Hamaika urteren ostean, Sapako langileek hitzarmena berritu dute

Greba mugagabearen hirugarren astean lortu dute akordioa enpresarekin, eta protesta bukatu dute.

Sapako langileen protesta, joan den astean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Sapako langileen protesta, joan den astean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko martxoaren 27a
16:15
Entzun

Sapa Placencia enpresako langileak 2013. urtetik egon dira hitzarmenik gabe, eta, hiru asteko grebaren ostean, zuzendaritzarekin ituna adostea lortu dute gaur. Horrela, enpresako langileek amaiera eman diote martxoaren 7an hasi zuten greba mugagabeari. Sapa taldeak 250 langile inguru ditu, bi enpresatan banatuta: 192 batean, eta 60-70 bitartean bestean, eta armagintzan aritzen dira. Lehenengoaren langile batzordean bost ordezkari ditu ELAk, hiru LABek,  eta bat CCOOk; bigarrenak, berriz, ez du batzorderik.

2013tik hainbat aldiz igo dizkiete soldatak langileei, baina eskaera berriak izan dituzte azken hilabetean: KPItik gorako eguneratzeak egitea, soldata arrakala amaitzea, lanaldiak murriztea eta azpikontratatutako langileak gutxitzea. Langileek, aurreko astean egindako kontzentrazioetan, salatu zuten enpresak ez zuela «inolako mugimendurik egin» eta negoziazioa erabat «blokeatuta» zegoela. Baina azken bi egunetan bilera luzeak izan dituzte langile batzordekoek eta zuzendaritzakoek, eta akordio batera iritsi dira.

Ruben Medina langile batzordeko ELAko ordezkariak BERRIAri azaldu dionez, urrian hasi ziren ituna negoziatzen, baina, aurrerapenik ez zegoela ikusita, martxoan grebara joatea erabaki zuten. «Grebarik gabe, ez genukeen ezer lortuko». Zehaztu du hiru aste kostatu zaiela negoziazioekin «benetan» hastea. Ez dute eskatutako guztia lortu, baina gertu geratu direla azaldu du: KPIarekin bat datozen eguneratzeak egitea eta soldata arrakalak ahalik eta gehien txikitzea lortu dute. Adostutakoak taldeko bi enpresetan eragingo duela gehitu du Medinak.

Tankeetarako propultsio sistemak

Sapa Placencia da enpresaren izen ofiziala, negozioak Soraluzen —Placencia de las Armas, gazteleraz— jarritako arma fabrika batzuk dituelako jatorrian: Fundacion de las Reales Fabricas de Armas (1573), Euskalduna (1862) eta The Placencia de las Armas Company Limited (1908). Horiek guztiak erosi eta Andoainen ere (Gipuzkoa) fabrika bat eraikita sortu zen Sapa, 1935ean. Duela gutxi, ikerketara eta garapenera bideratutako planta bat ireki du Ameriketako Estatu Batuetan.

Enpresak tankeetarako propultsio sistemak eta ibilgailu militarretarako energia eta potentzia aparatu elektrikoak egiten ditu, Honeywall AEBetako konpainiarekin elkarlanean. Urteetan hainbat kontratu sinatu ditu Espainiako armadarekin, eta azkenetako bat, Tess Defence partzuergoaren bitartez egina, 2.000 miloi euro ingurukoa izan zen, 8X8 Dragon ibilgailuak egiteko. AEBetako Armadarekin ere akordioak sinatu ditu enpresak, eta Saudi Arabiara, Omanera eta Taiwanera esportatu du, besteak beste.

Enpresak bere zeregina lau haizeetara zabaltzen ez duen arren, haren burua aski ezaguna da: Jokin Aperribai, Realeko lehendakaria. Aitarengandik hartu zuen kargua, eta Aperribai familiako hainbat kidek egiten dute lan enpresan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.