Xabier Bengoetxea. Galagarza Electrodomesticoseko presidentea

«Hamar egun barru 250 langiletik gora egongo dira kontratatuta»

Fagor Etxetresnetako presidente izan zenak hartu du CNA taldeak Arrasaten sortu duen enpresa berriaren lema. Adjudikazioa lortu eta gero kontratatu zuten katalanek, proiektu berria gidatzen hasteko.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Arrasate
2014ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Fagor Etxetresnak ohiaren ondasun gehienak Galagarza Electrodomesticos enpresa berriarenak dira atzodanik, CNA taldearenak alegia. Bartzelonan sinatutako kontratuak bidea zabalik utzi du porrot egindako kooperatibaren jarduera batzuekin hasteko. Xabier Bengoetxea Fagor Etxetresnetako presidente izandakoak hartu du proiektu berriaren lema, Catak hura fitxatu ondoren. Beraz, hondoratutako enpresaren barruak xeheki ezagutzen dituen gizona aukeratu dute katalanek Euskal Herrian duten erronka zuzentzeko. Bengoetxeak BERRIA-rekin egin du lehen elkarrizketa Galagarza enpresako buru gisa.

Zorionak.

Eskerrik asko.

Noiztik zara Cata martxan jartzen ari den enpresa berriko presidente?

Orain aste batzuk hasi ginen lanean, baina, zorrotz esateko, gaurtik [atzotik], adjudikazioaren kontratua sinatu denetik alegia.

Nola esan behar diogu enpresa berriari: CNA, Cata, Fagor berria?

Oraingoz Galagarza Electrodomésticos da, baina Fagor produktuak ekoitziko ditugu, eta, beraz, merkatuak gu horrekin lotu beharko gaitu. Alegia, adjudikatarioa Galagarza da, baina oraindik ez da itxi erabat izenaren kontua.

Zergatik Galagarza? Garagartzari erreparatu diozue?

Bai. Orain San Andresen gaude, baina gure lantegi zentrala Garagartza izango da.

Fagor Etxetresnek bigarren aukera izango dute?

Garrantzitsuena enpleguak izatea da, zalantzarik gabe. Orain urtebete erori ginen, eta jende asko lanik gabe geratu zen. Egoera oso gogorra izan da, eta albiste onena enpleguaren aldetik dator orain. Datozen hiru-lau urteetan enplegu asko sortzea espero dugu, 700-800 lanpostu inguru. Hori da hemen oinarrizkoena.

Hiru-lau urte? Catak zioen lehen urterako 700 inguru sortuko zituela. Aurreikuspenak aldatu dira?

Ez, baina zenbakiak bete behar dira. Merkatura goaz, eta salmentak egiten hasi behar dugu, eta hori guztia ikusita erabakiko dugu nora iritsiko garen, baina gaur egun aurreikuspenak horiek dira: hemendik urtebetera 700 lanpostu inguru egotea, eta ahal bada, gehiago. Martxan jartzen garenean ikusiko da gai garen horretarako.

Eta zuk, Fagor Etxetresnetako gidari zinenez, bigarren aukera izango duzula sentitzen duzu?

Ez nuke esango hau bigarren aukera denik, baina bada aukera bat, erronka handia dugulako. Hutsetik hasten gara kasik, nahiz eta Fagor Etxetresnek historia luzea izan.

Nola hartu duzu likidazio prozesua, kontuan hartuta kooperatiba ohiko zuzendari Sergio Treviño Cataren lehiakide Cevitaleko ordezkaria zela?

Adjudikazioa egin zenean ez nengoen Catan. Ni Fagorreko langilea nintzen artean, eta ez nekien zer gertatuko zen, oraindik nire etorkizunari buruz hitz egin gabe nengoelako Catarekin. Geroago egin zidaten proposamena, adjudikazioa lortu eta gero. Pentsatzen nuen, hala ere, Catak apustu handia egin behar zuela, hasieratik interes handiena erakutsi duena izan delako.

