Lan iruzurraren aurka borrokatzeko tresnaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontratu partzialdun 10.331 langilek beren kontratuetan ageri dena baino lanaldi luzeagoa egiten dute. Erremintak Gizarte Segurantzaren datu baseetan eginiko azken galbahe handiaren ondorio da kopuru hori. Kontratu horiek islatzen duten partzialtasun koefizientea errealitatearekin bat ez datorrela salatu dute ikuskariek, alegia, kotizaturiko orduak ez datozela bat lan egindakoekin. Horiek konpontzeko asmoz, 5.310 enpresarekin jarri da harremanetan gutun bidez, hiru lurraldeetako enpresa guztien %9,3.
Iruzurraren aurka borrokatzeko tresna Jaurlaritzaren Lan saileko eta Espainiako Gobernuaren mendeko lan ikuskariek erabil dezaketen erreminta informatiko bat da, eta milaka kontratu ikuskatzeko aukera ematen die. EAEn bi erakundeen mendeko lan ikuskariak daude, eta lan urraketa askotarikoak ikuskatzen dituzte.
Datu baseetan eginiko azken galbahean lan kontratu partzialetan jarri dute arreta —lanaldi osokoak ez direnak—, eta 10.331 irregulartasun aurkitu dituzte. Edo, beste modu batera esanda, «desegokitasunak» aurkitu dituzte langileek aitortutako lanaldien eta benetan egindakoen artean. Gutuna jaso duten enpresek azalpenak emateko aukera dute, besteak beste, irregulartasuna nahita edo nahi gabe gertatu den argitzeko.
Konpondu eta ordaindu
Behin argituta, Gizarte Segurantzarekin harremanetan jartzera behartuta daude irregulartasuna konpontzeko. Atzerako eraginez konpondu behar dute, gainera. Langilearen lanaldiaren eta kotizazioaren artean desoreka egon den denbora tarteko ordainketa gehigarriak egin behar dituzte Gizarte Segurantzan. Erregularizatzen ez badituzte, ikuskaritza zehatzago bat egiten zaie.
2023aren amaieran EAEko kontratuen %16 ziren partzialak, eta 156.000 pertsonari eragiten zieten. Ohartarazpena jaso duten enpresen banaketa geografikoa hau da: Araban egoitza duten 869 enpresa (1.782 kontratu), Bizkaian egoitza duten 2.833 enpresa (5.956 kontratu) eta Gipuzkoan egoitza duten 1.608 enpresa (2.593 kontratu). Langileren bat kontratatua duten EAEko enpresen % 9,3 dira horiek.