Haizea hotz dator Davostik

Gaur hasiko da Munduko Ekonomia Foroaren urteroko bilera Suitzan. Globalizazioa 4.0 delakoa izango da hizpide nagusia, eta mehatxuz betetako etorkizunari nola aurre egin eztabaidatuko dute.

Ezkortasun giroa da nagusi Munduko Ekonomia Foroa egin aurrean. LAURENT GILLIERON / EFE.
Irune Lasa.
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Mehatxuz betetako etorkizun bereziki iluna aurkeztuz dator aurten Davosko Foroa. «Aldaketaren indarrak», ekonomiaren eta politikaren «inarrosaldiak»,mundu digitalaren ondoan «uzkurtuta geldituko den mundu fisikoa», ekonomiaren «desmaterializazioa», automatizazioak «suntsituko dituen enpleguak», hezkuntza sistema osoa moldatu ezean «algoritmoen esklabo» bihurtzeko arriskua...

Laugarren Industria Iraultzak, mundua aldatu soilik ez, erabat eraldatu egingo duela uste du Klaus Schwab Munduko Ekonomia Foroaren sortzaileak. Iraultza horren eraginez, ekonomia berri bat eta globalizazio olatu berri bat —Globalizazioa 4.0— iritsi direla, eta horri gehitu behar zaizkiola klimaren aldaketa, polo askotariko munduko ordena berria eta desberdintasunen areagotzea.

Haize ezkor horri beste ufada bat gehitu dio Foroa hasi aurretik aurkeztu ohi duten arriskuei buruzko txostenak. Foroko kideen artean egindako inkestaren arabera, datorren urtean gertatzeko aukera gehien dituzten arriskuetan, lehen bostetatik hiru klima aldaketarekin lotutakoak dira —muturreko eguraldiak eragindako jazoerak, klima aldaketa murrizteko munduaren gaitasun falta, eta hondamendi naturalak—. Kalteri handiena eragingo luketen arriskuen zerrendako lehen bost tokietan, berriz, «urari loturiko krisiak» gehitu dizkiete aurreko hiru horiei. Klimaren ingurukoekin batera, lehen postu horietan soilik zibersegurtasuna eta suntsipen masiboko armak agertzen dira.

Eta ezin ahaztu protekzionismorako joerak, merkataritza gerrak, populismoa, brexit-a, Txinaren hazkundearekiko kezkak, motelaldi ekonomikoaren hurbiltasuna eta desberdintasunen hazkundea. Suitzako Alpeetako gain zurituetatik datorren haize izoztua edozein beldurtzeko modukoa litzateke.

Munduaren egoera

Baina, lasai, zerbaitegatik dauka Davosko Foroak Munduaren egoera hobetzeko konpromisoa bere goiburutzat. «Bidegurutze historikoan» gaudela nabarmendu du Schwabek foroaren bezperatan hainbat plazatan, II. Mundu Gerraren osteko urteetara atzera eginez. Orduko hartan, «nazioarteko komunitateak elkar hartu zuen etorkizun partekatu bat eraikitzeko. Orain, berriz egin behar dugu gauza bera», esan du Foroaren sortzaileak.

Eta mundua konpontzeko helburu xume horrekin jarriko dira solasean gaurtik aurrera lau egunez 3.000 bat lagun Suitzan, Davosko mendi estazioan. Horietatik erdiak negozio gizonak eta emakumeak izango dira, eta beste erdia nazioarteko erakundeetako, gobernuetako eta gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariak dira, komunikabideez gain. Egunez munduaren eta ekonomiaren arazoez arduratu eta arratsean xanpainez bustitako luxuzko festa esklusiboetan hartuko dute atseden. Hori ere bada-eta Munduko Ekonomiaren Foroko urteroko bilera.