Ez zenekien Catak 42,5 milioiko hordagoa jo behar zuela Treviñok Cevitalek adjudikazioa irabazi izan balu bezala prentsaurrekoa eman zuen egunean?

Ez.

Ekoizpena beranduenez bi asteko epean hasiko dela aurreratu da; hala da ?

Hamar egun barru produkzioarekin hasiko gara Eskoriatzan, lapikoekin, eta, Garagartzan, labeak eta egosketa plakak egiten. Ongi goaz epeekin.

Eta kontratazioak, nola doaz?

Erritmo onean. Martxan jartzerako 155 langile izango ditugu. Gaur egun 60 bat gara.

Bergarako Geyserreko lantaldearen gehiengoa zuen soldatapeko bihurtuko da aurki. Horiek ere 155eko kopuru horretan sartzen dituzu?

Ez. Geyserretik beste 100 inguru hasiko dira gurekin. Beraz, hamar egun barru 250etik gora kontratatu izango gara.

Nola ari zarete egiten elkarrizketen prozesua? Bakarrik bazkideak elkarrizketatzen dituzue?

Ez haiek bakarrik. Konpromisoa dago bazkideak hartzeko, baina baita Fagorreko soldatapekoak hartzeko ere. Bi urtean 120 bat hartu behar ditugu.

Azpeitiko Grumalekoak?

Grumaleko batzuk laster sartuko dira.

Eta Edesakoak?

Hangoak ere egongo dira ekoizpenerako lehen talde horretan.

Bergararen %50 zuena da kontatua sinatu denetik. Zer gertatzen da beste erdiarekin?

Erabateko akordioa dugu Vaillantekin beste erdia erosteko, eta 2015 hasieran transmisioa sinatzea aurreikusita dago.

Fagor Etxetresnen bazkide ohi asko Cataren soldatapeko bihurtzeari uko egiten ari zaizkiola argitaratu da. Harritu egiten zaitu horrek?

Bai, nik dakidala ez baita ari hori gertatzen. Zeharkako eskulanean bazkideak sartu dira gehien; hamarretik bederatzik baietz esan digute. Eta, orain, ekoizpenean aritzeko egin ditugun elkarrizketa gehienetan ere baiezkoa eman digute. Beraz, ez da egia ustezko uko orokor hori.

Zer egingo du desberdin Galagarzak Fagor Etxetresnen porrotaren bidea ez hartzeko?

Eredua bera aldatuko da. Guk lerro guztiak ekoizten genituen kooperatiban, eta orain, berriz, errentagarrienak diren lerroetan ariko gara. Haiek jarriko ditugu martxan, eta gero ikusiko dugu beste nonbaiten sar gaitezkeen. Hutsetik hasten gara, negozio baten alde okerrenak baztertuz eta alde onenei eutsiz.

Candyn gertatutakoak ez du beldurrik ematen?

Argi dago sektore honetan oso lehiakorra izan behar duzula. Jarduerari eusteko errentagarri izan behar da, eta horretarako, lehiakorra; hori da bide bakarra enpleguari eusteko.

Fagor taldeak Fagor marka ustiatzen utzi dizue, enpleguari lotutako akordio bati esker. Nolako harremana duzue Mondragonekin?

Ona. Ezin du bestelakoa izan. Galagarzan ari garenok lehen Fagor Etxetresnetan genbiltzan, eta harreman horri eutsi eta ahal dela indartu egin behar dugu.

Kooperatibako zuzendaritzan aritutako asko zaudete Galagarzan, eta zuzendari nagusi zena, Treviño, Cevitalek fitxatu du. Zer esaten du horrek gertatutakoaren arduren inguruan?

Fagorren kasua urte askotako prozesua izan dela eta ezin dela esplikazio soil batekin azaldu. Baina gertatutakoa gertatu da, eta hobe dugu aurrera begiratzea, atzera begira egotea baino. Enplegua eta aberastasuna sortzea da kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.