Akordioen urtea izan da hitzarmen kolektiboen negoziazioen alorrean, baina baita lan gatazkena ere. Batera ala bestera uler daiteke. Hamar langiletik hiruk itun berriarekin hasi dute urtea, baina zenbait sektore eta enpresatan mobilizazio eta protesta dinamika luze baten ondoren gertatu da hori. 78.502 langilek egin zituzten lanuzteak iaz, eta erregistratutako egunen %80 metalgintzako beharginek eta itunpeko irakaskuntzakoek egin zituzten.
LHK Lan Harremanetarako Kontseiluaren urteko txostenean azaltzen dira datuok. Horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 311.814 langilek (%51,6k) indarrean dute lan hitzarmen kolektibo bat: azken bost urteetako ehunekorik handiena. Kontaketa horretan ez dituzte gehitu urte amaieran itunpeko irakaskuntzan eta Bizkaiko metalgintzan sinatutakoak. Horiek batuz gero portzentajea %61,1 izango litzatekeela azpimarratu du LHK-k.
Txosten horren arabera, nabarmen igo da hitzarmena berritu dutenen kopurua: 2019aren hasieran %35,5 behargin ari ziren itunarekin lanean; urtebetean, beraz, hamar langitetik hiruk berritu dute hitzarmena: 103.536k —hiru sektore horietakoak kontuan hartu gabe—. Guztira, 289 itun berritu dituzte: 246 enpresakoak, eta 43 sektorekoak. %27,3 EAEn eragina duten Espainia mailako itunak dira.
Mobilizazioen eragina
Aldaketa horretan eragin zuzena izan dute urtean zehar izandako lan gatazkek. Mobilizazio ugari izan dira, eta azpimarratzekoak bi: Bizkaiko metalgintzakoenak eta itunpeko irakaskuntzakoenak. LHKren arabera, gatazka horiek eragin zituzten grebengatik lan egin gabe erregistratutako egunen %80 baino gehiago. Guztira, 264 greba egin ziren, eta 78.502 langilek parte hartu zuten: 38.188 egun egon ziren lanera joan gabe.
Era berean, 2019an 464 gatazka kolektibo aurkeztu zituzten Preco lan gatazkak konpontzeko organora, 117.988 langileri eragiten zietenak. 2018. urtearekin alderatuta, prozedura kopurua %2,5 murriztu zen, baina horiek eragindako langile kopurua %3,3 hazi zen.
Negoziazio kolektiboaren eraginpeko gainerako lan itunei dagokienez, 202.216 beharginek (%33,4k) hitzarmena luzatua dutela hasiko dute urtea. Epetik kanpo ari dira 484 enpresatan eta 78 sektoretan. Hala ere, kategoria horretan nabaritu da gehiago hitzarmenen berritzea: 75.492 langilek berritu dute ituna (%12,6k).
Hitzarmena iraungia dute, berriz, 90.918k langilek (%15): zortzi enpresatan eta 22 sektoretan. Akordioek neurri apalagoan eragin dute kasu honetan: urtebetean 21.156 langilek berritu dute (%3,5 gehiago).
Kontratu gutxi
Beste hainbat alorri erreparatu die LHK-k. Adibidez, soldaten igoerari. 2019an indarrean zeuden hitzarmenen batez besteko soldata igoera %2 izan zela dio, eta, urte horretan berritu ziren itunen kasuan, %2,25. LHK-k azpimarratu duenez, KPIaren gainetik igo ziren: urte arteko igoera %1,2 izan zen EAEn; eta batez besteko inflazioa, urte osorako, %1.
Lan kontratuen alorrean, berriz, azterketak datu kezkagarria utzi du: aurreko urtearen aldean, apenas igo diren %0,7. Kontratu mugagabeak %5,3 jaitsi dira; aldi baterako kontratuak, aldiz, %1,3 igo. Hala ere, langabezia tasa aurreko urtean garai berean erregistratu baino puntu bat beherago dago; 2019ko azken hiruhilekoan %9,3a zen. Lana erregulatzeko espedienteak, berriz, gutxitu egin dira: iaz, 2.449 langile kaleratu zituzten hala, aurreko urtean baino %23,2 gutxiago.
Lan istripuei buruzko datuak ere jaso ditu LHK-k: azarora arte, 30.243 izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %8,8 gehiago, dioenez. Istripu larriak izan zituzten 149 langilek (%8 gutxiago), eta 24 behargin hil ziren, aurreko urtean baino %25 gutxiago.
Hamar langiletik hiruk lan itun berria dute
LHKren arabera, hitzarmenarekin lanean ari direnen kopurua azken bost urteetako handiena da. Iaz, 78.502 langilek egin zituzten lanuzteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu