Guuk telefono konpainiak berretsi du Euskal Herrian errotzeko helburua duela

Lehen urtean 17.000 bezero lortu ditu. Jabea kanpokoa izan arren, azpimarratu du euskal erakunde eta enpresekin lankidetzan arituko dela

Guukeko buruak, Bilbon atzo eginiko prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Ekonomiarentzat zaila izan den urte batean hasi zuen bere ibilbidea Guuk telefonia operadoreak, baina bere lekua egitea lortu du. Soilik Hego Euskal Herrian ematen ditu zerbitzuak, eta 17.000 bezero lortu ditu urtebetean. Dagoeneko bosgarren marka da Hegoaldean, eta enpresak bi urteko epea eman dio bere buruari errentagarria izaten hasteko. Lehen urtean 7,9 milioi euro fakturatu ditu: batez beste, 50 euro hilean zuntz eta mugikorreko bezero bakoitzeko, eta 10-12 euro mugikorreko. Konpainiaren helburua da 2026rako Hego Euskal Herriko merkatuaren %5-10 bitarteko kuota lortzea. Guukek saltokiak ireki ditu lau hiriburuetan, eta 200 puntu baino gehiago ditu zerbitzuak merkaturatzeko .

Talde indartsu bat du atzean Guukek: Masmovil; harena da konpainiaren %60. Masmovilek egoitza Donostian duen arren, Madrildik gidatzen dute, eta Jersey uharteko funts baten mende dago. Masmovilek erosi berri du Euskaltel, hain justu. Guukeko arduradunentzat, bi konpainiak «bateragarriak»dira. «Denborak bakoitza bere lekuan jarriko du», esan du Juanan Goñi kontseilari ordezkariak. Jon Ander de las Fuentes presidenteak, berriz, azpimarratu du Euskal Herrian errotzeko helburua duen proiektua dela haiena: «Geratzeko etorri gara, eta emaitzek erakusten dute merkatuak hemen nahi gaituela».

De las Fuentesek esan duenez, lehen urtean «gainditu» egin dituzte ezarritako helburuak, eta kontsumitzaileen harrera ona nabarmendu du. Haien «beharretara» egokitzen den enpresa dela azpimarratu du, «eskaintza argi eta errazetan» oinarrituta dagoelako, prezio aldaezinekin eta iraunkortasunik gabeko kontratuekin, «orain arte inoiz ikusi gabekoak». «Sektorearen joko arauak aldatzera etorri gara», esan du De las Fuentesek.

Beren 17.000 bezeroen %30 berriak dira telekomunikazioen merkatuan, eta gainerako % 70 beste konpainietatik erakarri dituzte. Bezeroen % 74k mugikorreko eta etxeko zuntzezko zerbitzuak kontratatu dituzte. Batez beste, lau produktu bezero bakoitzeko; hortaz, 60.000 zerbitzu baino gehiago eskaintzen ditu jada, telefono finkoa, zuntza, mugikorra eta telebista kontuan hartuta.

Babesletza «eredu berria»

Enpresako arduradunek azaldu dutenez, Euskal Herrian «errotutako« enpresa bat da Guuk, eta nabarmendu dute bertako bi bazkide daudela kapitalean: Nafarroako Rural Kutxa eta Elkargi berme sozietatea. «Horrek gure proiektua eta irauteko nahia bermatzen du», adierazi du Goñik. Gaur egun, akzioen %60 Masmovilen esku daude; %25 Dominion inbertsio funtsarenak dira; %10 Nafarroako Rural Kutxarenak dira, eta %5, Elkargirenak.

Guukeko buruzagiek adierazi dute «lankidetza filosofia hori» beste esparru batzuetara eraman nahi dutela. Egungo babesletza eredua «agortua» dagoela eta «mantentzen zaila» dela iritzita, «bestelako formula bat» proposatu dute: «bazkide digital disruptiboarena». Goñik azaldu du zertan datzan hori: «Tresna teknologikoak garatzen ditugu haientzat, beren prozesu operatiboak errazteko, gizartearekiko lotura hobetzeko eta zabaltzeko; luzera begira baliabide propioak sortzeko aukera ematen die horrek». Erakunde hauekin ari dira lanean: Baskonia saskibaloi taldea, Uvesco taldea, Matia Fundazioa, Iruñeko Alde Zaharreko merkatarien elkartea eta Donostiako Jazzaldia, besteak beste.

Horrez gain, Guuk izan da 5G teknologia eskaini duen lehen euskal operadorea. 2020ko irailean hasi zuen prozesua, eta hil honen amaierarako erabiltzeko moduan egongo da teknologia hori Hego Euskal Herriko 30 bat udalerritan, lau hiriburuak barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.