«Haizeak lainoak eroan ditu»

Egoera ekonomikoaren analisi baikorra egin du Miguel Angel Lujuak.Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %2,7 haziko dela eta 22.000 lanpostu sortuko direla uste du Confebaskek

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Udan Confebaskeko presidentetza utzi aurreko azken prentsaurrekoa zuen atzo Miguel Angel Lujuak, eta ate nagusitik joatea erabaki zuen. Azken urteotan ohikoa ez den mezu positiboa zabaldu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronaleko buruak.«Karguan egon naizen denbora honetan guztian baikorra izaten saiatu naiz, baina egia da zaila izan dela. Orain, ordea, haizeak hodeiak eroan ditu, eta hodeieklekua utzi diete eguzki printzei», esan zuen. «Atzeraldia amaitu da, eta krisia ere bukatzen ari da, gutxika-gutxika». 2015erako hazkunde eta enplegu aurreikuspenak igo egin zituen: 2014. urte amaieran, iragarri zuen aurten %1,9 igoko zela barne produktu gordina, eta %2,7 dio orain; orduan, 17.000 lanpostu sortuko zirela zioen, eta 22.000 orain.

Udal eta foru hauteskundeak egin baino lau egun lehenago esan zituen horiek Lujuak, baina argitu zuen ez zuela asmorik kanpainan eragiteko. «Aurkezpen hauek tokatzen denean egiten ditugu, gure aurreikuspenak egin ahala. Beraz, hauteskundeekin ez dauka zerikusirik agerraldi honek». Hala ere, ekonomiaren hobe beharrerako, garbi utzi zuen «egonkortasun politikoa garrantzitsua» dela erakundeek lasai agindu dezaten.

Era horretan, azken bolada luzean gailentzen ari diren adierazpenei jarraipena eman zien patronalak, euskal ekonomia krisitik ateratzen ari dela, alegia. Datu makroekonomiko batzuek hori adierazten dute. Urte amaierarako aurreikusitako %2,7ko hazkunde hori 2007. urteaz geroztik izan den handiena izango da, eta kontsumo pribatuaren eta industriaren bilakaera positiboaren ondorio izango da. «Euskal ekonomiaren sektorerik garrantzitsuenetako bat da industria, eta %3,5 haziko da urtea amaitzen denerako. Horrek eragin zuzena dauka ekonomiaren hobekuntzan». Euskal ekoizleen merkatu nagusiek ere goranzko joera izango dutela aurreikusten da, eta horrek eragin du hein handi batean industriaren hazkunde hori ere. Alemania eta Frantziak ere —Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioen erdiak jasotzen dituzte bien artean— hobetu dituzte euren hazkunde aurreikuspenak, eta Espainiak, berdin. Espainiako merkatuan makineriaren salmenta handitzen ari dela nabarmendu zuen Lujuak, inbertsioak handitzen ari diren seinale.

Goranzko joera horrek lan merkatuan ere eragina izango duela aurreikusi du patronaleko buruak, 22.000 lanpostu sortuko direla. Hau da, langabezia tasa iazko %15,2tik %13,5era jaitsiko da. Datua positiboa dela nabarmendu arren, oraindik 2008an baino 74.000 lanpostu gutxiago egongo direla ere onartu zuen Lujuak.

Egoera hobetzeak zeresana du enplegua erregulatzeko espedienteen gutxitzean. Joan den urtean, 18.302 langileri eragin zien halako erregulazioren batek hiru lurraldeetan, 2013ko kopuruaren erdia. Eta espero dute beheranzko joera horri eutsiko zaiola aurten. Lan gatazkek ere behera egin zuten joan den urtean, eta, «sindikatu batzuen mezuak gorabehera», aurten «minimoetan» dago, iaztik hona %75 gutxitu baitira.

«Ez dugu elkar ulertzen»

Grebak gutxitzeak ez du esan nahi, ordea, patronalaren eta sindikatuen arteko harremanak hobetzen ari direnik. «Ez dugu elkar ulertzen», aitortu zuen. Joan den astean CCOO eta UGTk CEOE eta Cepymerekin soldaten inguruan Espainian lortu zuten akordioa begi onez ikusi du Confebaskek—CEOEko kide da—, eta ekainaren erdialdean egingo duen batzarrera eramango du akordio hori Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara ere ekartzeko proposamena, «euskal idiosinkrasiara egokituta». Ituna egitekotan, ordezkaritzaren herena duten sindikatuekin egin beharko du —CCOO (%19,23) eta UGT (%11,69)— , aurka azaldu baitira sindikatu abertzaleak —ELA (%39,88) eta LAB (%18,34)—. Azken horien kontra jo zuen Lujuak: «Aurkako jarrera hartu dute zer adostu den irakurri gabe. Guk lan egin nahi duenarekin egingo dugu lan». Eragin orokorreko akordiorik lortu ezean eragin mugatuko batekin konformatu beharko dutela ere aitortu zuen. «Baina saiatu behar dugu».

LABen erantzuna

Patronalaren analisi baikorra deitoratu du LABek. «Confebasken kopuru potolo eta hitz ponpoxoen artean, prekaritatea eta lan pobrezia ezkutatzen dira».Sindikatu abertzalearen arabera, «tranpa» egiten du Confebaskek, sortuko omen diren lanpostuak lanaldi partzialekoak eta prekarioak direlako. Gainera, salatu du soldata igoerak oso eskasak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.