Berriztagarriak

Haizea kontra, eta hodei beltzak gainean

Txinako ekoizleen prezio merkeek Europako berriztagarrien sektorea astindu dute, eolikoa zein fotovoltaikoa. Europako Batasunaren erantzuna nahikoa ez delakoan, Nafarroako kluster eolikoak azterketa bat abiatu du, egoeraren larritasuna neurtzeko.

Zarikiegi - Erreniega
Haize errotak ekaitza elekriko batean, Zarikiegin. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko ekainaren 2a
05:00
Entzun

Haizea oso alde dauka, ustez, energia berriztagarrien industriak, eolikoak zein fotovoltaikoak. Klima larrialdiari aurre egiteko energia helburuei begira «giltzarri» dira, Europako Batasunaren arabera: 2030erako energia berriztagarrien instalazioa bikoiztea da asmoa, 204 gigawattetik 500 gigawattera. Eolikoaren kasuan, egungo instalazio erritmoa hamar aldiz handitzea esan nahiko luke horrek. 

Euskal Herrian, hala Eusko Jaurlaritzaren nola Nafarroako Gobernuaren plangintzetan ere islatzen da aldeko haizea: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bost bider handitu beharko du berriztagarrien instalazioak —213 megawattetik 2020an, 1.100 megawattera—.

Nafarroan, berriz, egun ekoizten den argindarraren erdia inguru (%54) berriztagarri bidez lortzen da, baina 2030eko energia planak are gehiago bizkortu nahi du hedatzea: parke eolikoen kasuan, egungo 1,3 gigawattetik bi gigawattera pasatu nahi da; eta, eguzki parkeen kasuan, ezarpena are bizkorrago egin nahi da, hamar bidez handitu nahi baita —178 megawattetik 1.500 megawattera—. 

Ekoizle handiak galeratan

Alta, sektore eolikoak salatzen du egoera ekonomiko zailean dagoela. Europako haize erroten ekoizle handiei begiratu besterik ez dago. Lau enpresa handiek —Siemens Gamesa, Nordex, General Electric eta Vestas— zenbaki gorriak pilatu dituzte azken bi urteetan.

Egoerarik zailena Siemens Gamesa ari da pairatzen. 4.400 milioi euro galdu zituen iaz, eta, lehen hiruhilekoan galeren erritmoa murriztu egin badu ere, turbinekin izan dituen arazo teknikoen ondorioz, lurreko eolikoaren negozioa geldirik dago. Horregatik, asteon aurreratu du 4.100 langile kaleratu nahi dituela, gehienak bulegoetan. Bere kontratuetako asko gelditu izanak gainerako ekoizleek profitatu badute ere, haien egoera ere ez da samurra. Vestas izan liteke salbuespena: iaz 78 milioi euroren irabaziak izan bazituen ere, lehen hiruhilekoan 75 milioi euro galdu ditu berriz.

9.700

Hego Euskal Herriko sektore eolikoa. Siemens Gamesak eta Nordexek lantokiak dituzte Hego Euskal Herrian, eta Ibredrola dago garatzaile handien artean. Beste enpresa nagusien artean daude Haizea Wind, Ingeteam, Barranquesa, MTorres, Enhol, Sener, Sonatec... Orotara, berrehun enpresatik gora dira, eta 9.700 lanpostu sortzen dituzte zuzenean. Nafarroako ekonomiaren %8,5 ordezkatzen du eolikoen arloak, eta EAEn, berriz, 16.000 milioi euro fakturatzen du  —azken urteetan garrantzi handia hartu du itsas parke eolikoen atalak—. 

Fabrikatzaile handien zailtasunak hornidura kate osoan islatzen dira. Nola liteke haizea alde beharko luketenean kontrakoa gertatzea? Eolikoan, proiektuen enkanteetan eta garatzaileen erosketetan Goldwind, Envision eta Txinako beste enpresak nagusitzen ari dira. Errentagarritasunaren bila, Europako ekoizleek osagai merkeagoak kanpoan erosten dituzte, eta, ondorioz, prezioen lehiak hornidura kate guztia estutu du. 

Fotovoltaikoan, berriz, Txinako enpresen lehiaren ondorioz, eguzki panelen zazpi ekoizle handik iragarri dute zenbait lantoki itxiko dituztela —azkena, Alemaniako Solarwatt—. 

