Hamahiru sagardogile gehiago bildu dira Euskal Sagardoa sor-markara

2017koa azken urteetako uztarik oparoena izan da: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jatorri deiturak lau milioi litro sagardo egin ditu, iazko hirukoitza. Sustatzaileak «pozik» daude hazkundearekin

Jon Fernandez.
2018ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Jakina zen sagar urtea izango zela 2017a, baina bereziki oparoa izan da ekoizpenari dagokionez, apartekoa. Azken datuei erreparatzea baino ez dago horretaz jabetzeko: Euskal Sagardoa zigilupean lau milioi litro sagardo ekoitzi dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 48 sagardogilek. Hortaz, iaz baino hiru aldiz handiagoa izan da produkzioa, 2016ko uztan 1,3 milioi sagardo ekoitzi baitzituzten bertako sagarrekin. Euskal Sagardoa jatorri izenaren sustatzaileak nabarmendu dute 2017koa uzta «historikoa» izan dela, eta adierazi dute «pozik» daudela hazkundearekin, bi arrazoigatik: batetik, sagardo kopuruak gora egin duelako, eta, bestetik, hamahiru sagardotegi batu direlako Euskal Sagardoa zigilura.

Iaz sortu zuten sor-marka sektoreko eragileek eta instituzio publikoek, elkarlanean, eta 2017koa du bigarren uzta, kupeletan dagoena. Bi ezaugarri ziurtatzen ditu jatorri deiturak: %100 bertako sagarrez egindakoa dela eta kalitate berme bat daukala. Oraingoz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagarrak biltzen ditu, eta kalitate probak Fraisoro laborategian egiten dituzte, bai fisiko-kimikoak eta bai organoleptikoak. Hazi fundazioak egiaztatzen du prozesu osoa.

Azken uztan 48 sagardogilek egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa, iaz baino hamahiru gehiagok: ekoizleen 41 gipuzkoarrak dira, bost bizkaitarrak eta bi arabarrak.

Sor-markaren 2017ko uztako lau milioi litro sagardoak ekoizteko, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako sei milioi inguru kilo sagar erabili dituzte, iazko uztan baino lau bat milioi kilo gehiago. Era berean, Euskal Sagardoa egiteko 250 hektareako sagastiak erabili dituzte —2016an, 200—, eta 200dik gora izan dira sagargileak.

Urtebetean, beraz, 50 hektareako sagastiak eta hamahiru sagardogile irabazi ditu sor-markak. Helburu nagusia lortzeko pauso sendo bat eman du sektoreak. Izan ere, bere buruari erronka jarria dio: 2032rako sagardo guztia bertako sagarrekin egitea, Euskal Sagardoa zigilupean, kanpotik ekarri behar izan gabe.

2032rako helburua

Horretarako, Gipuzkoak 310 hektarea sagasti gehiago behar ditu, hura baita Euskal Herriko sagardo ekoizle nagusia: 2016an, esate baterako, 87 sagardotegi zeuden zazpi lurraldeetan, eta horietatik 66, Gipuzkoan.

Lurralde horrek gaur egun 1.100 hektarea sagarrondo dauzka, eta 5-6,25 milioi kilo sagar ematen dituzte; hau da, 7,5 milioi kiloko hutsunea dago. Sagar gabezia hori dela eta, 2016an Euskal Herrian egindako 12,7 milioi litro sagardo egiteko, sagarraren %55 kanpotik ekarri zuten, eta soilik %45 zen bertakoa. Hain zuzen ere, egoera hori irauli eta 2032rako sagardo guztia bertako sagardoarekin egiteko asmoz sortu zen, iaz, Euskal Sagardoa.

Urtebetean norabide horretan emandako pausorik sendoenak, beraz, irabazitako 50 hektareako sagastiak eta hamahiru sagardotegiak dira. Ez horrenbeste, aldiz, litroak hirukoiztu izana, gorakada handi hori koiunturalagoa baita, 2017ko sagar urte bereziki oparoari lotua. Lehen uzta urtean, 2016an, EAEko sagardo ekoizpenaren %12 inguru ekoitzi zuten bertako sagarrarekin, Euskal Sagardoa zigiluarekin. Bigarren uzta urtean, ostera, %30era igo da portzentajea. Pentsatzekoa da hirugarren uzta urtean ekoizpena apaldu egin daitekeela —ez baita sagar urtea izango—, baina 2016an hasitako gorako joerari eustea da asmoa.

Sustatzaileek azpimarratu dute «estrategikoa» dela jatorri izena: «Sektorea elkartzen du, sagardoaren kultura sustatzen du, eta kontsumitzaileari tokiko eta goi mailako produktua ziurtatzen dio». Euskal Sagardoa sor-markak lortutako helburu nagusietako bat «sektorea batu izana da», sustatzaileen hitzetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagastiak eta sagardogileak biltzen ditu jatorri izenak, eta baita hiru diputazioak eta Eusko Jaurlaritza ere.

Jatorri deiturak badu interesa Euskal Herri osora hedatzeko, baita Nafarroako eta Iparraldeko sagardogile eta sagargileek ere. Bidea aurreratuago dute Hegoaldean. Nafarroako Sagardogileen Elkarteak egina du sor-markan sartzeko eskari ofiziala Nafarroako Gobernuan, eta Iruñeko eta Gasteizko gobernuak gaia aztertzen eta lantzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.