Haitzpe parean etxea

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Aizpea Goenaga Etxeparen hasi orduko, 9.500eko haitzpean aterpetu da Ibex-35 (+%0,97). Antzerkigilearen adorerik gabe, burtsa indizeak indarge eta zalantzakor jarri du etxea, langa baino gehiago haitz gaindiezin bihurtu zaion 10.000 puntuen azpian. Espainiako Kongresuaren erabakiak gorabehera, oraingoan Fitch rating etxeak jaitsi dio Espainiako erreinuari kaudimen kalifikazioa, AA+ mailara; nazioartean itzala handitzeko premia gehiago dauka Espainiaren zorrak, euskal kulturak baino. 1,23tik so da euroa. Astean %0,19 irabazita jaitsi da oihala Olabarri kaleko antzokian, eta, gaitzerdi, Wall Streeteko saioan kontsumitzaileen gastua geldotzeak zenbaki gorriak eragin baitzituen. Merke itxura dute, berbarako, Iberdrolak (+%0,15) 5,46 euroan, Edurnezurik (+%0,64) 15,7 euroan eta BBVAk (+%,1,59) 8,63 euroan. Baina burtsan ere arriskuak hartzen jakitean datza gakoa: etxe paretik dirua akzio zorrora noiz mugitu jakitean.



Cajasur. Andaluziako Cajasur kutxaren porrotak bategite hotzak sustatu dituela bistakoa da. Gironako aurrezki kutxa LaCaixak bereganatuko ote duen zabaldu da, eta CajaMadrid kutxa erraldoiak beste bost kutxarekin bat egiteko asmoa du; tartean dira Errioxakoa eta Kataluniako Laietana. Espainia eta beste zenbait estaturen zorra jaulkitzeko zailtasunekin batera, zor pribatuaren jaulkipena azken hamar urteotako minimoan dago orain. Eta Valentziako CAM aurrezki kutxak %70eko beherapenarekin jarri ditu salgai etxebizitza batzuk. Korapiloak askatzen doaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.