Europaren neurriak

Zer egin du Europako Batasunak horren aurka? Batetik, iazko martxoan Europako Batzordeak industriaren deskarbonizaziorako eta emisiorik gabeko teknologien garapenerako legea onartu zuen. Alta, urtebete geroago, oraindik ez da abian jarri —berez hilabete honetan sartuko da indarrean—, eta espero da 2026ra arte ez dela osorik indarrean egongo.

Lege horrek sektore guztietako enpresen deskarbonizazioa sustatuko du: industria prozesuen energia iturriak berriztagarriak izatera behartuko du, eta industria prozesuak elektrifikazioarekin ordezkatuko dira. Hainbat neurri sorta jasotzen ditu Europako berriztagarrien alde: adibidez, estatuek antolatutako argindar enkanteetan irizpide ez-ekonomikoak aintzat hartuko dira, %30 bitartean. 

Bestetik, urriaren 24an, Europako Batzordeak sektore eolikoaren aldeko laguntza paketea aurkeztu zuen. Bertan, sei ardatz orokor ezarri zituen proiektuak bizkorrago zabaltzeko, tramiteak arintzeko, finantzaketa errazteko eta kanpoko lehiakideen praktikak zaintzeko. Abenduaren 19an, 25 estatu kideek egitasmo hori gauzatzeko eta zehazteko konpromisoa hartu zuten.

Martxoan, Europako sektore eolikoak Bilbon egindako WindEurope azokaren testuinguruan, Espainiako Gobernuak sektorearen aldeko plana aurkeztu zuen, eta sei ekintza ildo proposatu. Gainera, apirilean, Europako Batzordeak eguzki panelen sektorea babesteko beste laguntza pakete bat aurkeztu du. 

Azkenik, hilabete berean, Europako Batzordeak iragarri du Txinako turbina ekoizleen praktikak ikertuko dituela. Bost merkatuetako jarduna izango du aztergai —Frantzia, Espainia, Errumania, Grezia eta Bulgaria—. Ikusteko dago zenbat iraungo duen ikerketa horrek eta zer ondorio izango dituen. Susmo handiak daude estatu laguntzei esker prezioak beheratzen dituztela, Txinan lantokiak dituzten Europako fabrikak ez direlako gai salneurri horien kontra lehiatzeko.

Nafarroako enpresen azterketa

Alta, neurriok ez ditu sektorea asebete. Bilboko azokatik itzulita, Enercluster Nafarroako sektore eolikoaren klusterrak ezohiko batzar batera deitu zuen. Iker Txasko klusterreko zuzendariaren arabera, egoera «oso kezkagarria» da, eta Europak emandako erantzunak «ez dira nahikoak»: «Ez du zehazten, mamirik gabekoa da, eta ez du sektorea babesten», kritikatu du. 

Hala, klusterreko 76 enpresa bazkideen artean azterketa bat abiatu dute, egoeraren larritasuna neurtzeko: «Europako fakturazioaren eta enpleguaren bilakaera, etorkizuneko proiektuen inguruko perspektibak, Europako eta Europatik kanpoko lantokien arteko aldeaz galdetuko diegu. Datuekin islatu nahi dugu gure iritzia». Ekainaren amaiera aldera kaleratuko dute txostena, eta, Txaskoren arabera, Nafarroatik kanpoko enpresak ere haren emaitzari begira daude: «Gure azken bala da. Espero dugu eragileen artean erreakzioa eragitea. Bestela oso kezkagarria izango da». 

Halaber, beste azterketa bat egingo dute, Europako neurriak eta Ameriketako Estatu Batuetan, Brasilen, Indian eta Txinan hartzen diren babes neurriekin alderatzeko. Enerclusterrek salatzen duenez, herrialde horietan «neurri zehatzagoak» hartzen ari dira, baita «azkarrago» aplikatu ere. Aldiz, Bruselan luze jotzen du iragarritako neurriak abian jarri arte. Txaskoren arabera, Nafarroako Gobernuaren «babes osoa» du, baina argi utzi du erantzunak batik bat EB mailakoa izan behar duela. Besteak beste, Europan egina (Made in Europe) zigilua sortzea eta bertako enpresen osagaien eta produktuen kuotak ezartzea proposatzen dute.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.