Arkitektura berria

Mundua konpontzeko lanei dagokienez, Klaus Schwabek azken egunetan azaldu ditu bere ustez«bidegurutze historiko» horretan egin behar direnak. Adibidez, orain egun gutxi plazaratutako iritzi artikulu batean, Foroaren sortzaileak ezinbesteko ikusi du «gobernantza globalaren arkitektura» egokitzea, arau, estandar, politika eta hitzarmen berriekin, «konfiantza publikoari eutsi» ahal izateko; «nazioarteko merkatu askeak eta lehiak» herrialde mailan sortutako desberdintasunak eta ekonomia berriak areagotutako prekarioen eta pribilegiatuen arteko tartea «murrizteko».

Izan ere, Schwaben ustez, «Globalizazioa 4.0. hasi besterik ez da egin, eta dagoeneko ez gaude batere prestatuta». Momentuko krisien kudeaketarako epe motzeko ikuspegia baztertu behar dela dio, eta azpimarratu du, gainera, aldaketa horiek ez direla herrialde edo industria jakin batzuetara mugatuko. «Unibertsalak dira, eta, ondorioz, erantzun globala behar dute», esan du, jarraian apokaliptiko jartzeko: «Ikuspegi kooperatibo berria hartzen huts egiten badugu, tragedia bat izango da gizateriarentzat».

Populismoa

Nahiko argi dago Davosko Foroaren sortzailea populismoarekin kezkatuta dagoela. Horri buruz hitz egin zuen orain gutxi Business Insider-i emandako elkarrizketan. «Ez naiz merkataritza aske hutsaren defendatzaile itsua, begiratzen baduzu hainbat herrialdetan gertatzen ari dena ikus dezakezu atzean utzitako haien matxinadak direla», esan berri du elkarrizketa batean, berehala Mexikoko Andres Manuel Lopez Obradorren hautaketa eta Brasilgo Jair Bolsonarorena aipatuz. «Talde desberdinak dira azkenean, baina neurri handi batean globalizazio prozesuan atzean utzi diren biztanleria zatiek bultzatuta iritsi dira gobernuetara. Beraz, oreka bilatu behar dugu, esku batean mundu ireki bat izanez, eta, bestean gure kontratu nazionalak bizirik mantenduz, herrialdean gizarte kohesioa mantentzen dugula bermatzeko».

«Eta nola egiten da hori?» galdetu zion kazetariak. Bizitza profesionalerako guztiei aukera berberak emango dizkien hezkuntza, genero berdintasun handiagoa izatea... «Gauzahoriek guztiek eragiten dute kohesio sozial handiagoa», Schwaben arabera.

Eta gizarte dimentsioari ez ezik, kultur dimentsioari ere erreparatu behar zaiola esan zuen. «Adibide baterako, Europan, kezka dago herrialde desberdinen kultur ehuna ahuldu egin dela eta. Dimentsio sozialari soilik ez, kultur dimentsioari ere begiratu behar diozu, azken horrek ematen diolako nortasuna jende batzuei. Arrazoi horregatik da immigrazioa horren gai sentibera, lanpostuak kenduko dizkiotela baino gehiago, jendeak sentitzen du bere kultur nortasuna kentzen diotela».

Neoliberalismoarekin eten

Winnie Byanyima Oxfam Internationaleko zuzendari exekutiboak duela hilabete artikulu batean egindako irakurketa beste bat da: «Azken urteetan hainbat herrialdetako politikagintzak nahastu dituen herritarren haserrealdiak eredu neoliberalaren porrotean du oinarri». Eta, Byanyimaren arabera, Globalizazioa 4.0 delakoak «bere onerako» eten egin behar ditu neoliberalismoarekikoak.

«Beldur naiz Davosen biltzen diren negozio eta gobernuetako eliteek ez duten hau erabat ulertu. Eta ulertzen ez duten bitartean, globalizazioak desberdintasuna areagotzen jarraituko du, eta munduan zehar haserrea eragiten». Oxfameko buruaren ustez, Globalizazioa 4.0 horrek narratiba berria ekarri behar du, «azken hamarkadatako abusuzko neoliberalismo estraktiboa eta sexista ordezkatzeko». Byanyimarentzat kooperazio askoz handiagoa behar da gobernuen artean, finantzen, merkataritzaren, soldaten eta zergen arauak berriz idazteko. «Horrela soilik ziurta dezakegu Laugarren Industria Iraultza jende xehearen mesederako izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.