Hainbat laborarik ekoizpen osoa galdu dute ekaitzagatik

Hondamendi naturala deklaratzeko eskatuko dute. Biper sailean, gutxienez ekoizleen laurdenei eragin die ekaitzak

Kazkabarrak osoki suntsitu zituen landareak herenegun. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
«Itsusia izan da, sekula ikusi gabea». Panpi Olaizola Ezpeletako (Lapurdi) ekoizle eta Biper sindikatuko burua etsiturik mintzatu da herenegun izan zuten ekaitzaren ondotik. Bospasei zentimetroko diametroa zuen kazkabarra erori zen Lapurdiko zenbait herritan, eta laborariek ekoizpena galdu dute, partez edo osoki. Olaizolaren hitzetan, gutxienez 47 ekoizle lirateke ukituak biper sailean, ekoizleen laurdenak. Hondamendi naturala deklaratzeko asmoa agertu dute, eta desmasiak izan dituztenei dei egin diete beren aseguruei eta herriko etxeei jasandakoaren berri emateko. Fabrice Rosay Baionako suprefetak erran du eskaera anitz baldin badira Frantziako Gobernuari helaraziko dizkiola.

Ekaitzak pentzean lanean harrapatu zuen Olaizola. «Doi-doietarik iritsi ginen etxera, korrika». Handik ikusi zuten, zuzenean, ekaitzak zer eragin zuen. Sagarrondoak kaltetuak dituzte, baina biper ekoizpenak sufritu du gehien; etxean eta hangarrean ere izan dituzte desmasiak. «Mendian ere, iratzeak eta sasiak suntsituak dira; arkume batzuk hil dira. Alde guzietatik kaka da, begiak baizik ez zaizkigu gelditzen, negar egiteko», kontatu du, goibel.

Orain dela hilabete eta erdi landatu zituzten biper landareak, eta biltzeko prest ziren. «Edo dena berriz hasi, edo amore eman beharko dugu». Batzuek entseatu nahi badute ere, Olaizolak uste du beranduegi dela ekoizpena hutsetik berriz abiatzeko. Ez du dudarik: galera handia izanen da. «Bakoitzak bere kalkuluak egiten ditu, eta bakoitzak duen bolumenaren arabera ere aldatzen da». Sagarretan galdu dutenaz gain, biperrekin bakarrik 70.000 euro arteko galera izan daitekeela uste du. «Gure diru iturri nagusia da».

«Ondoko herri batzuetan, motza izan da, baina Itsasun laurden bat baino gehiago iraun zuen», kontatu du Mikel Hiribarren auzapezak Euskal Irratietako Goiz berri saioan. «Makurrak handiak dira, eta ikusgarriak landare, arbola eta guzietan. Gure eskualdean, landa gehienek dute pairatu, bereziki biper landek; asko berriki landatuak ziren. Eta baratzeak, barazki egileak eta arto alorrak ere — guztiz gehienak— xehatuak izan dira. Pentsatzen dut leku batzuetan belarrak ere etzan baino gehiago xehatu dituela, bakan gertatzen den bezala».

Parisera begira

Auzapezaren hitzetan, gereziondoek eta bestelako landare eta zuhaitzek ere izan dituzte kalteak. Kanpoan ziren animaliek ere bai. Azkenik, hainbat auto eta etxetan ere izan dira ondorioak. Hiribarrenen hitzetan, ekaitzaren ondorioz kalteak izan dituztenek aseguruei jakinarazi behar diete lehenbailehen, kalteak frogatzen dituzten argazkiekin. Baina laborariek herriko etxeetara jo behar dutela zehaztu du, horren bidez egiten ahalko dutela hondamendi natural gisa deklaratzeko eskaera. «Baionako suprefeta mintzatu da gurekin. Erran digunez, herritarren eskaera anitz baldin badira eskualdeko hondamendi naturala deklaratzeko, orduan berak du gorago eskatuko Frantziako Gobernuak hala izenda dezan».

Konfiantza gutxi agertu du Olaizolak Frantziako Estatutik etor litezkeen laguntzen harira. «Nik ez dut sinesten». Iazko udan izan zen idortearen ondotik ezarri zuten protokoloa aipatu du adibide gisa. «Laborari anitz baztertu zituzten: ez dugu zentimorik eskuratu». Haren arabera, Lapurdiko ekoizleen artean, herek ere ez dute laguntzarik izan. «Ezagutzen dut kasu bat 30.000 euroko gastua izan zuena bazka faltagatik, eta ez diote fitsik eman». Bestelako iniziatibarik izan litekeen galdetuta, etsiturik erantzun du: «Oraingoz ez dut indarrik horrelakoetan pentsatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.