Hain hurbil, hain urrun

Prekaritatearen eta soldata eskasen kontrako mezuak zabalduko dituzte bihar sindikatuek Maiatzaren Lehenean. Protesta gehienak, bananduta

Iazko Langileen Nazioarteko Egunaren irudi bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
Donostia
2016ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nor bere bidetik, konforme. Sindikatu gehienek bananduta baina eskaeretan bat eginda ospatuko dute bihar langileen eguna. Prekaritatearen, soldata apalen eta lan baldintza kaxkarren aurka oihukatuko dute kaleetan. Erabakiguneak galtzea eta «industria politikarik eza» arbuiatuko dute, ozen.

ELA

Sindikatuen garrantzia

Ohi duen bezala, Bilbora eta Iruñera joko du ELAk Maiatzaren Lehenean, Gehiago balio dugu leloarekin. Adolfo Txiki Muñoz idazkari nagusiaren mitinak emango dio hasiera Bizkaiko hiriburuko mobilizazioari, 11:45ean, Jesusen Bihotza plazan. Jarraian, manifestazioa egingo dute Plaza Biribileraino. Iruñeko martxari, berriz, 11:30ean ekingo diote, Gurutzeko plazatik Udaletxe plazaraino. Sindikatuen garrantzia aldarrikatuko du Euskal Herriko sindikatu nagusiak: «Argi dugu langile klase antolatua dela indarra ematen diguna». Erabakigunei eustearen «premia» ere azpimarratuko du.

LAB

Independentzia ardatz

«Benetako alternatiba subiranista eta men egiten ez duena» eraikitzeko bidean, hainbat protesta antolatu ditu LABek Euskal Herri osoan, Langileok martxan, eskubideak aktibatuz! lemapean. Donostia, Gasteiz, Baiona eta Iruñeko eguerdiko mobilizazioez gain, altzairuaren krisiak gehien zigortutako herrietan manifestatuko da: Zumarragan (12:00), Sestaon (12:30) eta Amurrion (12:00). Nafarroan ere berebiziko indarra jarriko du. Tuterak, Tafallak, Altsasuk, Agoitzek, Doneztebek, Lizarrak, Zangozak, Oionek, Eibarrek, Donibane Lohizunek edota Maulek hartuko dituzte eredu aldaketa baten aldeko protestak.

CCOO ETA UGT

Negoziazio kolektiboari so

Urteotako ohiturari eutsi, eta elkarrekin irtengo dira kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Soldata txikien eta pobreziaren aurka lelopean. 11:30ean hasiko da Bilboko martxa, Kale Nagusitik; 12:00etan Gasteizkoa, Andre Maria Zuriaren plazatik; Donostiakoa, Alderdi Ederretik; eta Iruñekoa autobus geltoki zaharretik. CCOO eta UGT kexu dira austeritate neurriek ez dutelako lagundu krisia gainditzen, kontrakoa baizik: «Hazkunde motela, enplegu urria eta prekarioa baino ez dute ekarri». Negoziazio kolektiboa dute aberastasuna birbanatzeko bide egokitzat, eta sektoreko itunak eskatuko dituzte. Langabezia saria hiru urtera luzatu nahi dute.

STEILAS, ESK, CGT ETA CNT

Eskubideak berreskuratzea

Hegoaldean ordezkaritza txikiagoa duten sindikatuek elkartuta ospatuko dute Maiatzaren Lehena. Steilas, ESK, CGT eta CNT sindikatuek protesta bateratua egingo dute Bilbon, 11:30ean, Kale Nagusitik abiatuz. DesprekarizaTU! leloa hautatu dute. LSBk ere ordu eta toki berean hasiko du martxa, bere kasa. Estualdi ekonomikoaren ostean, langileen eskubideak indartzeko exijituko du Zure eguna, zure eskubideak leloarekin.

CGT, SOLIDAIRES, FSU ETA FO

Lan kodearen aurka, kalera

Baionan, Hendaian eta Maulen egingo dituzte Frantziako lan kodearen erreforma salatzea ardatz edukiko duten manifestazioak. Sindikatuak ez diren beste talde batzuek ere protestara deitu dute biharko, tartean Bizi elkarteak. 10:30ean Baionako tren geltokitik hasita, kexua eta umorea uztartuko ditu, «Valls, Hollande eta Macronen politikak sostengatzeko» egingo duen aberatsen manifan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.