Ostalaritza sektoreko Bizkaiko lan hitzarmenaren negoziazioak bidegurutze batera iritsi dira azken asteetan. 26.000 langileren lan baldintzen oinarria beharko lukeen akordioa 2019an iraungi zen, eta, harrezkeroztik, pandemia tarteko, ez da akordiorik egon sindikatuen eta Bizkaiako Ostalaritza Elkartearen artean. Duela hilabete batzuk, baina, elkarrizketen haizea aldatu egin zen, eta LABek, CCOOk eta UGTk —ordezkaritzaren %54; beste %46 ELArena da— zazpi urterako aurreakordioa adostu zuten patronalarekin. Besteak beste, urte horietan galdutako erosahalmena berreskuratzea (%12,2) eta KPIaren araberako soldata eguneratzea adostu zituzten.
Akordioan, halaber, rider-ak eta sukaldaritza modernoaren arloko langileak sartu zituzten. Azken horrek Burger King, Tacobell, Mc Donalds eta Five Guys janari lasterreko kate handiak hartzen ditu barnean. Baina zergatik dute izendapen propioa? Besteak beste, iazko maiatzetik, Espainian eragin ahalmen osoko lan hitzarmen propio duelako sektore horrek. Enpresa horiek 2021ean erabaki zuten ostalaritzatik kanpoko sektore lan hitzarmen propioa adostea, eta, ELA, LAB eta CIG sindikatuen helegitearen ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak iaz berretsi zuen lan hitzarmen horren zilegitasuna.
Auzitegi Nazionalak jardun horren berezitasunak aztertu zituen, eta ostalaritzakoekin bat ez datozela ebatzi zuen. Ordura arte, Bizkaian esaterako, langile horiek ostalaritzako lan hitzarmenaren babesean ziharduten urte luzez. Epaileen ustez, kate handien eta beste jatetxeen arteko lan egiteko modua ezberdina da, eta «produktu berezituak» eskaintzen dituzte. Alegia, ez dela gauza bera hanburgesa bat edo izen-abizendun hanburgesa bat.
Alderik handiena, dena den, lan baldintzetan dago. Esaterako, III. eta IV. kategoriako langileek 14.658 eta 14.000 euro gordin jasotzen dituzte urtean, hurrenez hurren; Bizkaiko ostalaritza hitzarmenean, aldiz, 21.285 eta 20.103 euroko oinarria dute. Akordio berriarekin, esan bezala, %12 handituko lirateke kopuru horiek. Ordu gehigarriei dagokienez, ostalaritza hitzarmenean hobeto ordaintzen dira, sukaldaritza modernoaren arloan, aldiz, ez. Dena den jakina da ordu gehigarrien kontrola dela sektorearen gabezia handietako bat.
Bizkaiko lan hitzarmena ekainaren 14an zen sinatzekoa, baina AEMR kate handien Espainiako elkarteak burofax bat bidali zuen Lanbide Harremanen Kontseilura, eta jakinarazi euren langileen baldintzak arautzen dituen hitzarmena Espainiakoa dela eta CCOOk eta UGTk berretsi zutela. Bizkaiko patronalak kate handietako langileak barneratu gabe eskaini zuen, segurtasun juridikoaren izenean; LABek, aldiz, ez zuen onartu, besteak beste, argudiatuz sektoreko langilerik prekarioenak ezin zirela albo batera utzi. 1.000 inguru dira, gehienak etorkinak, eta lanaldi osoak ez dira ohikoak.
Egoerak gurutze bide handi batean sartu du negoziazioa. LABek argi du ez duela jarraituko kate handietako langilerik gabe, eta, hura gabe, ez dago gehiengorik. Halaber, uste du salbuespen hori onartzea aurrekari arriskutsua izan daitekeela, esaterako, hoteletako garbitzaileentzat. Sindikatu abertzalea prest dago sektorean behar adina pedagogia egiteko.
EAEko lan hitzarmenei lehentasuna ematen dien errege dekretuarentzako proba gogorra da hau. Nabarmentzekoa da Espainiako sukaldaritza modernoaren hitzarmena sinatu aurretik jardun horiek ostalaritzako hitzarmenaren barnean zeudela, eta, esaterako, Gipuzkoako hitzarmenean, barneratuta dagoela. Orain argitu beharko da, zein hitzarmenek duen lehentasuna eta errege dekretu horrek nora arteko eragina duen. Kate handien elkartea, dena den, borrokarako prest dagoela dirudi, eta ez litzateke arraroa auziak epaitegietan amaitzea.