Lehen seihilekoaren ekonomia barometroa aurkeztu du Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberak, eta argazki iluna erakutsi du. Ipar Euskal Herriko 220 enpresak erantzun zuten ekainaren 22 eta 26 artean egin zuten galdeketa hori. Ekainetik egoera aldatu bada ere, koronabirusaren krisiak Ipar Euskal Herriko ekonomian izan dituen eraginei buruzko elementu batzuk ematen dituzte emaitzek. Hiru lurraldeetako jarduera ekonomikoaren datu nagusiak ere eman ditu MIGek. «Osasun krisi hau krisi ekonomiko bilakatzen ari da. Haatik, desesperazioaren krisi bilaka dadin eragotzi behar dugu. Merkataritza eta Industria Ganberak hor gaude, enpresak laguntzeko», adierazi du Andre Garreta MIGeko buruak.
Egoera beltza marraztu du enpresaburuak, eta esplikatu du Ipar Euskal Herrian koronabirusaren eragina «handia» izan dela enpresa guztientzat. «Bereziki enpresa txikiak dira ukituak, baina baita autonomoak ere, horiek ez baitute babesik. Momentu zail hauek pasatzeko laguntza eskaini diegu, haiengandik ahalik eta hurbilen egoteko. Ez soilik diruzaintzan dituzten arazoetan, baita moralki ere. Horietako anitz maila dramatikoan dira. Ez dute gehiago eskugaineko dirurik, ez dute etorkizunik; hor egon behar dugu, haien ondoan, jokaleku ekonomikoan berriz kokatu daitezen». Udak egoera pixka bat hobetu badu ere, ondoko aste eta hilabeteetan egoera konplikatuko dela uste du Garretak.
MIGek eman dituen datuen arabera, 2020ko lehen seihilekoa iazkoa baino «hobea» izan zen, enpresa gutxiago «erori» baitziren (750); hala, iaz baino 1.078 enpresa gehiago daude orain: %17,2ko emendatzea. Haatik, langileen kopurua doi bat apaldu da (%0,6), nahiz eta langabezia partzialaren dispositiboak lanpostu gehienak atxikitzea bermatu. Garretak eman dituen datuen arabera, sektore ekonomiko guzietan langile kopurua emendatu da, oro har: zerbitzuetan (-%2), ostalaritzan (-%4,7) eta aldi bateko lanaldietan (-%21,3). Martxoaren 15etik aitzineko konfinamenduaren eraginarekin lotu du MIGeko buruak. Langabe kopurua emendatu egin da (+%7,8); era berean, enpresek emandako erantzunen arabera, gero eta zailagoa zaie langileak bilatzea. 2020ko lehen hiruhilekoan, 2.129 eurokoa zen batez besteko soldata gordina Ipar Euskal Herrian.
2020. urtearen hasieran egoera ekonomikoaren «hobetze» bat ikus bazitekeen ere, koronabirusaren krisiak «eragin handia» izan du, eta ekonomiaren zenbaki adierazle negatiboekin bukatu zen lehen seihilekoa, MIGen datuen arabera. «Enpresen %70ek urteko negozio zenbatekoaren apaltze bat izan dute, mozkinak beheititu zaizkie, eta langile gehiago ez hartzea erabaki dute. Diruzaintza beti da konplikatua, baina zenbaki gorriak dituzte orain; are gehiago, enpresek lan gehiago izaten dutelako bezeroek ordaindu diezaieten», xehatu du Garretak.
Hiru sektore nabarmendu ditu gehien sufritu dutenen artean: aeronautika, turismoa eta zerbitzuak. Miarritzeko aireportua kudeatzen duen sindikatuak prentsaurrekora deitu du ostegun honetarako. Azken hilabeteetan, behin baino gehiagotan aipatu dute jardueraren apaltze nabarmena izan dutela eta horrek egoera oso konplikatu batean jartzen zituela.
Industria ere ukituenetako bat da, Garretaren hitzetan, gehienek ez baitute urteko negozio zenbatekoa berreskuratu. «Ostalaritza lehen hiruhilekoan izan zen gehien hunkia, baina udako sasoiarekin zerbait berreskuratu du. Udako sasoi ondoreneko hau berriz konplikatua izanen dela dirudi», adierazi du.
Apaltzea konfiantzan
MIGen arabera, Ipar Euskal Herriko enpresaburuen %72k konfiantza dute etorkizunean; iaz baino hamar puntu apalagoa da kopurua. Enpresen %26k baizik ez dituzte egin inbertsioak lehen seihilekoan, eta %17k baizik ez zuten bigarren seihilekoan inbertsioak egitea aurreikusten, kontuan hartuta galdeketa ekainean egin zela eta ordutik egoera okerrera aldatu dela.
Enpresak koronabirusaren krisiari aurre egiten laguntzeko, France Relance programa bultzatu du Frantziako Gobernuak. Neurria goraipatu du Garretak, nahiz eta oraindik ez den jakina Ipar Euskal Herrian zer emanen duen: «Gobernuak osoki bete du bere laguntzaile rola».
Hamar enpresatik zazpiri negozioa nabarmen apaldu zaie Ipar Euskal Herrian
Udako sasoiak datuak «hobetu» baditu ere, egoerarekin «kezkatua» agertu da Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako burua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu