Hamar urtean %12 jaitsi da okintza eta gozogintza artisauen gaien kontsumoa

COVID-19aren pandemia, Ukrainako gerra eta gizartearen kontsumo ohituren aldaketa dira beherakada horren eragile nagusiak. Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoa emango dio sektoreari

Ezkerretik eskuinera, Lorena Gomez, Bittor Oroz eta Mikel Garmendia, atzo goizeko prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako okindegi eta gozotegi artisauen sektorea «ez dago garai gozoan». Horixe adierazi zuen EuskoJaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikakosailburuorde Bittor Orozek, atzo goizean egindako prentsaurrekoan. Izan ere, azken hamar urteotan %12 jaitsi da produktu horien kontsumoa. Azken hiru urteotan, berriz, %7ko beherakada izan du.

Gipuzkoako Okinak Gipuzkoako Okindegien Elkarteko presidente Mikel Garmendiaren esanetan, COVID-19aren pandemia piztu baino lehen hasi zen behera egiten ogi eta gozo artisauen kontsumoa. Prezioen aldakortasuna —nabarmen igo dira azken urtean— kontuan hartu beharreko eragilea den arren, azpimarratu zuten gizartearen kontsumo ohiturak aldatu direla eta, horren ondorioz, «nabarmen» murriztu dela okindegi eta gozotegi tradizionalen negozioa.

Kontsumo ohituren aldaketaz gain, sektorean «ondorio latzak» izan dituzte pandemiak eta Ukrainako gerrak. Batetik, pandemian okindegiak irekita egon ziren arren —ogia oinarrizko elikagaia izateagatik—, Gozoa Gipuzkoako Artisau Gozogileen elkarteko presidente Lorena Gomezek azaldu zuen gozotegiek «beren ateak itxi behar» izan zituztela. Bestetik, Ukrainako gerraren albo kalteak pairatu dituzte sektorean: garestitu egin dira ekoizpenerako beharrezkoak diren oinarrizko lehengaiak, baita ordaindu beharreko argindar eta gas fakturak ere. Sektorearen zailtasunik «handienetako» bat izan da gainkostu horiei aurre egitea.

Prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean abian jarriko duten kanpaina aurkeztu zuten: Okintza eta gozogintza artisaua, bihotzez egina. Xede du okintza eta gozogintza artisauei «balioa ematea» eta kontsumitzaileak sektorera hurbiltzea.

Helburu hori lortze aldera, bi ildo nagusiri ekingo diete: batetik, Orozek iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoa bideratuko duela sektorera, baina ez zuen zehaztu laguntza horren inguruko xehetasunik; bestetik, asmoa litzateke ekoizpen tradizionala egiten duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gozotegien eta okindegien produktuak zigilu baten bidez identifikatzea.

Etorkizuna kolokan

Hiru lurraldeetan 5.600 pertsona inguruk egiten dute lan sektore horretan, eta 2.300 establezimendu inguru daude. Baina horietako askok ez dute segidarik izango; belaunaldi gazteen erreleborik eza da okintza eta gozogintza artisauaren arazorik handienetako bat.

Horiek hala, Gomezek «beharrezkotzat» jo zuen sektorean lan egiteko formakuntzak sustatzea. Hala ere, horiek «beste ikuspegi batetik» eskaini behar lirateke. Bada, haren arabera, ofizioan «ezinbestekoa da bihotzarekin lan egitea eta sormena izatea». Horrekin bat egin zuen Garmendiak: «Labeen bihotzetan bizi gara, eta gure produktuak ere horrela egiten ditugu, bihotzez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.