak, eta, horregatik, argaltzeko dieta ezarri die. Funtsean, beren jatorrizko lurraldeetako banku minorista izatea nahi du, hau da, herritarrak eta enpresa txiki eta ertainak finantzatuko dituzten erakundeak. «Esperientziak erakutsi digu muga geografikoa duten erakundeek gauzak egiteko moduko ezagutza jakin bat dutela, eta hortik ateratzen direnean sortzen zaizkiela arazoak», azaldu du Almuniak. Hori esateko beste modu bat da atzerriko kredituen iturria itxi zitzaienean egin zutela pott, eta, hortaz, beren burua finantzatzeko gai izan beharko dutela aurrerantzean: beren bezeroen gordailuekin, alegia.

3. Mailegu gutxiago

Banku nazionalizatuek etxegintzaren sustapena utzi beharko dute, eta orain dituzten aktiboak Sareben esku utzi beharko dituzte. Oro har, beren aktiboen (maileguak nagusiki) %60 utzi beharko dituzte, 2010ekoarekin alderatuz gero, hau da, maileguak saldu beharko dizkietela beren lehiakide batzuei. Bankia hasi da kontuak egiten. Jose Ignacio Goirigolzarri bankuko presidenteak atzo iragarri zuen estrategikoak ez diren aktiboak 90.000 milioi eurotik 40.000 milioira jaitsiko direla: 25.000 milioi Sareben poltsara igaroko dira, 17.000 milioiren kredituak salduko ditu, eta 8.000 milioiren balio zorroak (akzioak batez ere). %60 argaltzera iristeko ahalegin handiagoak egin beharko ditu Bankiak, EBk 306.000 milioi euroren aktiboak aitortu dizkiolako. 72.000 milioiren aktiboak ditu NCGk, eta 77.000 milioi Catalunya Bancek.

4. Parte hartzeak

Aktiboak gutxitzeko beste modu bat bankuek industrian dituzten parte hartzeak saltzea izango da. «Salmenta horiek berregituraketa finantzatzen lagunduko dute eta, hortaz, laguntza publikoen kopurua txikituko dute», gogorarazi du Almundiak. Bankiarenak dira parte hartze handienak: Mapfreren %15 du, IAGren (Iberia-British Airways) %12, NH Hotelesen %10, Realiaren %28... Iberdrolaren %5,7 erosi nahi dionak gutxi gorabehera mila milioi pagatu beharko dizkio. NCG akziodun da Itinere, Adolfo Dominguez, NH eta Sacyrren, baita Tavex euskal oihalgintza enpresan ere. Gas Natural eta Abertis dira Catalunya Bancen parte hartze handienak.

5. Langileak

Herritarrek gehien igarriko duten aldaketa bulegoen desagertzea izango da: erdiak itxi beharko dituzte. Eta haiekin batera, milaka lanpostu galduko dira. Horietako dozenaka edo ehunka batzuk Euskal Herrian bertan, gurean ia 90 bulego baitituzte nazionalizatutako bankuek. Bankiak 45 ditu, Catalunya Bancek hamazazpi, eta hamahiru NCGk (bederatzi Evo filialarenak dira). Banco de Valenciak lau besterik ez du, guztiak Nafarroan: hiru Iruñean eta bat Tuteran. Azken horien geroak dirudi guztien artean zailena, haren jabe berri Caixak bulegoak sobran baititu Nafarroako Kutxa erosi zuenetik.

Bankiak 650 bulego ixteko asmoa zuen, baina orain Bruselak beste 400-450 ixtera behartuko du. Horietako asko errentagarriak direla ohartarazi du Goirigolzarrik. Kaleratze hutsak eragozten saiatuko direla iragarri du Bankiako buruak. 6.000 enplegu inguru joango dira Bankian (20.500 ditu), eta beste 2.500 NCGn, atzo iragarri zuenez. Banco de Valenciak 360 langile kaleratzeko espedientea hitzartu du.

6. Preferenteak

Erreskatearen faktura beste 10.000 milioi euro arintze aldera, Bruselak erabaki du banku nazionalizatuetan dirua jarri zutenek beren inbertsioaren zati bat galduko dutela. Bankiak kopuruak jarri dizkio agindu horri: parte- hartze preferenteak dituztenek jarritakoaren %39 galduko dute, %46 betiko menpeko zorra erosi zutenek eta %14 epe muga duen zorraren erosleek.

Finantza sektorea berregituratzeko hartu diren neurriei oniritzia eman zien atzo Naziorteko Diru Funtsak (NDF). Erreforman «aurrerapen handia» egin dela uste du, baina, era berean, orain erronkarik zailenak konpontzeko tenorea datorrela azpimarratu du.

Erritmoa azkartzearen aldekoa da NDF. Esaterako, balioa sortzea bermaturik ez duten bateratzeak baztertu, eta bideragarriak ez diren erakundeak lehenbailehen likidatzea nahiago luke. Nazionalizatutako erakundeak onbideratzeko prozesuaren ondorioekin ere tentuz aritzeko eskatu du. Kontuan hartu behar da sektore pribatuko kredituaren %40 inguru erakunde horietan biltzen dela, eta azkarregi murrizteak krisiaren irtenbiderako traba izan liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.