Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi izandakoak atzo epailearen aurrean deklaratu zuenez, ez zion berak Europako Batzordeari itauna egin Bizkaiko Aldundiak Habidite enpresarekin 2006an sinaturiko laguntza akordioen inguruan, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak baizik —egun bera da epaitegi horretako presidentea—. Jabyer Fernandez enpresariak, garai hartan Habiditeko buru zenak, berriz, bere burua «salatu» izana egotzi zion aldundiari. Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiaren ebazpena erabakigarria izan zen Habiditeren proiektua gelditzeko.
Biek lekuko gisa deklaratu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lehen aretoan, atzo, Habidite Technologies enpresak Bizkaiko Aldundiari eginiko kalte-ordainaren eskaeran. Habiditek 31 milioi euro eskatu ditu 2006an Alonsotegin modulukako etxebizitzak eraikitzeko lantegi bat abian jartzeko akordioak bete ez zirelako. 2012an, Europako Batzordeak ebatzi zuen akordio horiek estatu laguntzak zirela, eta, enpresarien ustez, hori jakin beharra zeukan aldundiak. Ordurako, baina, Habiditek inbertsio handia egina zuen. 2015ean, aldundiak helegitea jarri zuen Europako auzitegian, baina epaileak Batzordearen ebazpena berretsi zuen.
Bilbaoren eta Fernandezen deklarazioek behin baino gehiagotan egin zuten talka. Enpresariakazaldu zuenez, hark Bilbaori bidalitako gutun batek eragin zuen aldundiak txosten juridikoa eskatu izana Europako Batzordeari. 2009ko otsailean bidali zion eskutitz hori, eta, bere ustez, hark bien arteko harremana «markatu» zuen: «Inflexio puntu bat izan zen. Ordurako, nik sumatua nuen ez zegoela lantegia eraikitzeko asmorik. Pertsonalki hitz egin nuen Bilbao jaunarekin eskutitz horri buruz. Horren ondoren, [EAJren] Euzkadi Buru Batzarreko kide batzuekin bildu nintzen Portugaleteko hotel batean, eta ez nuen beste berririk izan». Eskutitzaren ondoren Bilbao «jazarri» egin zitzaiola salatu zuen enpresariak, eta Habiditek «kalteak» jasan zituela. Akusazioko abokatuak azaldu zuenez, eskutitzean Fernandezek Bilbaori jakinarazi zion kezkatuta zegoela lantegia eraiki beharreko orubeko lanetan zegoen atzerapenarengatik, eta balizko kalte-ordainak aipatu zizkion. Kontuen Epaitegiak handik bi hilabetera jo zuen EBra.
Orubea Europako Batzordeak estatu laguntzatzat jotako akordioetako baten oinarria da. Aldundiak eta Bizkailur enpresak Alonsotegin orube bat erostea erabaki zuten, eta urtebeteko epean hura Habiditerentzat egokitzea. Horretarako, Cadaguako autobidean mugitutako lurrak erabiliko zituzten, eta Habiditek geroago erosiko zion orubea aldundiari. Bigarren akordioa, berriz, Habiditeri 1.500 etxebizitza erosteko konpromisoa zen, gero Jaurlaritzak saldu zitzan.
«Ez naiz Superman»
Bilbaok, baina, «ez du oroitzen» eskutitz hori jaso izana: «Ahaldun nagusiaren kargua duzunean, egunero mezu asko jasotzen dituzu. Jasoko nuen agian, baina ez naiz oroitzen». Era berean, ukatu egin zuen Europari eginiko itauna ekimen pertsonala izan zela. «Ez naiz Superman: ezin nituen ardura guztiak hartu», erantzun zuen. Habiditeko abokatuak galdera asko egin zizkion akordioen prozeduraren inguruan, eta xehetasunekin ez zela oroitzen erantzun zien gehienei. «Hamahiru urte pasatu dira, eta ni ere adinean gora noa», defendatu zuen bere burua. Orubeaz ere galdetu zioten, eta esan zuen ez dakiela «ezer» lurrak konpaktatzeari buruz, eta ez zuela agindu lurrak eramateari uztea.
Atzoko saioaren ondoren, bi aldeek euren ondorioak idatziz bidaliko dizkiote epaileari, eta ebazpenaren zain geldituko dira. Helegitea aurkezteko aukera egongo da. Akusazioak jakinarazi zuenez, kalte-ordain eskaera bide administratibotik ere egin dute.
Habiditek jasotako laguntzen txostena Kontuen Epaitegiak eskatu zuela esan du Bilbaok
Bizkaiko ahaldun nagusi ohiak ukatu egin du berak jo zuela Europara. Bere burua «salatu» izana egotzi dio Jabyer Fernandez enpresariak aldundiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu