Hamarretik ia sei langilek lan hitzarmena eguneratua dute EAEn

Lan Harremanen Kontseiluak iazko datu onak txalotu ditu, eta aurtengo antzeko joera espero du. Hitzarmena iraungia zuten langileak gutxitu egin dira urtebetean, %5,6tik %4,6ra.

Emilia Malaga Perez, Lan Harremanen Kontseiluaren presidente berria, gaur. MARISON RAMIREZ / FOKU
Emilia Malaga Perez, Lan Harremanen Kontseiluaren presidente berrian, gaur. MARISON RAMIREZ / FOKU
irene baranano
2024ko uztailaren 16a
12:00
Entzun

Negoziazio kolektiboarentzat urte oparoa izan zen iazkoa, oparoena 2012ko lan erreformaz geroztik, eta 2024a ere bide beretik doa. Maiatzaren amaieran Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %58,3k zuten lan hitzarmen eguneratua. Datua iazko abendukoa baino pixka bat apalagoa da  —%63,8 zen abenduan—, baina hala ere ontzat hartu du Emilia Malaga Perezek, Lan Harremanen Kontseiluko presidente berriak, halako kopuru handirik ez zelako ikusten aspaldi maiatzean.

2023ko LHKren memoria aurkezteko egindako agerraldian, Malagak azaldu du  2023an eta 2024an bertan behera zeuden akordio batzuk berreskuratu direla, eta batzuk aipatu ditu: Gipuzkoako sukaldaritzarena, Bizkaiko larrugintzaren eta oinetakoen arlokoa, eta Arabako elikaduren sektorearena. Horri esker, hitzarmena iraungia duten langileen kopuruak behera egin du: 2023an, %5,6 ziren, eta aurten, %4,6.

 

%4,6

Zenbat langile dauden lan itunik gabe. Hitzarmen iraungien portzentajeak behera egin du aurten: 2023ko abenduan langileen %5,6k ez zuten itunik, eta %4,6 ziren maiatzaren amaieran, azken hamarkadako kopururik txikiena.

LHK-ko presidenteak beste datu bat aipatu du: negoziazio kolektiboak ez ditu barne hartzen soldatapekoen %7,6. Hortaz, 50.039 soldatapekok «lan hitzarmenik gabe jarduten dute», esan du. Horietatik, 28.000 bat etxeko langileak dira.

Gatazkakortasunari dagokionez, urtarril eta martxo arteko aldiak aintzat hartuta, greba kopuruak behera egin du 2023an eta 2024an. Aurten, halere, nabarmen igo dira grebetako partaideak, Malagaren arabera, zerbitzu publikoetako greben ondorioz. Datutan jartzeko, aurreko bost urteetako kopururik handiena jaso zuen lehen hiruhilekoa 2022koa izan zen, 9.078 grebalari bilduta. Aurten, aldiz,19.988 partaide erregistratu dira, ordukoa halako bi baino gehiago.

Negoziazio sektoriala eta EAE barnekoa

LHK-ko presidenteak nabarmendu du negoziazio kolektiboa batik bat sektoriala dela eta, oro har, EAEn negoziatzen dela. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginen %74,6k sektoreko lan hitzarmen baten aterkipean egiten dute lan, eta, gainera, lan hitzarmenen %71,9 hiru lurraldeetako batean negoziatu dira.

2012ko erreformaren ondorioz, EAEn negoziatutako lan hitzarmen batzuk bertan behera geratu ziren, baina joera aldatu dela uste du Malagak:  «Azken urteetan gure negoziazio esparru asko berreskuratu ditugu. Ondorioz, hitzarmen iraungien menpe dauden langileak gutxitu egin dira, eta hemen negoziatutako itunen babespean daudenak ugaritu». Edonola, oraindik ere, EAEen negoziatutako hitzarmena iraungia dute 34.838 langilek.

LHKren arabera, hitzarmenak berritzeko negoziazioak gero eta luzeagoak dira. Zehazki, gaur egun duela hamabost urte halako bi irauten dute. 2023an, batez beste, 624 egunekoak izan ziren.

Eta luzeagoak dira lan itunen indarraldiak ere: EAEn negoziatutako itunen %84,9 hiru urterako edo gehiagorako sinatzen dira, eta langileen %91,5i eragiten diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.